XVI. Ostadar Mendi Astea (Zumarraga - Urretxu)
XII. ANJEL ETXEBERRIAren omenezko Haur Ibilaldi  Neurtua (Gabirira joan-etorria)
21, igandea
Zumarragako plazan
Goizeko 8:45etan

Azaroko 21ean, XII. ANJEL ETXEBERRIAren omenezko Haur Ibilaldi Neurtua egin behar dugu Zumarraga eta Gabiria bitarteko mendietan. 1980ko abuztuaren 11n Lleidako Pirinioan zendu zelarik bere omenezko ibilaldia da honako hau. Ikus dezagun zergatik ospatuko dugun aurten ere berau Ostadar Mendi Taldeko Mendi Aste honetan.

Anjel Etxeberria Zumarragan (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko urriaren 1ean. Bere lehendabiziko mendizaletasun urratsak zuen perretxiko-bilketa jardunetik etorri zitzaizkion, mikologia zalea baitzen gure laguna. Beti OARGUI-Izaspi (Organización Atlética Recreativa de Guipúzcoa) taldeko partaide eraginkorra izanik, herriko ekitaldi eta jardunaldi kultural anitzetan hartu izan zuen parte—izan ere, garai haietan oro har, mendizale giroan murgilduta zebiltzan lagunak ziren bestelako —menditik at— ekitaldi askotan parte hartu zuten lagunak.

1980ko abuztuaren 11n, Antxon —horixe baitzuen ezizena— herriko beste lagun batekin Lleidako Pirinioko Ipar Besiberri tontorrera igo zen. Eta jaitsieran jasandako istripuaren ondorioz heriotza jaso. Hilotza Barruera herrira jaitsi zuten, eta bertatik Zumarragako bidea hartu.

Urte bereko abenduaren 23an, Anjel Etxeberria "Antxon"-ek OARGUI-Izaspi mendi-taldeko lagunen partetik omenaldia jaso zuen. Eta 1981eko maiatzaren 24an, Finalistaren Egunarekin bat egiten den festa-egun berean, Izazpi mendiko gurutze txikiaren ondoan bere omenez monolito bat jarri zitzaion.

Eta nabarmen genezakeen bere ezaugarrien artean, berak lagundu eta antolatu zituen horrenbeste haur-txango dira: herriko haurrak mendira eraman zituen, mendiaren sustapenerako hain garrantzitsua den mendi-eskola hori sortuz.

Eta horrexegatik da, 1988. urtean "I. Anjel Etxeberriaren omenezko Haur Ibilaldi Neurtua" delakoaren antolatze arrazoia: eta honen ondoren etorri dira beste 11 edizio gehiago. Aurten XII. edizioa osatuko dugu. Haur-taldeak azaroaren 21eko 8:45etan irtengo direlarik, Goiko-Txabolatik eta Argixao edo Zumarragamendi gainetik pasa ondoren, Gabiria herri-gunera iritsiko dira, non bertan hain gustuko duten hamaiketakoa hartuko duten. Itzulera Korta baserritik barrena pasaz, Zumarragako enparantzara berriz itzuliko dira. Bidean bi kontrol-gune izango dira eta taldearen segurtasuna Gurutze Gorriak zein Babes Zibilak zainduko dute.

Lerro hauek aprobetxatuz, etorri nahi izango zenuten heldu guztioi gonbidatzen zaituztegu, 200 haurrek parte hartzen duten ibilaldia antolatzea lan erraza ez delako. Zuen laguntza eskertzekoa baita beti.

*OHARRA: Proiekzio guztiak DOANEKOAK izango dira.


Hontza
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.


Igo
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1