XVIII. Ostadar Mendi Astea (Zumarraga - Urretxu)
HUASCARÁN
—Iñaki Alvarez, Jon Maroto, Xabier Ormazabal —

Peruko gailurrik altuena igo ondoren, Iñaki Alvarez, Jon Maroto eta Xabier Ormazabal etxean dira. Gehienok dakizuen bezala, Jon Marotori eskuetako behatz batzuk izoztu zitzaizkion, baina Zaragozako ospitalean aste batzuk eman ondoren, duela asteburu pare bat itzuli zen etxera.

Denboraldi batez kaltetutako behatzak zaindu behar dituen arren, guztiz sendatuko da eta hiru mendizaleak datorren urteko espedizioa buruan dute jadanik. Jon etxera itzuli eta hurrengo egunean izan genuen beraiekin eta datorren urtean Errusiako Komunismo mendira joateko asmoa dutela esan ziguten.

  • Nolatan erabaki zenuten Peruko Huascarán mendira joatea?

  • Betidanik mendizaleak izan gara, baina elkar ezagutu genuenean eskalatzen eta alpinismoa egiten hasi ginen. Azkeneko bi urteetan Alpeetan izan gara, Mont Blanc, Cervino eta Monte Rosa igo ditugu, eta aurrerapauso bat emateko gogoa genuen. Egokiena sei milako bat egitea zela pentsatu genuen eta Hegoameriketara joatea erabaki genuen. Hasieran Boliviara joatea pentsatu genuen, baina hango mendiak igotzeko erraz samarrak dira eta gure asmoa mendi zaila eta altua egitea zen. Hori dela eta, Peruko Huascarán hautatu genuen.

  • Bidaiaren antolaketak makina bat buruhauste emango zituen...

  • Ezagutzen ez duzun leku batera joaten zarenez antolaketak lan izugarria ematen du. Hasieran hainbat liburu irakurri genituen eta ondoren Felipe Uriarte eskalatzaile eta gidariarekin jarri ginen harremanetan. Berak urtero egiten ditu espedizioak Huascaránera, baina guk informazioa soilik nahi genuen, ez genuen gidaririk nahi. Izan ere, gure filosofia mendietara gu bakarrik joatea da. Gidariarekin eta zamaketariarekin joanez gero, egin behar duzun bakarra ibiltzea da eta erabakiak ez daude zure esku. Gainera, oso garesti irteten da. Felipek informazioa eskaini zigun eta hegaldia eta bitartekariak lortu zizkigun. Bitartekariek Perun alde batetik bestera ibiltzen lagundu ziguten.

    Juanjo Aranburuk dio...

     

  • Nola joan ziren Perun eman zenituzten egunak?

  • Hegazkinak Liman utzi gintuen eta ondoren 3.000 metrora dagoen Huárazera joan ginen, non egun batzuk eman genituen altuerara egokitzeko. Bertatik Ishinca azpian (4.500 metrora) dagoen kanpamentu basera joan ginen asto batzuen laguntzaz. Bertan geundela, altuerara egokitzeko asmoz, Urus (5.420 m), Ishinca (5.530 m) eta Tocllaraju (6.032 m) mendiak igo genituen motxila bizkarrean generamala. Kanpamentu honetan eman genituen lehenengo egunak oso gogorrak izan ziren, altuerara egokitzea lortu genuen arte. Gainera, lau egunetan hiru mendiak igo eta Huarazera itzuli ginenez, nahiko nekagarria izan zen. Normalena Tocllarajutik jaitsi eta lehen kanpamenduan edo oinarrizkoan lo egitea izaten da, baina guk Huárazera joan nahi genuen, ondo lo egin eta ondo jatera. Bertan bi egunetan atseden hartu genuen eta Huascaránera irten ginen.

  • Nolakoa izan zen Huascarángo igoera?

  • Normalena bost egunetan igotzea izaten da, baina guk zorte txara izan genuen eta zazpi behar izan genituen. Kanpamendu basetik zuzenean lehen kanpamendura joan ginen, baina bertan sekulako haizea egiten zuen eta Campo Morrenara jaitsi behar izan genuen, hala egun bat galdu genuen. Hemendik segidan bigarren kanpamentura joan ginen eta gailurrera igotzeko lehen saiakera egin genuen. Baina bigarren kanpamenduan ez zegoen inor, sekulako haizea egiten zuen eta galdu egin ginen. Haizea baretu zenean gidariak iritsi ziren eta bidea markatu zutenez gu ere gorantz atera ginen. Goizeko ordu batean atera ginen eta hotz jasanezina egiten zuen (-30º inguru). Eguzkia atera zenean zertxobait berotu zuen, baina iritsiko ginen edo ez zalantzan geunden. Izan ere, bide normalean, pitzadura bat agertu zen eta gehienek atzera egin zuten. Batzuek saihesbide bat aurkitu zutela ikusi genuen eta bertatik aurrera egitea erabaki genuen.

  • Zer izan zen gogorrena?

  • Oso nekagarria izan zen: egun asko generamatzan jada mendian eta eta altura horretan 30 kiloko motxila eramatea oso gogorra da, hemen dagoen oxigeno erdia baitago. Eguneroko gauzak egitea (botak lotzea, dendak muntatzea...) ere oso nekeza da eta hau psikologikoki oso gogorra da. Argi pentsatzea ere kosta egiten da.

  • Noiz somatu zenituen lehen arazoak, Jon?

  • Igotzerakoan izan zen, baina ez genuen uste larria zenik. Bigarren kanpamendura jaitsi eta bertan gaua pasa ondoren sekulako babak nituela ikusi nuen. Campo Morrenara jaitsi ginen eta bertako poliziek ospitalera deitu zuten. Kanpamendu basetik jaitsi beharrean bide motzago batetik jaitsi ginen bi ordutan pista batera, eta bertan ospitalera eraman gintuen autoa zain genuen. Zaragozara heldu nintzen arte ez nuen uste batere larria zenik. Zaila da zehazki zergatik gertatu zitzaigun asmatzea: ondo ez edateagatik, hotzagatik edo eskularru txarrak eramateagatik izan daiteke.

  • Etxean ere susto ederra hartuko zuten?

  • Etxean izutu samarrak zeuden. Izan ere, egunkarietan eta irratietan erreskatatu egin behar izan nindutela esan zuten eta etxera deitzen genuenean ondo geundela esaten genuen arren, ez ziguten sinesten. Herrira itzuli garenean sekulako istorioak entzun direla jakin dugu eta jendea traumatizatuta iritsiko ginela uste zuen.

  • Arazo hau alde batera utzita, nolako esperientzia izan da?

  • Alpeetakoa baino gogorragoa izan da, baita espero baina gogorragoa ere, baina oso polita ere bai. Gailurrera iritsi gineneko momentua oso hunkigarria izan zen, baina jasan genuen hotza sekulako izan zen. Hotza egingo zuela bagenekien, baina sekula halako hotzik pasa gabeak ginenez, ez genekien zer nolakoa izan zitekeen. Dena den, izan dugun esperientziarik politena izan da eta bertako kulturak eta jendearen izaerak txunditurik utzi gaitu. Beste leku batzuetan, hizkuntza dela eta, ezin duzu jendearekin hitz egin baina han gainera oso irekiak ziren eta oso jatorrak zirela ikusi dugu.

    Juanjo Aranburuk dio...

     

  • Datorren urterako ba al duzue jada beste asmorik?

    Zazpimila metrotik gorako mendi bat igotzeko prest gaudela uste dugu eta gure asmoa Errusia eta Kazakhstan arteko mugan, Himalayako izkinan dagoen Komunismo mendia igotzea da. Baina mendi hau azken urteotan itxita egon da, arazo politikoren bat dagoelako. Mendi hau igotzerik ez badugu, Himalaya barrura sartuko gara eta Pumorira edo joango gara. Pausuz pausu joateko asmoa dugu eta zazpimilako bat egin nahi dugu. Aurtengo bidaia antolatzea sekulako buruhaustea izan bada, datorren urtekoa zer esanik ez. Erosi dugun materiala datorren urterako nahikoa izatea espero dugu, diru asko gastatu baitugu. Eskerrak, dena den, jendeak lagundu digun eta txosnarekin eta kamisetekin diru dezente atera dugun.

  • Epe luzera, non ikusten duzue zuen burua?

  • Hasiera batean, datorren urtean jada zortzimilako bat igotzen saiatzea pentsatu genuen, baina ez dugu presarik eta zazpimilako bat egiteko asmoa dugu. Dena den, hemendik bi urtera seguraski zortzimila metroko mendi batera joaten saiatuko gara. Oso zaila izango da, inbertsio izugarria egin behar baita, baina bi Gasherbrumetako batera edo Txo Oiura joan nahi dugu. Jendearentzat zortzimilakoak mitikoak dira, baina hauetako batzuetara igotzea ez da hain zaila. Gure ustez, datorren urtean igo nahi dugun Komunismo mendia teknikoki zortzimila metroko mendi batzuk baino zailagoa da. Altuerara ondo egokituz gero eta bide normaletik joanez gero zortzimila metroko mendi batzuk ez dira oso zailak, espedizio komertzialek igotzen dituztela ikustea besterik ez dago.

     

    Otamotz aldizkariko 70. alean (2001eko iraila) argitaratutako artikulua

*OHARRA: Proiekzio guztiak DOANEKOAK izango dira.


Hontza
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.


Igo
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1