Partehartzaileak (Urretxu-Zumarraga)
- I�aki Alvarez
- Jon Maroto
- Xabier Ormazabal
Erdietsitako gailurrak
- Urus 5.500 m
- Ishinca 5.600 m
- Tocllaraju 6.032 m
- Huascarán 6.768
Prestaketa mordoa egin ondoren, urduritasun pixka batekin baina
ilusioz beterik, Loiuko aireportura iritsi ginen. Hegaldia,
arazorik gabekoa izan zen eta Madrilen eta Bogotan eskala egin
ostean, ordu batzuk geroxeago Limako aireportuan lurreratu ginen.
Iritsi bezain fite egin genuen lehendabiziko gauza lo egitea
izan zen; izan ere bidaia handia egiteagatik nekaporraturik
geunden. Hurrengo egunean Limako erdigunetik pasidan ibili ginen,
eta egia esan, hiri hau ez genuen oso gustuko izan, bertan kutsadura
eta kiratsa baino ez zegoen eta trafikoa anabasa baino ez baitzen.
Egun horretan bertan eta zortzi orduko bidaiaren ondoren, azkenik
gure helmuga zen Huáraz herrira iritsi ginen. Hurrengo
egunean, egokitze prozesuari ekin genion eta Churup aintzirarainoko
(4.600 m) bidea egin genuen. Huáraz amiñi bat
ezagutu eta gure bizkar-zakuak prestatu ondoren, combi
batean, lurorotako eta taxi lanak egiten dituen ibilgailu batean,
3.000 metroko garaieran kokaturiko Collón herriraino
iritsi ginen. Hemendik aurrera mandazain bat eta asto batzuk
kontratatu genituen. Era honetan, Ishinca mendiko Oinarrizko
Kanpamendurako (4.400 m) hurbiltze trekking bat egin genuen.
Igoerak ez du inolako zailtasunik baina garaieraren eraginak
geroz eta nabariagoak dira eta garaiera hauetan azaltzen ohi
den burukomin ez-erosoa tipiko hori nabaritu genuen. Iritsi
baino lehentsuago, Tocllaraju mendi-puska handia, bere ipar
horma eder horrekin ageri zen. Kanpamendu hau aski erosoa da,
bada nahikoa toki bertan dendak jartzeko eta ez du ura lortzeko
inolako arazorik, errekasto batek zeharkatzen baitu alde batetik
bestera. Okerrena, gune hau mendi oso garaiez inguratuta dagoenez,
eguzkiaren argi-printzak arratsalde-hasieran ezkutatzen direla
da; horren ondorioz, azkar baino beranduago, hotz handia egiten
du gune itxi honetan. Bestalde, bertaratzen den mendizale orok
mendi garaieraren sentsazio hori sentitzen hasten duen gune
horietako bat dela esan nezake.
Hurrengo egunean, denok 5.420 metroko garaierako Nevado Urus
gailurra egin behar genuela erabaki genuen. Hasiera, haizeak
bortizki jotzen duen malda handi samarreko morrena da. Ibilbide
zati ez-eroso hau amaitutakoan, elurrez eta izotzez hornituriko
ingurua hasten da; bertan gusturago sentitu ginen. Elur ezin
hobetik egindako azken urratsak bete ondoren, gailurrera oso
pozik iritsi ginen. Oinarrizko Kanpamendura iritsi, zerbait
jan eta lo-zakuetan sartu ginen: hurrengo egunean Nevado Ishinca
gailurrera igotzeko asmoa baikenuen. Aurrekoa baino gogorragoa
izan bazen ere, mendi honetan ere agusatu ginen. Mendi honetan
egindako igoeratik nabarmen genezakeen ezaugarririk bereziena,
izotzezko koba erraldoi baten ondotik egindako ibilbide zatia
da: izotzezko kobak ahobete hortzekin, harri eta zur utzi ninduen.
Hurrengo egunean egin genezakeen gauzarik logikoena atsedena
hartzea bazen ere, 5.000 bat metro garaierako inguruetan jartzen
ohi den Tocllaraju mendiaren 1. Kanpamendura igotzea erabaki
genuen. Igoerako ibilbidea ere morrena batetik dabil eta okerrena
gainean generaman zama handia zen. Batzuetan, bizkar-zakuak
beherantz bota nahi ninduela iruditzen zitzaidan. Oro har, 1.
kanpamendua hormaren magalean kokaturiko elurrezko ordoki batean
jartzen bada ere, elur gainean lo ez egitearren, guk beherago,
harritza baten gainean tentetu genuen. Goizaldeko ordu txikietan
dendatik irten eta zegien gau zoragarria dastatzeko aukera izan
genuen. Nahiz eta ilargia bete-betean ez izan, dena indarrez
argiztatzen zuen, izan ere ia frontalik gabe ibil gintezkeen.
Zohardi tipila zegoen eta beste arrazoi batzuen artean horrexegatik,
hain zuzen ere, hain hotz handia egiten zuen. Haizeak ere bortizki
jotzen zuen eta horrek ere hozberoaren gainbehera handia zekarren.
Paretaren magalean bertan, pitzadura batzuk saihesten ari ginenean,
gaua zen oraindik, burrunba handi bat entzun genuen. Gure susmoak
bete ziren: elur-jausi bat zen!! Izotz-blokeez osaturiko elur-jausi
handi bat zen eta ezein blokek ez gintuela jo-eta, zorte handia
izan genuena esan behar. Sustu txiki hau pasa eta aurrera segi
genezakeela egiaztatu ondoren, bertan beste jausi batek harrapa
ez gintzan, handik ziuntan haizatu ginen. Puntu horretatik paretak
hartzen duen inklinazioa hain handia da ezen eskalatzea ere
beharrezkoa den. Badira oso bertikalak diren bi gune, non maldak
75 graduko inklinazioa hartzen duen. Gailurra zapaldu genueneko
unea zirraragarria izan zen, igoera gogorra eta zinez ederra
izan baitzen. Ezin genuen denbora gehiegi izan gailurrean, izan
ere, haizeak bortizki jotzen zuen: betiko argazkiak atera eta
jaisteari ekin genion. Jaitsieran hiru rapel egin genituen.
Eguerdi aldera, 1. Kanpamenduaren inguruetan, beroa egiten hasi
zuen. Guk geuk ondotxo eskertu genuen. Dendara iritsi, denbora
laburtxo bat han izan eta dena desmuntatu eta Oinarrizko Kanpamendura
jaitsi ginen. Eta zera erabaki genuen bertan, indarrak faltan
ez bagenituen, Huárazeraino jaitsiko, ondo jan eta lo
egitearren eta baita, Huascaránerako erretserba moduan
egun gehiago izatearren: baina horrek izugarrizko gainbehera
handia jaistea suposatzen zuen (mila metro baino gehiago igotzea
eta 3.000 metro jaistea!!). Oinarrizko Kanpamendura iritsitakoan,
mandazain bat hartu eta astoak zamatu ondoren jaisteari ekin
genion. Behintzat, orain zamarik ez genuen bizkarrean. Baina,
aldapa behera delako, astoak lasterka jaisten ziren eta guk
halabeharrez, jarraitu egin behar genien. Tontorrera igo, 1.
Kanpamendura jaitsi, geroago oinarrizkora iritsi, lasterketa
egin behar astoen atzetik. Hau sekulakoa zen!! Collonera iritsi
ondoren, combi bat hartu eta Huárazeraino iritsi
ginen. Azkenean!!, gaualdeko 12etan jaiki ginen eta!! Eguna
oso luzea izan zen baina benetan merezi izan zuen.
Huárazen, ondo jaten eta lo egiten bi egunez aritu ginen,
baita gure hurrengo helburuan pentsatzen ere. Aurreko egunean,
Huascaránera joan nahi zuten bi lagun, Rafa eta Elena,
ezagutu genituen. Oso jatorrak direla ematen zuenez, beraiekin
batera igotzeko geratu ginen.
Mandazaina eta astoak kontratatu ondoren, Oinarrizko Kanpamendurako
ibilaldia betetzeari ekin genion. Iritsi bezain pronto, gunea
hain txikia izateak harritu gintuen; hala ere, bere ezaugarririk
nabarmenena hain toki ederrean kokaturik izatea da. Hemendik
Mendikatea Beltzako bista ezin hobeak ikusten ziren. Hemen ez
zen Ishincako Oinarrizko Kanpamenduan bezala gertatzen, non
eguzki-printzek agudo ezkutatzen ziren mendien atzean, hemen
arratseko ordu berantiarretan baino ez zuen hotz handiegirik
egiten hasten, mendien atzean ezkutatu arte, zeruan eguzkiak
egiten duen ibilbide luzeagoa zela medio.
Mendi honetan era alpinoan igotzeko, gutxienez garaierako bi
kanpamendu instalatzea beharrezkoa da. Lehendabiziko egunean,
Campo Morrena Kanpamendua osatu gabe, are gorago, 1. Kanpamenduraino
igotzea nahi izan genuen. Egun oso luze baten ondoren, iluntzen
hasten zen uneetan 1. Kanpamenduraino iritsi ginen. Hotz handia
eta baita haize handia egiten zuenez, denda zutitzea odisea
bat bezala izan zen. Denda barruan geundela, haizeak egiten
zuen zarata hain zen handia ezen gezurra zirudien dendak nola
euts ziezaiokeen haizearen indarrari. Gau oroz hain haize zakarra
egin zuen zeren egunsentian bertan haizeak dendako bigarren
sabaia erauzi zigun. Jainkoari eskerrak ez zuela bete-betean
egin, zeren bestela gurea arazo larriren kategoria izango zukeen.
Dendatik irten eta bera desmuntatzearen aukera baino ez zitzaigun
geratzen. Egoera horretan jarraitzerik ez zegoela ikusten genuenez,
morrenarantz jaistea erabaki genuen. Ia lasterka jaitsi ginen,
tximista demonioan. Erabateko erretreta zen!! Mendia haserre
zegoen eta ez zuen inor bere gaina zapaltzerik izan. Egun berean,
2. Kanpamendutik jaisten ari zen Andoaingo Iñakirekin
egin genuen bat. Oso gau zirraragarri eta "lasaia"
zeraman haizeak bere denda oso erauzi zuenera arte. Jaistea
baino aukera gehiagorik ez zitzaion geratzen.
Egun horretan, morrenan, hormagunearen magalean bertan igaro
genuen. Haizeak ere jotzen zuen arren, aurreko gaua baino hobea
zen. Hurrengo egunean 2. Kanpamendura zuzen igotzeko saiakera
egin genuen. Igotzen hasi eta 1. Kanpamentura iritsi ginenean,
jende oro haizea dela eta atzerako bidea egiten ari zela ikusi
genuen. Goitik zetozenak 2. Kanpamentuan jasan ezin izan zitekeen
izugarrizko haize bortitza egiten ari zuela esan ziguten!! Guk
dena dela, atzera egiten bagenuen ez genuela mendia igotzeko
beste aukerarik izango argi genuen; hori dela eta, aurrera jarraitzeko
erabakia hartu genuen. 1. Kanpamentuan zeuden lagun bakanak
ganbara alokatuta bagenu bezala begiratzen gintuzten; dena dela
erabakia boston artean hartu genuen. Egia da, haizea oso bortitza
zen eta zenbait tokitan ezin izan genuen aurrera egiterik ere
egin. Dendak jarri nahi genituen lepora iristeko pitzadura handi
batzuen ondotik igaro den korridore eder batetik igo behar zen.
Azkenean iritsi eta dendak muntatzen hasi ginen. Hemen ezin
genituen dendak gaizki muntatu, gogor aritu behar genuen, gutxienez
dendek bi gauez zutik iraun zezaten lortu behar baikenuen. 6.000
metrotan geunden eta garaiera hauetan zeozer egitea nahikoa
lan eskatzen ohi du. Gaua bertan igaro genuen eta goizaldeko
ordu batak aldera igotzen hasten ginen nondik igo behar zen
ere jakin gabe. Orduan ez zuen haizerik jotzen baina ezin zitekeen
esan ber gauza hotzari buruz. Garganta zintzurreraino iritsi
baina bideak gora nondik egin zezakeen ere aurkitzeko gai ez
ginen izan. Oraindik gaua zenez, etsi eta amiñi bat penaturik
atzera egin behar izan genuen. Eta gutxi balitz, beherako bidean
galdu eta pitzaduraz beteriko gune oso arriskutsuan sartu ginen.
Azkenean, gehiegi jaitsi ginela konturatu ginen eta berriz gora
egin behar izan genuen denden xerka egitearren. Hauetako egun
bat duzunean, alpinista izateagatik zeure burua ere gorrotatzeko
gai zara. Hala ere, Iñaki, Maroto eta baita ni neu ere
beste saiakera bat egin behar genuela konbentziturik geunden.
Ez ordea, Rafa eta Elena. Pena handia hartu nuen biek beherako
bidea egin behar zutela esan zigutenean. Zer egingo dugu ba?
Mendia horrelakoa da!!
Egun osoa atsedena hartzen igaro genuen. Zenbait espedizio
gehiago igo zen eta horietako bateko Huárazeko gidaria
ezagutu genuen. Gure lagun Hernan zen. Hurrengo egunean elkarrekin
irtetearren, hitzordua gaueko 12etarako jarri genuen. Gaueko
12ak baina gerotxoago dendatik irten eta hezurretaraino sartzen
den hotz handia egiten ari zuela, goranzko bideari ekin genion.
Hasieran, bidea nahiko ordeka den tokietatik pasatzen da, eta
pixkanaka-pixkanaka malda irabazten joaten da. Egiten zuen hotza
deskribaezina da, izugarria zen!!. Hozberoa, zero azpiko 30
gradutik urrun ez zen ibiliko, ez horixe!!. Jasaezina zen!!
Zohardia egiten zuen eta eguzkia atera arte hotzez sofritzea
baino ez zitzaigun geratzen. Hotz handiena eskuetan eta oinetan
izan genuen, eta horren ondorioz mutur atal hauetan min handia
izan genuen. Eguzkia samurki ageri eta, hozberoa pixkanaka gorantz
abiatu zen. Hotzaren sentsazio ez-eroso hori ia gaindituta genuenean,
guttien ustetan agertu zen arazo batekin egin genuen topo. Bide
normaletik joaten bazara, asko dira zeharkatu behar diren pitzadurak
eta beraietako batean, zeharkatzeko erabiltzen den izotzezko
zubia apurturik zegoen; beraz, beste pasabide berri bat bilatu
beharra zegoen. Hori dela eta, gailurraren xerka zebiltzan ia
talde guztiek atzera egin zuten. Minutu batzuk geroago, oso
itxura onik ez zuen pitzadura bat zeharkatuz, bidean gora jarraitzeko
modua aurkitu genuen.
Azkenean, amaiera aldeko maldetara iritsi ginen, ez zen ordubeteko
ibilaldia baino falta gailurra zapal genezan. Gailurrera iritsi
gineneko unea zirraragarria izan zen, horrenbeste lan eta nekearen
ondoren, goian geunden. Lorturik genuen!! Oso pozik geunden.
Momentu hauetan sentitzen dugun poza alderaezina da, hor goian
senti daitekeena ezin da hitzez deskribatu, bizi behar duzu.
Hemendik ikus daitekeen paisaia zinez ederra da, gailur asko
ikusten da, Alpamayo, Artesonraju, Huandoys, Chacraraju eta
abar. Gailurrean ez zuen hotz handiegirik egiten. Hori dela
eta, bertan denbora eder bat igaro ginen, paisaia ikusten eta
baita argazkiak ateratzen ere. Jaisterakoan, ibilbide laburragoa
egitearren, metxa pizteko sua txapelokerrari eskatu eta pitzadurez
eta serakez hornituriko inguru oso arriskutsuan sartu ginen.
Denbora galdu genuen, jakina!!. Azkenean, nekaporraturik baina
pozik, 2. Kanpamenduko "erosotasunera" iritsi ginen.
Jan eta edan egin gabe eta atsedena hartzearren, dendan sartu
ginen.
Biharamunean, izugarrizko ezustekoa izan genuen: Marotok eskuineko
eskuko bi hatz izozturik baitzituen. Hatzetan atera zaizkion
babak ez dira ez oso itxura onekoak. Gauzarik onena tximista
demonioan jaistea, eta ospitale batera iristea, ez genekien
nola, zela, erabaki genuen. Denda izotzari "soldaturik"
zegoen, eta denda jasotzeko egin behar iza ngenuen eginahal
bera izugarria zen. Azkenean, ziztuan jaitsi eta ordu batzuk
geroago Campo Morrenara iritsi ginen. Han zenbait "erreskate
arloko polizi" bazeuden eta zertxobait lagundu ziguten.
Beraietako batek Marotoren bizkar-zakua hartu eta gurekin jaitsi
zen. Herriaren ondoan lur-orotako bat zain genuen. Honexek Huárazeko
ospitalera eraman gintuen.
Han bi gau igaro ondoren, Limara joan ginen non bertan beste
bi gau igaro genituen. Gauza uste baino larriagoa zela ikusiz,
medikuek Maroto Zaragozara abia zedin erabaki zuten. Han 20
egun igaro ondoren ia errekuperaturik dago, eta une honetan
datozen urteetan gauzatzeko proiektu berrietan pentsatzen ari
gara. Istripu honen ondoren, berarekin itzuli nahi bagenuen
ere, gure hegaldien antolaketa konpondu ezinik, aste betez han
geratu behar izan genuen. Beste mendi berririk eskalatzeko betarik
ez genuenez, Cuzco hiria eta Machu-Pichu hiriaren aztarnak bisitatzen
izan ginen. Toki hauek gure planen barruan ez bazegoen, hemen
ere agusatu ginen.
Datorren urtean 7.000 metroko mendi bat eskalatzea nahi dugu,
eta egoera dagoen bezala, ia seguruenik Himalaya aldera joango
garela uste dugu. Espedizio honetan, Huascarán mendia
egin ostean Artesonraju mendia igotzeko asmoa bagenuen ere,
egoerak eramanda bertaratzeko plana bertan behera utzi behar
izan genuen. Laburbilduz, esperientzia ahantzezina izan da,
asko agusatu gara eta geure burua gehiago eta hobeto ezagutu
dugula uste dugu.
Xabi