XVI. Ostadar Mendi Astea (Zumarraga - Urretxu)
ESKALADAK PAMIRREKO AK-SU BAILARAN
—Joxe Ramon "Txerra" Eskibel—
24, asteazkena
Urretxuko Kultur Etxean
20:00etan

Asteazkenean ordea, herrira Joxe Ramon Eskibel eskoriatzarrak ESKALADAK PAMIRREKO AK-SU (Ur Zuria) BAILARAN izeneko diapositiba emanaldia eskainiko digu.

1999ko uztailaren 18an Alberto Zeberio (Bilbo), Igor Mendizabal Goserri (Mutriku), Juan "Peque" Hernández (Zaragoza), Rafa Santesteban (Iruñea), Iñaki Gomez (Iruñea) eta Joxe Ramon Eskibel Eskoriatzarra Taskhent (Uzbekintango hiriburura) abiatu zirenean ez zekiten oraindik Kirguizistan-eko Ak-Su bailarako zein tontorrera igoko ziren, ezta zein bidetik ere. Orain dela urte batzuk Jon Lazkano bergararrak bertatik ekarritako informazioa baino ez zeukaten.

 

Ikusgarria eta ziraragarria da
Ak-Su bailara.

Jon LAZKANO

Eta prestaturik joan ziren taldekideak, bai material aldetik eta oraindik ere garrantzitsuago den esperientzia aldetik: gazteak izan arren, taldekideak eskarmentua jasorik ibilitakoa baitzen: Yosemite (Nose, Zodiac...), Pakistan (Amin-Brak, Spantik...), Jordania (Wadi Rum), Peru (Alpamayo, Churup...) etab.

Erosketa batzuk egin ondoren, kanpamendu nagusirantz abiatu ziren bi egunetan iritsiz. Eta bertan, talaia zein hobean kokaturik zeudela ohartu ziren, paregabeko behatokian zein igoera egiteko aukeraketan jarduteko alegia.

Bitan banandu zen lagun-taldea bertan, taldeok bide berri bana ireki zezaten Pamir-Alaï mazizoko Ak-Su bailarako harkaitz-dorreetan: batetik Zeberio, Mendizabal eta Eskibel lagunak; bestetik Hernández, Santesteban eta Gomez. Lehenengo taldeak Erdiko Piramidea edo 3.850 m-ko garaiera duen mendi-puska aukeratu zuen. Bigarrenak, ordea, Errusia Dorrea izeneko gaina.

Gaurkoan, Txerra Eskibelek, berak eta bere bi kidek 18 luzez osaturiko "Amalur" izeneko bide berriaren irudiak ekarriko dizkigu. Zailtasunari dagokionez, Txerrak A3+ 6b-koa dela adierazi du. "Zabaldutako marra mendiaren ipar hormaren erdi-erditik doa. Bidea tente izateaz gain, nahikoa zuzena da, fisura marra bat hain zuzen, bertan egin zitekeen biderik logikoena alegia. Granitoaren kalitatea nahikoa ona. Hala ere leku batzuetan, arroka lotu gabe zegoen."

"Big-wall, big-wall izan da. Hamakak jarri, hamabi egun paretan igaro... oso eskarmentu ederra jaso dugu. Eskaladak, besteak beste, ezaugarri nabarmen bat izan du: garbi burutu dugu. Bide osoan ez dugu espit-tik sartu, beno, bi bakarrik eta hamakak zintzilikatzeko ziren. Eta elkarguneetan ere baten bat utzi dugu. Hala eta guztiz ere, lanik ez zaigu falta, iltzeak jartzen eta kentzen denbora asko pasa baitugu. Jaitsi, berriz, ez gara bidetik jaitsi" —azaltzen du Eskibelek.

Ia bi hilabeteko bidaiaren ondoren, atzera itzuli zen Euskal Herrira Txerraren taldea. Honen berri gehiago izan nahi baduzu, hurbil zaitez asteazkenean Urretxuko Kultur Etxera.

  • Iturria:
    <http://www.gara.net>
    (Gara egunkaria - 30. Iparrorratza alea, ostegunetako gehigarria, 1999/09/16 / Ak-Su, "ur zuriaren" keinu adeitsua)

    <http://www.gara.net>
    (Gara egunkaria - 21. Iparrorratza alea, ostegunetako gehigarria, 1999/07/15 / Ak-Su, big-wall exotikoa? / Bost euskaldun eta zaragozar bat Pamir-Alaï mazizora abiatuko dira igandean)

*OHARRA: Proiekzio guztiak DOANEKOAK izango dira.


Hontza
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.


Igo
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1