Garobel-Salbada Mendia. Lendoño Goitia (440 m) - Tologorri (1.196 m) - Ungino (1.094 m) - Añes

—Igandea,
2000ko apirilak 9—


 Garobel Menditik ibiliz


Burgos herrialdearekin muga egiten duen SALBADA edo GAROBEL MENDIA, UREN BANALERROAren 10 kilometrotan zehar zabaltzen ditu bere gailurreria malkartsuak, ekialdeko URDUÑAKO LEPO, eta mendebaldean dagoen ANGULOkoaren artean kokatuz. Garobel goi-zabaldia iparraldeko ESKUTXI (1.190 m) gaineko puntaren puntaraino iristen da. Azkeneko tontor honek baditu bigarren mailako bi gain erraldoi, alde batetik zein bestetik bere burua mugatuz: ARO (1.127 m - Peña de Aro izenez ere ezaguna) —ANGULO herriaren bertikalean kokaturik dagoena—eta UNGINO gaina (1.094 m) —MADARIA herriaren gain gainean dagoena hain zuzen. Garobel edo Salbada Mendiko beste gain garrantzitsu batzuk honakook dira: NERBINA (920 m), TXARLAZO (927 m) eta URIETA (1.133 m).

Aurreko ibilaldian, ARKAMU MENDIAn egin genuenekoan bezala, gaurkoa ere Eusko Jaurlaritzaren ENERGIA EOLIKOAREN LURRALDE PLAN SEKTORIALean kontuan hartutakoa dugu, hots, zentral eoliko erraldoi bat eraiki nahi dute etorkizun hurbilean. Hori dela eta egun ahalik eta hoberen aprobetxa dezazun gomendatzen dizugu, izan ere baliteke etorkizunean Mendia horrela berriz ezin izan ikustea.

LENDOÑO GOITIA (440 m).
URDUÑAko auzoa den LENDOÑOtik seiehun bat metrotara gutxi gorabehera, marka horiz zedarriztatuko pista-bide mistoa hartuko dugu. Basoan barrena goxoki joango da bidea goranzko norabidean. Bidegurutze batean bada zuhaitz erori bat, eta bertan ezkerrera joko dugu, apur bat geroago eskuinera hartuz; bidean "HERREN HARRI"-aren ondotik igaroko gara. Jarraian erripa gogor bati aurre egin beharko diogu. Pagaditik irteterakoan, bailararen eta TOLOGORRI gainaren bista ederrak eskaintzen dituen zidor polit batetik ibiliko gara. Aldapa oso gogorra zeharkatzen du zidorrak, eta apurka leporantz inguratzen da. Lepotik behera ur-jauzi handi eta eder bat ikus daiteke.

Lepora iristerakoan, langa bat zeharkatu eta eskuinetik jarraituko dugu; bidean ITURRIGORRI izeneko iturri emankorra dago. Igoera samur bat gainditu ondoren, TOLOGORRI (1.196 m) gaineraino iritsiko gara. Buzoia eta erpin geodesikoa. Kordaletik ibiliz —marka horiak jarraitzen ditugu—, MENERDIGAKO TXABOLEN ondotik pasatuko gara eta gailurreriatik igaroz, MENERDIGA ATEraino (langa) iritsi. Lepoa. Lepotik behera, erripa erraldoia gaindituz, zidorra jarraituz gero MADARIA ETA AGINAGA herrietaraino eramango gintuzke.

Baina gu punta alderantz joango gara eta paisaia arras ederretik ibiliz, belarrez estalitako malda luze eta gogor bat gainditu ostean UNGINO (1.094 m) gaineraino iritsiko gara. Buzoia eta erpin geodesikoa. Puntan bertan "UNGINOKO BEGIA" ikus daiteke, harrian AIARA bailararako leihoa irekitzen digun zulo handia hain zuzen.

Putzu bateraino jaitsi eta ESKUTXI mendiko hegian agerian dagoen kobazulo bateraino iritsiko gara. Kobaren gainetik igaroz ESKUTXI (1.180 m) tontorreraino ailegatuko gara. Bi erpin geodesiko gainean, ia bata bestearen ondoan, handiena puntan bertan dagoelarik.

Hortik, ARO gaineraino ibiliko gara, eta bertatik ARO ATEraino (lepoa) iritsiko gara, non SAN BITORES omenezko arku edo monumentu gisako ermita dagoen. San Bitores-en monumentutxoak burua ebakita du, santuak bere burua eskuetan duelarik. Ermitaren ondoan, bada megalito bat, trikuharri edo tumulua lapurreta izan zuela ematen duena. AROpean, eskuinetik ibiliko den pista batetik jarraituz; jaitsiera gogorrean bailararantz jaitsiko gara. Bide erdiko bidegurutzean, ezkerrerantz hartu beharko dugu AÑESera joan ahal izateko. Eskuineko bidea LEXARTZUra baitoa. Esan bezala, ezkerretik hartu eta AÑESera iritsiko gara. EUSKAL ARTZAIN ZAKURrak (GORBEIAko arraza) duten baserrien ondotik igaroz elizaraino helduko gara.




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1