TEKNIKA
Bere "Manual de Guitarra Americana" liburuan Artur Nadal-ek fingerpicking teknikaren gaineko zenbait galderari erantzuna ematen die.
Nolako gitarra erabili behar da?
Howard Morgen-ek, jazz "fingerstyle" gitarra joleak berak, fingerpicking jotzeko edozein gitarra dela egokia esaten du, batez ere, gitarra egileen aurrerakuntza teknikoak kontuan hartuz gero. Dena den, nire ustean, estilo hau jotzeko gitarra akustikoa, lokarri metalikoekin, aukerarik egokiena eta zuzenena da . Zalantzarik badaukazu, Sedo Garcia-rekin hitz egin dezakezu. Bera Europako gitarra, banjo eta mandolina egilerik onenetarikoa dugu eta aholkuak emateaz gain, zuri eta zure jotzeko erari egoki datorkion musika tresna egin diezazuke.
Esku eskuina nola jarri.
Bluesman eta fingerpicking gitarra jolerik gehienek esku eskuineko hatz txikia gitarra gainean jartzen dute. Modu horretan lokarriak askoz segurtasun eta zehaztasun gehiagorekin sakatu ahal dituzte.

Esku ezkerra nola jarri.
Gitarra klasikoa jotzen duen edonork hau irakurriko balu, haserre bizian nire kontra egingo luke. Baina ahal izanez gero, ikus ezazue egun batean Rev. Gary Davis, Stefan Grossman edota Mississippi John Hurt-en bideoren bat eta ohartu nola jartzen duten ahurra, beti gitarraren masta atzealdetik ukituz. Modu horretan erpurua edo hatz lodia akorde batzuk egiteko erabil dezakete, bosgarren eta seigarren lokarriak zapalduz.

Zenbat hatz erabili behar da fingerpicking jotzeko?
Zeuek erabaki behar duzue hau. Gehienetan hiru hatz erabiltzen dira: Erpurua, erakuslea eta hatz luzea. Dena den, Doc Watson, Rev. Gary Davis, Elizabeth Cotten, Mance Lipscomb, Etta Baker eta Merle Travis-ek, besteak beste, BI HATZ besterik ez dute erabiltzen; erpurua eta hatz erakuslea, hain zuzen. Mississippi John Hurt, Stefan Grossman, Dale Miller, Big Bill Broonzy eta Happy Traum-ek HIRU HATZ erabiltzen dituzte; erpurua, erakuslea eta hatz luzea. Marcel Dadi, Chet Atkins, Leo Wijkamp, Ton Van Bergeyk eta Duck Baker-ek LAU HATZ; erpurua, erakuslea, luzea eta hatz nagia.
Fingerpicking jotzeko puak jarriko ditugu hatzetan?
"Fingerpick" hitzak "hatzetako pua" adierazi arren, fingerpicking jotzeak ez du hatzetan puak jarrita jotzea esan nahi . Ea zer egiten duten fingerpicker ospetsuenek:
Rev. Gary Davis eta Doc Watson-ek plastiko gogorreko puak erabiliz jotzen dute. Stefan Grossman-ek Big Bill Broonzy edo Gary Davis-en kantak jotzeko hatz erakuslean eta luzean National markako pua metalikoak erabiltzen ditu eta erpuruan plastikozko pua . Scott Joplin edo John Hurt-en kantak atzamar puntaz jotzen ditu.
Marcel Dadi eta Chet Atkins-ek atzazalak erabiltzen dituzte eta pua erpuruan baino ez dute jartzen.
Esan beharra dago puaren soinua ez dela batere garbia, batez ere gertatzen den durundia eta sinpatiagatik: Lokarria puaz gogor sakatzean, hurrenak dardarazten ditu eta sasi-akorde bat sortzen dute.
Euskal Herrian oso zaila izaten da metalezko puak lortzea. National marka ezagunena bada ere, Dunlop markak lodiera gehiagoko puak eskaintzen ditu: 0.013tik 0.025era.
Adaptazioak
Musika estilo bakoitzak badu bere tonua. Adibidez, ragtime-bluesak (Blind Blake edo Blind Boy Fuller) SOL eta DO, eta bluesak MI eta LA. Hala ere, Scott Joplin-ek FA-n jotzen zituen batzuetan, eta LA-n edo MI-n jotako ragtimes ere entzun daitezke. Gary Davis berritzailea izan zen eta "Soldier's drill" FA-n jotzen zuen, "Slipp till my girl comes in partner" ragtime MI-n, bluesak DO, SOL, LA edo MI-n, erlijio kantak ("Holy Blues") jotzeko DO edo SOL aukeratzen zuen eta instrumentaletan aldaera asko egiten zituen, SI bemol-en ere jotzen zituelarik.
Edozein doinu jo daiteke fingerpicking estiloan. Hala ere, 3/4 konpaseko kantak ez dira egokienak izaten. Dena den, Elisabeth Cotten, Merle Travis eta Gary Davis-ek, jakina, konpas honetako kantak jotzen zituzten.
Edozein kanta fingerpicking estiloan jotzeko feelinga behar da, teknika beharrezkoa bada ere, ez da funtsezkoena. Ez gehiegi korapilatu; Stefan Grossman-en arabera, adaptazio bat ondo eginda dago benetan dauden notak baino gehiago entzuten direnean.