Kantabriar mendikatea. Casasuertes - Corcadas (2.048 m) - Portilla de La Reina. Pandetrave mendatea (1.562 m) - Verdes de Cable (2.048 m) - Panderruedas mendatea (Caldevilla)

—Asteburua,
2000ko ekainaren 10-11n—


 Kantabriar Mendikatean


Mendikatea honetako mendi, tontor eta bailara adierazgarrienak bisitatuz, bi ibilbide egitea proposatzen dizuegu.

Lehenengo egunean, CASASUERTES eta PORTILLA DE LA REINA herriak elkartzen saiatuko gara, hiru lepo zeharkatuz eta CORCADAS (2.048 m) mendira igotzeko aukera emanez. Bigarrenean ordea, Valdeón bailararen inguruko PANDETRAVE eta PANDERRUEDAS mendateak elkartzen saiatuko gara, GABANCEDA eta VERDES de CABLE gainak gaindituz.

CASASUERTES (1.240 m).
Herrixkatik irten eta PROMAYOR bailaratik gorantz —Ekialderantz— doan pistatik COLLADO DE LA CRUZ (1.530 m) leporantz ibiliko gara. Lepo honetatik CORCADAS (2.048 m) tontorrera igotzeko aukera dago.

Lepora itzultzean, sakonune batera jaitsi eta isatsez inguratutako bidezidor batetik, belarrez estalitako ordoki batera eta COLLADO DEL MEDIO (1.490 m) lepora iritsiko gara. Lepo hau basoan barrenean sartuta dago. Basotik ibili, jaitsierari ekin eta EHUN URTETIK GORAKO HARITZAren (ERREFERENTZIA PUNTUA) ondotik pasatzen den bidezidorra jarraituko dugu. Zidorra uholde batean amaitzen da. Bestaldera igaroko gara, metro apur batzuk igo eta hegi erdian igotzen duen CODES (1.530 m) leporako bidetik ibiliko gara. Geroago, pista batetik oso aldapa gogorrean, erreka batek zeharkatzen duen zelaigune batera jaitsiko gara.

Pistatik jarraitu dugu eta oraingoan bidegurutze bateraino igoko gara eta bertatik jaistea baino ez zaigu falta PORTILLA DE LA REINA herrira iristearren, PANDETRAVE mendatea eta herria elkartzen dituen errepidean bertan amaituz.

PANDETRAVE MENDATEA (1.562 m)
GABANCEDAko kare-harrizko gaina mendatearen sartaldetik azaltzen da. Igoera, mazela samur eta berde batetik egingo da, basoaren guren gorena inguratuz.

Kordalaren gainera iritsitakoan, MUGARRI batekin (ERREFERENTZIA PUNTUA) topatuko gara eta berezi samarrak diren harkaitz talde bateraino iritsiko gara. Hemendik aurrera, Gabanceda gaineranzko igoerari ekingo diogu, ezkerrerantz desbideratuz eta isatsak (erratzak egiteko erabiltzen ziren landareak) saihestuz.

Azkeneko zatia, erabat garbia eta aldapa gogorrak dituenak tontorrerako (2.036 m) bidea erakutsiko digu. GILDAR eta CEBOLLEDA mendien gailurreriaren bista ikusgarri eta ederrak.

Aurrean VERDES DE CABLE gaina dugu eta bertarantz abiatuko gara. Tontorraren ertzetik jaitsiera gogor bati ekinez, PEÑAS BLANCAS leporaino iritsiko gara, eta MOLTÓ muinotxoa zeharkatuz kordalaren punturen baxuenean aurkituko gara (1.830 m).

Orain MIM-rantz igoko gara, 1.993 m-ko kotarantz hain zuzen, VERDES DE CABLE (2.014 m) mendiaren gailurreriarekin topo egin ahal izateko. VALCARQUE bailararen bistak, eta batez ere Cable bailararenak, nondik jaitsiko garen. Urruntasunean, Panderruedas mendatea ikusten dugu.

Jaitsieraren lehen zatia ez da batere erosoa, bailarako zelaietaraino iritsi arte, bide nabarmenik barik isatsez eta harriz estalitako lur azaletik egingo baitugu. Gildarretik jaisten den errekastora hurbildu eta aterbe txiki batekin topatuko gara. Errekaren ondotik higituko gara, bailaratik jaisten den eskuineranzko pista batekin topatu arte. Aurrerago, bidegurutze batean hiru biderekin topatuko gara:

Lehenak ezkerrerantz jotzen du, PANDERRUEDAS mendaterantz abiatuz. Bigarrenak zuzen aurrerantz jarraitu, Posada de Valdeón herrira iritsiz. Biak luzeak dira, eta horrexegatik ERDIKOA HARTUKO DUGU (EZ DU INDIKADORERIK). Pista hau azkartxo jaisten da Posada de Valdeón-Panderruedas mendaterako errepideraino. Pista honetxetik bi bat kilometro jaitsiz, CALDEVILLA herriraino jaitsiko gara, non bertan autobusa zain izango dugun. Inguruetan bailarako hiriburua, hots, POSADA DE VALDEÓN dago.


 Kartografia


  • Picos de Europa y Costa Oriental de Asturias. Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1