Goierri mendiz mendi (45):
Zumarraga - Goiko Txabola - Republika lepoa - Pagoeder - Noare-Etxeberri baserria - Gabiria

—1997an egindako
deskribapena—


 Zumarragatik Ormaiztegira, Gabiritik igaroz


Zumarraga (1) (357 m). Hirigunetik, Jauregi-Legazpi Dorretxerrantz (A) abiatuko gara. Leturiatarren plaza aldera jarraituko dugu. Eskualdeko Antioko Andre Mariaren Ospitalerako aldapa igoko dugu, eta bertako estazionalekuan sartu gabe, eskuinerantz joango gara Argixao auzoko azkeneko etxeak utziz. Bidaurreta baserria ezkerrean utzi eta aurrera jarraituko dugu masusta-sasiz inguraturiko bidean barrena. Zenbait etxez, larrez, txabolaz eta sakabanaturiko baserriz osatutako ingurua.

Bidea banatzen duen ORUEZABALETA (Urzabaleta) baserriaren gaineko metalezko langara iristerakoan, aldapa gogortzen hasiko da. Pinudiz inguraturik, porlanez egindako pista, hartxintxarrezko bihurtzen da aldapa igotzen dugun heinean.

Argigune batean, GOIKO TXABOLAra (2) iritsiko gara. Txabola bat eta goi-tentsio elektra-dorre erraldoi bat ordekan. Hemendik gorantz abiatzen diren bi bide ikusten ditugu. Aldapa gogorrenekoak ARGIXAO edo ZUMARRAGAMENDI (Argixao) (604 m) mendiaren tontor zabalera daraman bitartean, besteak zuzen-zuzen Republika lepora garamatza.

Bigarren pista hau harturik eta garaiera mantenduz, Argixao eta TRAPALETA mendien arteko Republika lepora (3) (542 m) goaz. Zumarraga eta Gabiria udal-barrutien arteko muga. Bidegurutzea.

Lepo honetatik, HE-ko norabidean doan bidea hartuko dugu: Hasiera batean beherantz doan bidea baina gero garaiera ondo gordetzen du Trapaleta mendiaren (642 m) E-ko isuraldekotik. Iturri bat bidean.

Laster PAGOEDER (4) (514 m) izeneko gunera iritsiko gara. Izen bereko txabola zuri handi bat eta harriz eraikitako borda bat inguruan. Bidegurutzea.

E norabideko bidezidorra harturik — lehendik genekarren norabidea ez dugu ezertarako aldatu behar —, pista zabal batekin topatuko gara berehala. Pistatik jarraitu eta Gabiriako bista zabalak eskura ditugu. Hor ageri zaigu, Gabiri, toki guztietatik agiri — Goierri aldeko esaera zaharrak dioen bezala —, hirigunea muino baten gainean kokaturik dago-eta. Eskuinean eta hegalean behera, Atagoiti izeneko lepo eta baserrian Gabiria eta Legazpi udalerriak elkartzen dituen bide erreala ikus daiteke. Aldapan behera jaitsi eta beste pista batekin topatuko gara. Puntu honetatik aurrera eta Gabiriara iritsi arte, kordalean zehar garaiera mantendu besterik ez dugu egin behar. Azkeneko honek, Muntegi baserriraino garamatza.

Muntegi baserri abandonatuaren ondotik bi bide ateratzen dira. Ezkerrekotik abiatua, Madariagagoena (Marigoena) eta Madariagaerdikoa (Mardikoa) baserrien larreen ezkerretik igaroko gara. Egiten ari garen bide honi bide publikoa deitzen zaio inguruotan. Baserriotarako bidegurutzea igaro ondoren, NOARE-ETXEBERRIra (5) (460 m) ailegatuko gara. Baserria eta bi oilasko granja txiki inguruan.

45. ibilbidearen airetik aterarako argazkia
45. ibilbidearen airetik
aterarako argazkia

Noare-Etxeberri baserrian sartu gabe, bidegurutzeko ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Noare-Etxeberri eta Noare baserriak eskuinean utziz, dagoeneko ikus daitekeen Gabiria gunerako bidea hartuko dugu. Ormaiztegiko hirigunean elkartzen diren Estanda eta Santa Lutzi ibaien ibarren bista zabala. Zenbait eserleku jarriak dira bertan ikuspegi honetaz gozatzeko. Hala ere, segituan iritsiko gara GABIRIAra (6) (414 m) . Gabiriako Udaletxe Zaharra edo Ostatua (B), gaur egungo Udaletxearen eraikuntza (C) eta Alkaingo Andre Mariaren Eliza (D), bisita bat merezi duten monumentuak dira.

Elizaren atzealdetik, Alkain baserriaren ondotik irteten den porlanezko pistatik jaitsiko gara. Aldapa erdialdean dagoen Olalkiaga baserriaren ondotik igaro ondoren — Olalkiagazpikoa baserrirako zidorra hartu gabe — pinudian barrena jarraitzen duen zidor batetik segituko dugu, ORMAIZTEGIKO TREN-BIDEZUBIra (E) jaitsiz.

Bidezubipetik igaro eta Ormaiztegiko gunera iritsiko gara. ORMAIZTEGI (7) (199 m). Hirigunea eta etapa honen amaiera. Tren geltokia, kanposantuaren ondoan dago. San Andresen Elizak (F) eta Iriarte-erdikoa baserriak (G) (Karlistaldiei buruzko Zumalakarregi Museoa), bisita bat merezi dute.


 Gune interesgarriak


  • (A) Jauregi-Legazpi Dorretxea. XIV. mendetik aurrera izkribuetan agertzen den eraikina dugu. 1320. urtean jadanik bertan bizi zen Zumarragako Jauna. Hala eta guztiz ere, eta adituen arabera, Jauregi-Legazpi Dorretxea Gipuzkoako dorretxe zaharrenen artean koka daiteke eta duen tipologiagatik, XIII. mendeko eraikintzat har genezake. Gaur egun, dorretxe hau ezaguna bada bertan Filipinak isletako kolonizatzailea izan zen Miguel Lopez de Legazpi militarra bertan jaio zelako da. Enrique IV erregearen agindupean moztua, XV. mende erdialdean berreraikia izan zen, zuen itxura belikoa betirako galduz. Geroago Jauregiaundia baserria izenaz ezaguna izan da, gaur egunera iritsi arte.

  • (B) Gabiriako Udaletxe zaharra (Ostatua). Herriko antzinako udaletxearen egoitzak Gabiriako armarria du atariko paretan. Herrian, Ostatu bezala ezaguna da. Gabiriako erdigunean kokaturik dago.

  • (C) Gabiriako Udaletxea. Gabiriako erdigunean kokaturiko eraikina, euskal itxura nabarmeneko lau puntu-erdiko arkuz horniturik dago.

  • (D) Alkaingo Andre Mariaren Eliza. Hauxe elizaren jatorrizko izen ofiziala bada ere, Jasokundearen Andre Mariaren Eliza bezala ere ezaguna dugu. Harlandua, erromar berantiarreko aurrealde interesgarria du, baita Churrigueresko estiloko erretaula nagusia ere. Barruan harri-puska bakar batean zakarki landutako ponte edo bataiarri erromar bat dago.

  • (E) Ormaiztegiko Bidezubia. Burdinazko bidezubi hau 1863-1864 urteetan eraiki zuten. 288 m-ko luzera eta 34 m-ko garaiera ditu. Eiffelek egindako bidezubia uste bazen ere, gerora Alexandre Lavalley frantziar injineruak egina zela jakinarazi zen. Ormaiztegiko sinbolo ezagunenetariko bat da.

  • (F) Ormaiztegiko San Andresen Eliza. XVI. mendean berreraikia, aurrealde gotikoaz horniturik dago. Barruan ponte polit bat du, elizako atalik ederrena, ezaugarri erlijiosoko zenbait motibo geometrikoz dekoraturik baitago.

  • (G) Ormaiztegiko Iriarte-erdikoa baserria (Zumalakarregi Museoa). Gaur egun, Zumalakarregi Jeneralaren omenezko museo gisa erabilia da. Zumalakarregi Jenerala, I. eta II. Karlistaldietako heroi ospetsua, Iriarte baserrian jaio zen 1788an.


 Kartografia


  • "Goierri mendiz mendi", talde eta elkarte batzuk.
  • Beasain, mapa katastrala, 88-IV. Instituto Geográfico Nacional (España). Eskala: 1:25.000.
  • Zumárraga, mapa katastrala, 88-II. Instituto Geográfico Nacional (España). Eskala: 1:25.000.

 Bibliografia


  • "Goierri mendiz mendi", talde eta elkarte batzuk.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
© Copyright "Goierri mendiz mendi"

ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1