Urdazubi - Otsondo mendatea (632 m) - Alkurruntz (932 m) - Amaiur

—Igandea,
2000ko otsailak 13—


 Urdazubitik Amaiurreraino, Donejakue Bideko
 adar batetatik jarraituz


Santiago Bidea

Gaur korritu behar dugun ibilbidea Nafarroako lur-eremuetatik ibiliko da, mendeetan zehar erromes ugariek egin zutena, Frantzia, Euskal Herria eta Espainiako iparraldea alde batetik bestera ibiliz Santiago de Compostelako katedralean Jainkoaren barkamena eskatzearren. DONEJAKUE bideko adarretako bat jarraituko dugu hain zuzen, Frantziatik eta Iparraldetik —Baionatik igaroz— etorri eta Nafarroa garaian sartzen zena Urdazubiko mugatik igaroz. Bidea aurrerago Otsondo mendate estrategikotik pasatzen zen, eta geroago Baztan bailara zeharkatu eta Belate aldera jo (bertan XII. mendeko erromes-ospitalea eta monasterioa ikus daitezke); azkenik Iruñean, bide nagusiarekin bat egiten zuen. Bidearen lekuko isilak, hor dira Amaiur kale-herria, bere elizako kruzeroa —1695. urtekoa— eta Urrasun-Santiago baseliza, hondatua eta zoritxarrez zaindu gabea.

URDAZUBI (95 m).
Plazatik atera ondoren, ezkerraldetik irteten den pista bat hartuko dugu; baita pixka bat geroxeago ibai gaineko zubi bat zeharkatu ere. Ondoren, lurrez estalitako pista batetik, alboetan arrasto eta gezi horiak dituen bidetik, jarraituko dugu: markok Donejakue bidean gabiltzala seinale argia dira. UR-DEPOSITU baten ondotik igaroko gara. Bidegurutze batean, erdiko bidea hartuko dugu, betiere bidea markatzen dituzten marka horailak jarraituz.

BUNKER batekin topatuko gara, inguruan diren horrenbestean artean, gerra ondoko militarrek lur hauek okupaturiko arrasto isilak: —Alkurruntz E-ko— GORRAMENDI mendia bezala, amerikarrek instalatutako komunikazio basea hain zuzen, edota —IE-an— kokatzen den ARTZAMENDI gaineko komunikazio pantaila erraldoia bezala, bien instalakuntzak urrunetik ikus daitezkeelarik. Piska bat aurrerago markak utzi eta aurkitzen dugun pistatik jarraituko dugu. Arrazoia zera da, zuhaitz batzuen mozketak sorturiko oztopoaren saihestu beharra. Oinez jarraituko dugu eta azkenik OTSONDO MENDATEra iritsiko gara. 632 m. MUGAIRItik DANTXARINEA bitarteko errepidea. Atsedenlekua bertan.

Otsondo mendatean Donejakue bideko marka horiak behin-betikoz abandonatuko ditugu. Zelai batzuetatik jarraituko dugu, gure ezkerrean beti errepidea, eta eskuinean bidea mugatzen duen alanbre-hesia utziz. Berehala, LIZAR-MEAKA lepora ailegatuko gara (550 m); atseden- eta merenda-lekua bertan. ORABIDEA aldera doan asfaltozko pista ere bertatik har daiteke; ondoren, gure eskuinetik doan pista beretik jarraituko dugu eta 500 metro baino ez gara ibiliko. Hemen pista abandonatu eta ezkerrerantz hartuz, ALDAPA OSO GOGORREAN, maldarik handiena erakusten duen Alkurruntz piramidea iparraldetik igoko dugu. ALKURRUNTZ gaina (932 m). Baztan bailara eta Amaiur herrixka gaineko begiratoki aparta. Hala da, izan ere Alkurruntz gaina begiralekua izan baitzen gerra ostean. Tontorreko bunkerra horren seinale da.

Eskuinerantz jaitsiko gara ESKOSKO lepora iritsi arte; bertan beheranzko pista zabal batekin topatuko gara. Lepotik gora, BETARTE Haitzetara igo daiteke, ondoan baitago. Minutu batzuk ibili ondoren, eskuineranzko bide bat hartuko dugu, hondatuta dauden txabola batzuetatik pasa eta azkenik, jaitsieran, errepideraino iritsiko gara. Errepidea zeharkatu eta pistatik jarraituko dugu. Zubi bat zeharkatuz SAINDUA izeneko ermita batera ailegatuko gara; azkenik eta labur-laburrean AMAIUR herriraino iritsiz.

Ezin daitezke aipatu gabe utzi herri honetan aurkitzen diren monumentu ugariak, kalea irekitzen duen PUNTU ERDIKO ARKU handia, orain dela urte batzuk kamioi batek maniobra samur batean erabat apurtu zuena... eta herriaren ekimenez berreraikia, azken finean herriaren sinboloetako bat da; bere ETXE EDERRAK ere aipatu behar dira, Baztan haraneko armarri ederrez apainduak eta MONOLITOA, 1522. urtean herriko muinoaren gainean zegoen gotorlekuaren aztarna eta oroimena, gotorleku honetan defendatu baitzuten nafarrek Nafarroako erreinuren azkeneko askatasun uneak, Gaztelako gudarosteen aurrean independentzia galduz. Monumentu hauek guztiak ikus ditzakegu, bisita bat merezi dute-eta.


 Kartografia


  • Baztan - Bidasoa. Eskala: 1:40.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1