Elurroldeen aurrean jakin beharreko informazio eta
 aholkuak


 
 Elurrolde baten aurrean jakin beharreko 30
 aholku

Gizakia ez da Mendian ondo egokitutako animalia, Menditik at (herrietan, hirietan...) bizi den izakia da, non bertan bizirauteko behar diren arauak Mendian bizitzeko behar direnetik oso urrun dauden. Hori dela eta, horrexegatik, gizakiak Mendi Garaian bizi eta gozatu ahal izateko derrigorrezko zenbait arau behar ditu..

Helikopteroa
Helikopteroa
—© BBC News
http://news.bbc.co.uk/

Elur-jausiak malda baten azalaren gainean (elur, belar geruza baten gainean) gaizki egokitutako eta bertatik eroritako elur-geruza bat edo gehiagoko osatutako oldea dira. Eta elurroldeak bereziki, Mendi Garaian gertatzen dira. Ondoren idatzi izan ditugun arauek mendizaleak elurrolde baten aurrean zer egin behar duen informazioa emateko xedea dute. Arauok jarraitzea, bizitza salbatzea daiteke. Egin kontu!

Igo

 a) Irteera egin baino lehen

  1. Azter ezazu aurretik, geroago neguan egin behar duzun mendi-ibilaldia (uda-garaian bisitatuz, mapa aztertuz, dagozkion informazio iturri espezialduak —bibliografia...— kontuan hartuz. Elurrolde arrisku baxua edo hutsa duten tokietatik ibiltzen saia zaitez.

  2. Elurrolde arriskuari buruz mintzatzen diren informazio iturriei egin kasu. Elur-jausien arriskua 1etik 5erako eskala batean neurtzen da. 3tik gorako neurrietan, arriskua handia izan daiteke: hori dela eta, horrexegatik, ibilaldia tokiz edo egunez aldatzea ezin daiteke ideia makala izan, gure biziak arriskutik kanpo jarriko ditugulako. Zein izan da eguraldia aurreko egunetan? Orain dela ordu gutxi elurrik egin al du?

  3. Ez zaitez mendira inoiz bakarrik joan, eta are gutxiago neguan eta Mendi Garaian, orduan direlako mendiak elurrez estaliak, orduan delako elurrolde-arriskua.

Igo

 b) Arriskua duen toki batera iritsiz gero...

  1. Oro har, elurroldeak elurra bailarako bidean geldiaraziko duten ez landaretzarik ez harririk duten hegietan gertatzen dira. Arriskurik erakutsi dezakeen guneren batera iritsiz gero, saia zaitez —ahal bada— igotzeko bide berriak bilatzen (bide alternatiboak): harriz estalitako gailurrerietatik igoz, edo sigisaga handiak eginez, hegi erdian mendian gorako bideak erabiliz.

  2. Jantzirik eta baita bizkar zorroan duzun neguko arropa guztia jantzi ezazu (zamarrako kremailerak itxi, eskukoak eta txanoa jarri...). Horrela, elurroldeak harrapatuz gero, ahalik eta bero gehien gorde ahal izateko, hipotermia saihesteko.

  3. Bailararen forma, neurriak eta ezaugarriak azter itzazu, elurroldea gertatuz gero ihesbidea non dagoen aurretik jakitearren.

  4. Elurrez estalitako hegietan beste mendizale-talderik ikusiz gero, adi! ez ezazu pentsa hauek dabiltzan hegia arriskurik gabea denik, hots, aurreko mendizaleak gaizki egiten izan daitezkeelako, ez egin zuk ber gauza. Zuk zurea den iritzi eta azterketa hausnar ezazu.

  5. Zure taldea osatzen duten lagunen egoera fisikoa kontuan har ezazu. Gosez, akiturik edo hotzez izanez gero, ezin da egoera osasuntsu batean hartzen diren bezalako erabaki argirik hartu: mendian behar ez diren erabaki kritiko eta okerrak hartzeko arriskuan eror gaitezke egoera fisiko okerrean egonez gero.

  6. Inguru batean elurrolde txikiak izan diren seinalea ikusiz gero, toki berean elurrolde handiagoak ere gerta daitezkeen seinale nabaria da.

  7. Zonaldeko eguraldi aldaketei kasu egin (eguraldia, tenperatura...), eta arreta handiagoa jar ezazu egiten ari zaren txangoa ordu batzuetakoa bada.

  8. Eraman ezazu bizkar zorroan, elurrolde erreskateetan beharreko materiala eta ekipamendua: zure baliza propioak, zunda teleskopikoak, pala tolesgarriak. Eskuz baino pala erabiliz, elur azpian dagoen laguna salbatzeko denbora aurreztu daiteke. Eta ez da txantxa.

  9. (Saihesterik ez badago) arriskutsua den gunetik igarotzean, bastoien, bizkar zorroaren, eskien loturak aske eta solte eraman itzazu, elurroldea gertatuz gero ahalik eta azkarren erants eta kendu ahal izateko. Elur-jausian eroriz gero, hauek jantzita izateak oldearen hondora eramaten zaituzte-eta.

  10. Taldean ibiltzen delako, mendizaleak banan-banan eta bakarrik igoko (edo jaitsiko) dira arriskua darion gunetik, oldeak jarraituko lukeen txirristaren erdigunetik urrutien ibiliz: era honetan oldearen eskuetan erortzeko arriskua txikitzen dugu. Gainontzeko lagunak toki seguruan geratuko dira, arriskuan jartzen den lagunari sorospen laguntza eman ahal izateko. Elur-jausia gertatuz gero, hauek, elur azpian egon daitekeen lagunaren kokapena kalkulatzen saiatuko dira, erreskatea ahalik eta azkarren egitearren.

Igo

 c) Elurroldeak maldan behera eramanez gero

  1. Jantzita edo helduta ditugun gaiak (pioleta, bizkar zorroa...) erantsi eta igeri (bai, igeri) egingo dugu. Korrontearen alde eta ahalik eta goienen igeri egiten saiatuko gara. Aurretik bailaren egitura ikasi dugularik, erdiko korronterik alboetako ihesbideetara egiteko ahaleginak eta bi egingo ditugu.

  2. Elurroldeak maldan behera eraman ez zaitzan, zuhaitz edo edozein heldulekuri euts iezaiozu ahal izanez gero.

  3. Pixkanaka-pixkanaka gelditzen ari garen heinean, (pilota itxurako) jarrera bilduan jarriko gara, elurrarekin kontaktuan dagoen gorputz azalerarik gutxien ipiniz: era honetan hipotermia saihesten saiatuko gara, gorputzean ahalik eta bero gehien gordeko dugu. Gelditzen ari garen neurrian, inguratzen gaituzten elurra eta gainontzeko hondakinek porlanaren bezalako gogortasuna har dezaketela kontuan hartuko dugu.

  4. Elur azpian bagaude ere, bertan arnasa hartzea posible dela jakitea komenigarri da. Lehenik eta behin, lasaitasuna mantentzen saiatuko gara. Sarritan, elurroldeek mendizaleak desorientatzen dituzte. Mendizaleak ez daki zutik edo etzanda dagoen, buruz behera edo gora ote dagoen. Behin gelditu garela, txistua botatzea, edo txiza egitea nola gauden kokaturik jakiteko ekintzak izan daitezke.

  5. Elurrez bete ez daitezen, ahoa eta arnasbideak estaliko ditugu. Ahoan zapi bat sartzea aukera ona izan daiteke, edo bestela, baita buruaren aurrean tokia lortzearren, aurpegia eskuekin estaliz burua alde batetik bestera mugitzea ere. Oinekin eta eskuekin (buruaren aurrean dugun) elurra zapaltzen saiatuko gara eta aurretik ezagutzen dugun norabidea hartuta, elur-jausitik irteteko urratsak emango ditugu. Elurroldea gelditzen denean, segundo bat eta hiru bitarteko denbora dugu arnasteko tokia egin dezagun. Elurroldeetan gertatzen diren hildako asko eta asko asfixiaz hiltzen dira. Hori dela eta, arnasteko tokia egitea oso ekintza garrantzitsua da elurrolde batek harrapatzen bagaitu. Sakonki arnas ezazu eta birikak handitu itzazu: izan ere, baliteke arnasteko arazoak izatea elurroldea gelditu eta elurra egonkortzean.

  6. Azaleratik metro eta metro t'erdi bitarteko sakoneran izateko zori ona badugu, baliteke elurroldetik gure kabuz irtetea. Oina edo besoa atera eta gure lagunak gure bila etor daitezen seinalea egingo dugu.

  7. Lagunak zure bila etortzen ez badira, ez itzazu indarrak alferrikako garrasiak egiten galdu, Soilik beren deiak entzutean, ahalik eta lasaitasun handienez zure laguntza-eskaera deiak egin itzazu. Era honetan, lasai bazaude, lasaitasuna gordetzen saiatzen bazara, elurpean denbora gehiago bizirauteko aukera izango duzu. Izan ere, elurra soinuaren isolatzaile oso ona da. Soilik lagunak hurbil dituzunean, laguntza eskatzeko aukera izango duzu: elkarri entzuteko aukera izango duzue.

Igo

 d) Zure lagunen bat elur azpian ehortzirik izanez
 gero

  1. Elurroldea gelditutakoan, arriskua desagertu dela ziurtatzeko minutu bat edo bi itxarongo ditugu. Oraindik arriskurik badago, gure lagunetako batek toki berean gerta daitezkeen elur-jausi berrien ikusteko eta ohartarazteko lana egingo du.

  2. Lagun talde bat osatzen badugu, sorospen taldeei laguntza deia egingo diogu (sakelako telefonoz, 2 m-ko irratiz..., edo espreski gure lagunetako bat laguntzaren bila igorriz). Elur-jausian erori den lagun bakarra bazara, aitaren batean elurroldea ikuska ezazu. Ezer ikusten ez baduzu, eta ARVArik ez baduzu, agudo laguntzaren bila joan zaitez.

  3. Elurroldea non hasi den, zein bide hartu duen eta hartutako biktima noraino jaitsarazi duen aztertzen saiatuko gara. Hegian, mendizalearen seinaleak (arropa, bizkar zorroa,...) bilatzen saiatuko gara, esku edo oin bat (mendizalea azaletik hurbil dagoen seinale ziurra hain zuzen ere). Hegian aurki daitekeen arropa eta materialak mendizalea non dagoen seinale edo marka —agian— ematen ez badute ere, mendizaleak maldan behera izan duen progresioa zein den erakutsiko digute. Ez ditzagun gure bizkar zorroak hegian geratu diren bizkar zorroekin nahas. Erabiliko ez dugun gure materiala, albo batean, toki zehatz batean utziko dugu.

  4. Elurpean dagoen laguna kokatu dugunean, ehortzirik dagoen tokia seinaleztatuko dugu. Elurpetik, ahalik eta azkarren ateratzen saiatuko gara. Zenbat eta azkarrago atera, hainbat eta bizirik egoteko aukera handiagoak izango dituela gure lagunak.

  5. Biktimaren seinalerik ez badugu, azkenekoz ikusia izan zen tokia seinaleztatuko dugu. Maldan behera hartu izan duen bidea imajinatzen saiatuko gara.

  6. ARVAk baditugu, makinok bilaketa moduan jarrikok ditugu. Operazioaren gordintasun eta zailtasunean, ahalik eta ordena eta lasaitasun handienean egitean saiatuko gara.

  7. Zundak baditugu, biktima azkenekoz ikusia izan zen tokitik hasiko gara. Non egon daitekeen jakin edo asma badaiteke, bertatik hasiko gara. Sorbalda sorbaldarekin ipiniz, maldan behera gure lagunaren bila abiatuko gara.

  8. Elurrolde biktima bat elur azpian 15 bat minutu egon daitekeela frogaturik dago. Lehendabiziko ordu laurdena beraz, garrantzi handiko denbora tartea da.

Igo

 e) Teknologiak, materialak eta formakuntzak
 lagun dezakete

  1. Neguan soberako materiala eramatea, inoiz soberakoa ez dela denok dagoeneko, ondotxo dakigu. Arropa egoki bat, pioleta, granpoiak, erraketak, soka edo kordino bat, pala eramangarriak... eramateaz gain, ARVA gailuen erabilera (elurroldeetan erabiltzen diren detektagailuak, gehienetan zeharkaldiko eskian erabiltzen direnak) elurroldeetan erori diren lagunen erreskatean oso erreminta erabilgarriak izan daitezke:

    • Pala eramangarriak. Pala arin eta eramangarri batek biktima baten erreskatean beharreko denbora laburtuko du, hotzez zein asfixiaz hil ez dadin garrantzizko lanabesa delarik.

    • Zunda teleskopikoak. Zundak —bildurik 30 cm-ko luzera eta zabaldurik, metro t'erdi eta bi m-ko luzera izan dezaketelarik— biktimen seinalerik ez dagoenean, elurroldeetan erabiltzen diren erreminta erabilgarriak dira. Teleskopikoak eta arinak izateagatik, bizkar zorroan erraz sartu daitezkeen lanabesak dira.

    • ARVAk. ARVA izenez ezagunagoak diren transtzeptoreak, elurroldeetan gertatzen diren biktimak erreskatatzeko erreminta eraginkorrenak dira. Gailuak frekuentzia jakin batean seinale bat igortzen duen bitartean, beste ARVA gailuek seinale hori irakurtzeko aukera dute: era honetan, gailu honek mendizaleei elur azpian dagoen biktimaren bila joateko arrastoak ematen dizkie. Baina bada derrigorrezko baldintza bat, bai erreskatatzaileek, baita istripua izan duen mendizaleak, ARVA bana izatea. Eta are gehiago, elur azpian dagoen laguna gailua igorketa moduan pizturik izan behar du: ez da lehendabiziko aldia elur azpiko mendizalea ARVA irakurketa moduan piztuta izateagatik asfixiaz hil dela. ARVA beti igorketa moduan pizturik eraman behar baita.

      ARVA bat baino gehiago behar dela kontuan har ezazu, bakarrarekin ez dugu ezer egiten-eta. Are gehiago, ARVA bana behar izango litzateke lagun bakoitzeko, elurrolde gertatuz gero beti kanpoan dagoen laguna biktimen erreskatean ARVA gailua erabiltzeko aukera izango duela ziurtatzearren. Hala ere, gailu kopuru baxua, edo eta, arriskua darion tokian elkarrengandik hurbilegi mugitzen den mendizale-taldea, gailuen erabilpena debaldeko izatea eragin dezakete. Goian aipatutako arauek ARVA gailuek ahalik eta ondoen erabiltzen erakusten dute.

      ARVAk erabiltzeak ikasketa prozesu bat dakar. Bere erabilpena seinalea ematen duen gunearen inguruan geroz eta zirkulu txikiagoak marraztearen operazioan datza: era honetan, zirkuluaren erdigunea aurkitzen dugu Bat badaramazu, ondo erabiltzen dakizula ziurta ezazu.

      Elur-jausi batean izandako biktimen erreskate-denbora oso garrantzitsua da. Egun, zera dio esperientziak, 15 eta 30 minutu bitarteko tartean ateratako lagunak soilik ateratzen direla bizirik. Horrexegatik, erreskate azkar bat behar-beharrezkoa da biktima bat bizirik atera dadin eta horrexegatik, ARVA bat oso gailu egokia da.

  2. Zure Federakundeko Goi-Mendi Eskolak urte oro antolatzen dituen Elurrolde-arriskuko Prebentzioko Ikastaroa egin ezazu. Beraiek erakutsiko dizute zer egin, zer jarrera izan eta elurroldeak nola saihestu: bizirik jarraitzeak merezi du-eta.



Igo
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1