Goierri mendiz mendi (44): |
|
1997an egindako |
|
Zumarragatik Samiño tontorrera |
|
Zumarragatik (1), ETXEBERRI (2) auzora garamatzan bidegorria hartuko dugu; jatetxearen ondoan, Andutzu baserrira igotzen den porlanezko pista hartu beharko dugu. Baserriaren atzetik jarraitzen duen bide zabaletik gora abiatuko gara, eta langa bat igaro ondoren gasbidearen zuloaren gainetik jarraitzen duen zidorra segituko dugu. Muinoaren gainaldera iritsi ondoren ezkerrerantz joango gara; hemendik aurrera bide zabal batek San Kristobaleko baselizara (3) (A) eta Oraazpikoa baserrira garamatza. Ibilbideak Oraagoikoa baserrira doan porlanezko pistatik darrai; langa bat igaro ostean, ipar-sortaldeko norabidean PAGOTXOETA (4) lepora doan pistan barrena igoko gara. Pagotxoeta lepoa, bidegurutzea. Pagotxoetako txabolaren ondotik, ezkerraldean irteten den ipar-mendebaldeko norabideko zidorra hartuko dugu, zuhaitzik gabeko zenbait muinoren ondoren Pagola (5) lepora iristeko. Izen bereko txabola lepoan. Aldapa gogorrean igoko gara oraingoan; bertan Pagobakarrako tumulua (B) eta Iruarrieta II trikuharria (C) ikus daitezken. Geroxeago, SAMIÑO edo IRUMUGARRIETA edo KURUTZETA (6) (D) izeneko tontorrera (933 m) iritsiko gara.
Tontorretik mendebaldeko norabidean jaitsiko gara; Elortxo izeneko tokian dauden IRUARRIETA I (E) eta Iruarrieta (F) trikuharrien ondotik pasa beharko dugu. Zumarragako eta Azkoitiko udal-barrutien banalerrotik ibiliko gara, Oleta (7) (G) lepora iritsi arte, non Oletako tumulua (H) ikusteaz gain, hurbil duen burdinazko gurutze txikia bisita daitekeen. Hego norabidean ezkerraldera joz, markaturiko bidetik Aginaga auzora jaitsiko gara. Bidezidorraren ezkerraldean, Elorrietako tumulua (I) ikus daiteke. AGINAGA auzotik (8) (J) Zumarragara jaisten den errepidea hartuko dugu, Abendaño baserrira doan eskuinerako bidegurutzea aurkitu arte. Baserriaren ezkerraldetik gutxi erabilitako bidezidorretik jarraituko dugu, bailararen magalean dagoen Izukitza baserrira jaitsiz; Aginagarako errepidera pasatu eta bere hasieraraino jarraituko dugu, Urola ibaiaren gaineko zubira iritsiz. Sasietako atseden-lekua bertan. Urretxuko eta Zumarragako udalek atonduriko Urola burdinbideko bidetik jarraituko dugu hasierako puntura (9) iritsi arte. |
|
Gune interesgarriak |
|
|
|
Kartografia |
|
|
|
Bibliografia |
|
|
|
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
|
© Copyright Ostadar M. T.
© Copyright "Goierri mendiz mendi" ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
|
|