ARTISTAK
Blind Blake, (1890-1933, Florida). 20ko urte
sonatuetan ragtime modan jarri zen. Ragtime pianorako musika zen
eta geroago charlestone eta beste soinu eta dantza sinkopatu
bilakatu zen. Blues gitarra joleak musika berriari egokitu behar
izan ziren eta gitarra pianoa bailitzan jotzen zuten. 1926an
Blind Blake-k picking munduan eragin handia izango zuen
diskoa grabatu zuen Paramount-en: Alde batean “Early Morning
Blues” eta bestean “West Coast Blues”. Azken hau
ragtime doinu klasikoa da, non Blind Blake-k maisuki jotzen
dituen baxuak, teknika ezin hobeaz berauek bikoiztuz eta
sinkopatuz . Instrumental bezala, lehenengoz grabatutako
fingerpicking dokumentua dugu hau .
Big Bill Bronzy,
(1893-1958, Mississippi). Bai Estatu Batuetan, bai Europan
bluesman-ik ezagunenetakoa izan zen. 1920an Chicagora joan
zen eta bertan Europan egindako bira batzuk izan ezik
(Londres, Paris, Amsterdam), blues, ragtime-blues eta
country-blues jo zuen bere bizitzaren azkena arte, garaiko
bluesaren korronte berriztatzaile barruan, harik eta zurien
artean entzuleak lortu zituen arte. Orduan Mississippi-ko
antzinako bluesa jo zuen berriro, eta 50ko folk mugimenduari
lotutako kantak ere aukeratu zituen.
Elizabeth Cotten,
(1895-1987, Iparraldeko Carolina). Bera ezkerra zen eta
gitarra alderantziz hartuz eta lokarriak aldatu gabe erabiltzen
zuen, hatz erakusleaz baxua jotzen zuen eta erpuruaz melodia,
gitarra jotzeko oso teknika zaila eta bitxia suertatzen zena eta
“Cotten-picking” zeritzona. “Folk boom”
garaian “fingerpicker” hasi berri guztiek jotzen zuten
bere “Freight Train” kanta.
Mississippi John Hurt, (1893-1966,
Mississippi). 1928an Okeh disko-etxean bi kanta grabatu zituen:
“Frankie” eta “Nobody’s Dirty Business”.
Laster baten 13 kanta gehiago grabatu zituen, baina ehunka batzuk
besterik ez zuen saldu eta John Hurt ohiko bizimodura itzuli zen.
1952an “Anthology of American Folk Music” argitaratu
zen, 60ko folk mugimenduaren sorreran eragin handia izango zuena.
LP honetan John Hurt-en kanta bi zeuden eta orduko
entzuleen arreta jaso zuten. Inork ez zekien ezer gitarra jole
hartaz, misterio hutsa zen hura , harik eta 1963an Avalon
herrian, Mississippin, aurkitu zuten arte. Ehun bat biztanleko
herri horretan bizi zen, etxalde batean lan egiten zuen eta
gitarra jotzen zuen oraindik ere, bere musikaz festak eta
dantzaldiak animatu edota musika gaualdiak ematen zituelarik.
Urte berean eman zuen bere lehen kontzertu arrakastatsua
Newport-eko folk jaialdian.
Rev. Gary Davis,
(1896-1972, Hegoaldeko Carolina). Blues-aren historian eragin
gehien izan duenetariko bat eta gitarra jole izugarri ona izan
zen. Berarengandik eta bere musikarekin belaunaldi batzuetako
blues, folk eta rock musikariek ikasi zuten. Berorrek bere kabuz
ikasi zuen gitarra jotzen eta estilo eta teknika asko menderatu
zituen. Hortaz, bere disko bilduman “gospels” edo
“ragtimes”, “blues” zein herri kantak,
haratuzte kantak nahiz martxa militarrak edota mota askotako
instrumentalak aurki ditzakegu.
Mance Lipscomb,
(1895-1976, Texas). Etxalde batean egiten zuen lan, gitarra jolea
eta blues eta rag kantaria ere bazen. Bere jaioterrian larunbat
gaueko festetan gitarra jotzen zuen bere auzokideentzat,
1960an “aurkitu” zuten arte. Orduan estatu
guztietatik birak eta grabazioak egin zituen
Merle Travis, (1917-1983, Kentucky). Egungo
fingerpicking-ean gitarra jolerik berezi eta eraginkorrenetako
bat dugu. Bere estiloak, hain berezia eta ikusgarria izanik,
besteak beste, Chet Atkins, Doc Watson eta Marcel Dadi-ren
estiloan eta musikan eragin handia dauka, Euskadin , Marcel
Dadi bezala, guztiz ezezaguna egiten zaigun arren. Rosewood-en,
Kentucky-ko herri meatzarian, jaio zen 1917an, auzokide
batzuengandik ikasi zuen gitarra jotzen, Mose Rager eta Ike
Everly- Everly Brothers-en aita, hain zuzen. Beraiek zuela urte
asko handik igaro zen trenbideko langile batengandik ikasi zuten.
Horrela frogatu daiteke gitarra estilo hau beltza dela.
Adituen arabera Kentucky aldean fingerpicking estilo berezia dugu; oso sinkopatuta, baxua “itzaliz”eta erpuruan “pua” erabiliz jotzen dena. Guztietarik Merle Travis dugu ezagunena eta eraginkorrena. Herrietako irratietan hasi zen jotzen eta bigarren mundu gerra amaitu ondoren, garaiko irratirik garrantzitsuenetan jo zuelarik, ospe handia lortu zuen. Orduan westner swing , country sinkopatua eta jazzistikoa, modan zegoen eta Travis-ek harmonia ikasi zuen irratiko orkestrak entzunez. Hollywood-eko zine boom-a zela eta, filme batzuetan parte hartu zuen musikari eta artista moduan. Filme horietarik ezagunena “From here to eternity”, Montgomery Clift eta Frank Sinatra-ren filmea dugu. 60ko urteetan , folk moda hasi zenean, produktoreek bultzatuta disko akustiko eta folk batzuk grabatu zituen, berak konposatutako kantak osatuta.
Merle Travis askotariko artista izan zen: Karikaturak eta umorezko marrazkiak egin zituen, erlojugile eta taxidermista izan zen. Bere kanta arrakastatsu batzuk gaur egun ere entzun daitezke Estatu Batuetan, “Sixteen Tones” eta “Dark And A Dangerous”, besteak beste. Merlek bere emanaldi eta grabazio gehienetan gitarra anplifikatua erabiltzen zuen arren, akustikoa ere jotzen zuen. Erpurua eta hatz erakuslea besterik ez zuen erabiltzen, estilo hau sinkopatuetan beste inork ez bezala menderatuz. Picking ikasi nahi duen guztiak Travis-en estilo paregabea miretsi beharra dauka.
Chet Atkins, (1924-2001,
Tennessee). Bera gabe ezin dugu country musika ulertu- dio
Stephen Thomas Erlewie-k, “All Music Guide”koak. Iritzi
hau neurri baten zuzena dateke. Chet Atkins oso gertakari
harrigarria izan da munduko musikan, nahiz eta hemen beti bezala
oso ezaguna ez izan, USA eta Europan bezainbeste ez,
behintzat. Jende askoren ustez, gitarra jole hau country bada
ere, bere produkzioa oso zabala da eta bere gitarrarekin
denetarik jo du; country, jazz, klasikoa, pop... Bere grabazio
bilduma hain zabala denez gero, denetarik aurki daiteke; disko
batzuk benetan zoragarriak, beste batzuk, ordea, nahiko
komertzialak edota aspergarriak.
Hasierako garaian Merle Travis-en eragina antzematen zaio. Urte asko igaro ondoren berak esango zuen Merle Travis-engatik izan ez balitz, mando baten atzean jarraituko zuela ipurmasailei so, etxaldean jarraituko zuela lanean, hain zuzen ere. Irratian Merle Travis-en kantak entzutean, Chet Atakins liluratuta gelditzen zen estilo berezi eta sinkopatu harekin. Atkins-en gaitasun teknikoa gitarrarekin izugarria zen eta berehala ikasi zuen. Irratsaio batzuk egin eta gero nahikoa ospe lortu zuen. Artista berriak aurkitzeko zeukan senari esker, RCA Records-eko presidenteordetzara heldu zen. Gitarra anplifikatua jotzen hasi zen, baina gitarra jole klasikoak ezagutu zituenean, 60ko urteetan, gitarra klasikoa, espainola eta elektrifikatua aukeratu zuen .Bere behar teknikoak kontuan hartuz Gibson enpresak Chet Atkins gitarra sortu zuen.
Ez dut artista ahaztezin honetaz askoz gehiago esango, merkatuan informazio asko eta lar baitago. Azkenik, honako disko hauek gomendatu nahi nizkizueke: Merle Travis-ekin batera grabatutakoak (70ko urteetan Gramy saria jaso zuten), Jerry Reed-ekin batera grabatutakoa (zoragarria) eta Tommy Emmanuel-ekin batera ( Chet Atkins-ek bezala, CGP-certified guitar player-jaso duen bakarrenetako bat dugu).
Doc Watson, (1923, Deep Gap, Iparraldeko
Carolina). Itsua zenez, eskualdeko “old time” bandetan
jotzen zuen, harik eta Ralph Rinzler-ek ezagutu zuen arte. 60ko
urteetan ospe handia lortu zuen. Puarekin (flatpicking) darabilen
teknikaz eta fingerpicking jotzen daukan trebetasunaz milaka
musikazale liluratu ditu. Azkenaldian “country” musikan
kokatuta badago ere, Doc Watson maisua dugu arlo guztietan.
Lehena izan zen “fiddle” estiloko kantak gitarraz
jotzen. Fingerpicker bezala Merle Travis eta Mississippi John
Hurt-en eragina dauka . Erpurua eta hatz erakuslea besterik ez du
erabiltzen eta ulertezina da nola lor dezakeen bi hatz
horiek bakarrik erabiliz, hain soinu garbia , hain abiadura
handia.
Urte askotan bere semea Merle-k lagundu zion emanaldietan. Merle Travis-i zion mirespenagatik jarri zion semeari izen berbera. Etxaldean gertatutako istripu batean semearen ustekabeko heriotzaren traumak jota, Doc Watson-ek musika emanaldiak egiten jarraitu zuen eta gaur egun, adin handiko gizona izanda ere, oraindik ikus dezakegu USA-ko country jaialdi gehienetan .
Doc Watson-en beste ezaugarri bat bere ahotsa da. Gitarra joleak ,batez ere, gitarra jotzen aritzen dira, Doc Watson-ek, ordea, beti abesten du eta bere gitarra laguntza ez ezik, bakarlaria bailitzan entzuten da. Ez diotsuet nolakoa den gitarran bakarkako zatiren bat jotzen duenean! “Doc Watson on Stage” diskoa miresgarria da eta edozeinen diskoteka osatzeko gomendagarri. 60ko hamarkadaren hasieran unibertsitate batean eman zuen kontzertu baten zuzeneko grabazioa da; beraren eta semearen gitarrak gehi bere ahotsa ia bi orduz. Inork ez luke halako aukerarik galdu behar.
Marcel Dadi, (1951-1996, Frantzia).
XX.mendeko gitarra jolerik miresgarrienetako bat dugu
Dadi.TWA-ren hegazkin istripu lazgarriak moztu zuen Europako
fingerpicking gitarra jolerik adierazgarrienaren ibilbide
artistikoa eta bizia bera. Tunez-en jaio zen. Shadows-en
disko-zalea zen, Chet Atkins-en disko bat entzun arte, orduan
gitarra jotzen hasi zen, bere bizitza zeharo aldatuz. 60ko
urteetan Pariseko folk pub ezagunenetan musika jotzen hasi
zen. “San Germain de Prés” pubean eginiko emanaldiak
antologikoak izan ziren. Bere gitarra akustikoa, Martin bat, utzi
eta Chet Atkins-ena bezalako Grecht motako bat hartu zuenean,
bere jarraitzaile askok kritika gogorrak egin zizkioten. 70ko
urteetan “La Guitare à Dadi” I eta II grabatu ondoren,
bere ospea areagotu egin zen. Pariseko Olympian emanaldi bat
baino gehiago egin zuen eta Frantzian Urrezko Diskoa jaso zuen.
Bere diskoak beti tablaturak eta guzti ekoizten zituen, bere
dohain pedagogikoak agerian utziz. Partitura horiei esker, bere
jarraitzaileek ikas zezaketen Dadiren edozein kanta jotzen. Chet
Atkins, Merle Travis eta Doc Watson-en eragina erraz antzematen
diogu Dadi-ri: beren doinuak eta kantak jotzen zituen eta Europan
zehar ezagutarazi zituen. Gitarra jole honen beste ezaugarri bat
bere harmoniak dira, bere konposizio guztietan datzan sormen
harmonikoa miresgarria da. Hitz gutxitan, ibilbide artistiko
zoragarri bat, hegazkin istripu lazgarri hark eten egin zuena.
Picking-zaleok beti omenduko dugu Dadi.
Stefan Grossman,
(1945, New York). Apirilaren 16an Brooklyn-en jaio zen. Blues
akustiko eta fingerpicking gitarra jolea, irakaslea eta
historialaria da. Antzinako blues-ak eta 30/40ko urteetako
ragtimes tabulatzen eta entzuleen artean zabaltzen aritu zen
lehenetarikoa dugu. 50ko urteen amaieran New York-eko
intelektualen artean folk musikarekiko interesa piztu zen. Folka
garai hartako gizartearen aurrean kontra egiteko modu bat zen
aldi berean. Grossman-ek Rev. Gary Davis-ekin ikasi zuen
eta beste lagun batzuekin, gitarra joleak ere bai, Mississippi
John Hurt ezagutu zuen. 15 urterekin hasi zen gitarra ikasten eta
Rev. Gary Davis-ekin izan zuen harremana ikasle-irakaslearen
artekoa edota lagunartekoa baino gehiago izan zen. Gehien eragin
zion gitarra jolea izanez, eta haien arteko harreman bereziari
esker, Grossman aditu baino adituago bihurtu zen Reverendo-az ,
beronetaz hainbat liburu eta disko argitaratu eta ekoiztu
zituelarik. 60ko urteen amaieran Vietnameko gerrak bere
bortizkerian zirauen. Berari eta bere lagunei soldadutzara deitu
zieten, baina bera libratu egin zen. Orduan gitarra jotzen zuen
rock taldea utzi eta Europara abiatu zen. Country blues eta
fingerpicking estilo ezberdinen gaineko liburu bilduma prestatzen
hasi zen. Kontzertuak eman zituen Europako herri askotan.
Italiara heldu eta bertan ezkondu egin zen. Geroago Ingalaterrara
itzuli zen eta handik USAra. 80ko urteetan John Renbourn
paregabeko gitarra jolearekin batera disko batzuk grabatu zituen.
Disko hauetan jazz eta Irlandako musika jotzen dute. Gaur egun ez
du kontzerturik ematen, ezta birarik egin ere. Badirudi
picking-en irakaskuntzan diharduela, country blues akustikoa eta
ragtime, hain zuzen. “Kicking Mule” enpresa, dagoeneko
desagertuta, eta geroago “guitarworkshop” enpresa edo www.guitarvideos.com webgunea sortzeaz bat, enpresa-gizon arrakastatsu
bilakatu da gure artista.
Picking ikasi edota teknika aparta honetan sakondu nahi izanez gero, Grossman-en liburuak, bideoak, kaseteak, ikastaroak... eskatu, lortu, kopiatu, erosi..... behar zenituen. Ez zegoen besterik. Orain Internet-en partitura eta informazio asko lor daiteke eta bere enpresa ere badago sarean.