XVI. Ostadar Mendi Astea (Zumarraga - Urretxu)
ALEGIAZKO HERRIALDE BAT
—Felipe Uriarte—
23, asteartea
Zumarragako Zelai-Aristi Eskolan
20:00etan

Gaurkoan Felipe Uriarte mendizale ezaguna dugu. Gutako askok bere biografia ezagutzen dugun arren, eman diezaiogun errepaso bat:

1944. urtean jaiotako sanjuandar (Pasaia - Gipuzkoa) hau, egun Maillopeko Gaintza nafarrean bizi da. Gazte-gaztetandik —19 urterekin— kostaldeko harkaitz batzuetan hasi zen eskalatzen. Geroago Donostian Ingeniaritza Industrialeko Ikasketak (Enpresen Antolakuntza adarrean) burutu bazituen ere, bere bidea mendiaren ildotik joango zela ikusi zuen —U.I.A.G.M.-ko (Unión Internacional Asociación Guías de Montaña) mendi-gidari titulazioa eta E.E.E.-ko (Escuela Española Esquí) Iraupeneko zein Pistako Eski-irakasle tituluak lortuko zituen.

 

Handik goitik al da, Martin eta Pasang datozen tokitik, norantz erreguen haize-astinduak joaten diren?
Baina, egiazki nondik datoz?
Bere begirada, urrunetik datorrenaren begirada da. Bere barne-muin sakonetatik. Oso hurbil berarengandik.
Gurengandik hain urrun bizi gara!

Buru ilun lurruntsua (Euskaldunak Everest Mendian) - Felipe Uriarte
© Elkarlanean Argitaletxea, 1994—

1969an Cervinoko ipar paretatik igo zenetik Felipe Uriarteren mendi-historiala zabala eta aberatsa da, horretan zalantzarik ez dago. 1972 eta 1973an Dru-ren eta Badile-ren, ipar paretetatik igo ondoren, Himalaiara abiatzen da 1974. urtean Tximist Everest espedizio mitiko horretako partaiderik gazteen gisa; orduan Felipe Uriarte Rosen-ekin batera 8.550 m-ko garaierara iristen da. Espedizio hartan ez zuten euskaldunek gailurra lortu, baina bai 1980koan berak ere parte hartutako hartan, zeinean Martin Zabaletak gailurra zapaldu zuen... 2000 urtean 20 urte betetzen dira...

1985ean Txo-Oiu tontorrera iristen da eta geroago Manaslu (1985), Kangtxenjunga (1988), Makalu (1988) eta Everest (1990ean, goian aipatua) saiakerak egiten ditu. Eta 1991n Felix eta Alberto Iñurrategi anaiekin batera —Kukuchka bariantetik eginez— Makalu (8.495 m) tontorra zapaldu zuenean, Felipek euskal himalayismoan belaunaldi berri bati mendi-testigantza pasatu zion —orduan hasten baita Iñurrategi bikoteak egindako lehendabiziko zortzimilakoa eta Felipek lortutakoa azkenekoa.

Bide eta esperientzia berriak ere jorratutakoa da eta besteen artean 1976an Nevado Pucaranera (6.400 m) gainera IE-ko ertzetik egindako lehendabiziko igoera, 1977an Huascaranera, 1979an Peruko Nevado Alpamayora eta Nevado Qitarrajura egindakoak aipatzekoak dira, baita Pirinioetako Salenques-Tempestades-Aneto-Maladetas-Alba mendi-zeharkaldia J. Villarrekin batera —elkarri lotu barik— 1981ean edo Balaitous-Costerillou-Diablos Ipar-mendebaldeko zeharkaldia —bakarrik— 1982an egindakoak ere.

Felipe Uriarte Gaintzako baserrian
Felipe Uriarte Gaintzako baserrian
—© ARGIA aldizkaria

1976an MENDIAK ETA HERRIAK Mendi-gidarien Elkartea sortu eta gidatzen duenetik, munduan zehar irteera asko egin eta bertoko behin baino gehiagotan mendirik mitikoenak igo ditu: Aconcagua, Cerro Plata, Ojos del Salado, Huascaran, Komunismo Gaina, Toubkal (Atlasen), Kilimanjaro, Mc Kinley, Mont Blanc, Cervino, Monte Rosa... 1976tik 1999ra bitartean, Pirinioetako Besiberri eta Anayet gainen arteko (AD eta D SUP mailako) ertz eta bide klasiko guztiak eginak ditu... baita Nepalen 14 trekking ere bertan zenbait tontor egin.

Egun, Marronekin batera Lizarrusti gaineko "Luis Pedro Peña Santiago" izeneko Aterbe eta Harrera eta Interpretazio Zentroa kudeatzen ari da...

Zenbait mendi- eta bidaia-audiobisualen egile dugu: "Kangtxenjunga", "Inken herrialdean", "Sagarmatha", "Ganges-en Iturburuetan" —orain dela 5 bat urte Ostadar Mendi Astean eskaini ziguna—, "Makalu", "Baghirathi", "Pamir-en Bihotzean" eta "Alegiazko Herrialde Bat"... berak sortutako azkena eta Zumarragako Zelai-Aristi Eskolan eskainiko diguna... bere azken bidai eta trekking-etan oinarritutako diaporama.

Eta horrela aurkezten digu Felipek bere azken lana:

Herrialde batek geografia zehatz bat du, eta nolabait, geografia honek, bertan bizi direnen izaera baldintzatzen du.

Askotan gertatzen da, herrialde batean, geografia mota desberdinak aurkitzea. Egia da, herrialde bateko biztanleek ezaugarri komunak dituztela, baina ez da zaila izaten, geografia ezberdinetako biztanleen arteko ezberdintasuna aurkitzea. Hau guztia herrialde bateko mugetan. Itsaso Atlantikoko bazterretan dagoen ESSAOUIRA herri txikiko marokoar batek adibidez, ez du Atlaseko mendietan bizi den marokoar Bereber batekin zer ikusirik.

Geografiak markatu eta moldatu egiten ditu gizakien nortasuna, izaera eta pentsamoldea. Geografia jakin bat, abesti, ohitura eta istorio berezi batzuen iturri da. Hau dela eta, ALEGIAZKO HERRIALDE BAT. Eta ALEGIAZKO HERRIALDE honetan bizi diren biztanle guztiek ezaugarri berdin hauek dituzte.

ALEGIAZKO LURRALDE honetara bidaia egitea da diaporama honen xedea: EUSKAL HERRIA, NEPAL, PERU, TXILE, ARGENTINA, TANTZANIA, MAROKO ETA GROENLANDIA.

Felipe Uriarte komunikatzaile iaioa da —horrexegatik hartu du parte irrati zein telebistako zenbait saioetan— eta azalpen aberatsak emango dizkigu bere azken audiobisualean. Etor zaitez!

  • Iturria:
    <http://www.argia.com/online/htdocs/online.htm>
    (ARGIA online - Felipe Uriarte mendizaleari elkarrizketa
    Data: 1999ko uztailearen 18an / Aldizkariaren zenbakia: 1724)

    <http://www.argia.com>
    (ARGIA Elkarrizketak online - Bere Bizia, Mendia - Felipe Uriarte mendizaleari elkarrizketa / Data: 1978-12-24 / Aldizkariaren zenbakia: 813)

    <http://www.argia.com>
    (ARGIA Elkarrizketak online - Felipe Uriarte, "Tximist" Taldeko Gazteena / Otsallean Everest Mendiruntz Abiatuko Dira / Data: 1973-11-18 / Aldizkariaren zenbakia: 559)

*OHARRA: Proiekzio guztiak DOANEKOAK izango dira.

 

Kutxa Gizarte-ekintza
—Kutxaren Gizarte-ekintzari esker eskainitako emanaldia—


Hontza
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.


Igo
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1