Goierri mendiz mendi (43):
Zumarraga - Antio - Izazpi (973 m) - Pagotxoeta - Zumarraga

—1997an egindako
deskribapena—


 Zumarragatik Izazpiko tontorrera


Zumarragatik (1), Mesedetako Mojen Komentutik herriko kanposantura doazen eskailerak hartuko ditugu.

Kanposantuaren atzetik pasatuko gara, aldapa gora bideratzen den bidezidorra hartzeko. Gurrutxagazpikoa, Gurrutxagaerdikoa eta GURRUTXAGAGOIKOA (A) baserriak igaro ondoren, ANTIOra edo Zumarragako Andre Mariaren baselizara (2) (B) garamatzan azkeneko errepide zatia hartuko dugu.

Hemendik porlanezko pista batetik igoko gara, eta ehun bat metro ibili ondoren, ezkerrerantz jotzen duen zidor batetik igaroko gara, Beloki mendiko hego magala gorago dagoen pistarekin bat egiten duen zeharkatuz. Pista honetatik jarraituz, pagoz eta haritzez inguraturiko ELORRIAGA (3) baserrira eta lepora iritsiko gara. Borda bi inguruan.

Ezker-eskuinaldean zenbait pista utziz, aurrez aurre jarraituko dugu porlanezko pistan barrena txabola bakarti batera iritsi arte. Pista utzi eta ezkerretik hartuko dugu, Izazpira mendebaldetik igotzen den zidorretik igoz.

Zenbait metro ibili ondoren, zidorra utzi eta eskuinera hartuz larre eta pagadietan barrena sartzen den bidezidorra hartuko dugu, Izazpiko hego isuraldetik Atxurzako leporantz doana, hain zuzen.

Zidor hau jarraituko dugu; bidean Mutxetegialdeko iturri emankorra aurkituko dugu, non Izazpierreka erreka jaiotzen den, Zumarragako eta Ezkio-Itsasoko udal barrutien muga margotuz. Pixka bat aurreraxeago Mugitegi Txikiko txabolatik igaroko gara, eta apur bat geroxeago aterbe bat ikus daitekeen LIZARRETA (4) izeneko lepo eta parajetik.

Norabidea hegoaldera aldatuko dugu oraingoan, hasieran aldapa gogorra hartuz eta eskuinerantz joz aldapa samurtzen den neurrian. Izazpiko hego isuraldetik jarraituko dugu ELORTXO (5) izeneko lepora iritsi arte. Urola bailararako bista ederra eskaintzen duen muino txikia, tontorrean Azpeitia eta Ezkio-Itsaso udal barrutiak banantzen dituen mugarri batez hornitua.

Hemendik, aldapa gogor bati ekinez, hego-mendebaldean IZAZPI (6) (C) mendiko tontorrera iritsiko gara (973 m), gurutze handi batez koroatua. Buzoia. Erpin geodesikoa. Gurutzetik metro gutxitara eta ipar-mendebaldeko norabidean Azpeitia, Ezkio-Itsaso eta Zumarraga herriak elkartzen diren hiru aldeko mugarria ikus daiteke.

43. ibilbidearen airetik aterarako argazkia
43. ibilbidearen airetik
aterarako argazkia

Ibilbideak ipar-mendebaldeko norabidean, jaitsiera samurra eskainiko digu, ezkerrean pinuz inguraturiko muino batean burdinazko gurutze bat utziz; aldapa jaisten jarraituko dugu, lepo batera iritsiz. Pixka bat aurrerago ARANTZETAKO GAÑA (D) tumulutik pasatuko gara. Eta geroxeago PAGOTXOETAko (7) lepora garamatzan pista hartuko dugu. Izen bereko txabola bertan.

Pistatik hego norabidean jaitsiko gara, Oraagoikoa baserritik pasa eta SAN KRISTOBALeko Baselizara (8) (E) iritsiko gara.

Zumarragatik datorren bidea amaitzen den San Kristobal baselizako plazatik eskuinerantz eta iparrerantz joanez, Olarterreka erreka marrazten duen bailararako bidea irteten da; errekara iristen garenean pistak ezkerrera joko du, Igeraberri baserrira iristeko; pixka bat aurrerago bideak Urola ibaia zeharkatuko du LETURIONDOko zubitik (9).

Txirrinentzako bidegorritik jarraituko dugu Zumarraga eta Urretxuko lurretatik, lehen Urola trenaren burdinbidea zegoen lekutik igaroz. Era honetan, hasiera puntura (10) iritsiko gara.


 Gune interesgarriak


  • (A) Gurrutxagagoikoa edo Gurrutxagagarakoa. Antiora doan bide zaharraren aldamenean kokaturiko baserria. Puntu erdiko bi arkuz osatutako atari zabal batez eta fatxadan harearriz landutako armarri batez hornitua dago. 1768. urtean erreformatua izan zen, baina Gurrutxagatarren zuhaitz genealogikoa 1524. urtea arte doa, baserrian gordeak diren zenbait agiriren arabera.

  • (B) Antio edo Zumarragako Andre Maria.. Belokiko hego magalean kokaturik, Antio Zumarragako eliza nagusia izan zen 1575. urtea arte, herri-gunean Jasokundearen eliza berria eraikitzen hasi ziren arte, hain zuzen ere.

  • Tenplu hau XII-XIII. mendeetako euskal estilo erromarrean sailka daiteke. Barruko eraikuntzaren originaltasuna eta teknika goraipatzekoak dira, egurrezko armazoi eder batez horniturik baitago.

    Urtero uztailaren 2an ospatzen den festa egunean, Santa Isabelek bere lehengusu zen Mariari egindako Ikustaldia gogoratzen denekoan, aldare aurrean dantzatzen da hain ezaguna den Zumarragako Ezpata-dantza.

  • (C) Izazpiko gurutzea. Izazpi tontorrean (973 m) 1948an eraikitako porlanezko gurutzea. Goierri eskualdeko eta Urola bailarako ikuspegi ezin hobea.

  • (D) Arantzetako Gañeko tumulua. 1985ean aurkitutako hileta-monumentua. 0,60 m-ko garaieraz, 6,20 m luzera du I-H diametroan eta 7,10 m E.-M. diametroan. Erdiko kraterraren diametroa 2,60 m luze da. Bertako basaltoak.

  • (E) San Kristobaleko baseliza. Berari buruz mintzo den lehendabiziko agiri ezaguna 1540. abuztuaren 20koa da, Pedro Pacheco Iruñeko Apezpikua etorri zeneko bisita pastorala aipatzen duena. Bere barruan aldare nagusian gordea dagoen San Kristobali eskainitako taila gurtzen da, 1597. urtean Domingo de Mendiaraz eskultore urretxuarrak egindakoa. 1708. urtean José de Etxeberriak egindako erretaula eder bat aldare nagusian jarria dago.


 Kartografia


  • "Goierri mendiz mendi", talde eta elkarte batzuk.
  • Zumárraga, mapa katastrala, 88-II. Instituto Geográfico Nacional (España). Eskala: 1:25.000.

 Bibliografia


  • "Goierri mendiz mendi", talde eta elkarte batzuk.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright "Goierri mendiz mendi"

ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1