Mendiak gizakiak gutxi okupatutako alderdiak izaki, askotan Izadia hobeto gorde izan den esparruak dira; dena dela, gaur egungo
inguramen degradazio azkarra ere horraino iritsi da. Gure aisialdian mendira joaten garenok ere, inguramenaren degradazioari
laguntzen diogu, oro har nahi izan gabe den arren. Mendira egiten ditugun irteeren inguramenaren kontrako eragina ahal den
txikiena izan dadin, Izadiarekiko adeitasunezko portaera jarraitu behar dugu; liburuen edo esku-liburuen bidez ikasten ez den
gaia, denboraren poderioz pixkanaka-pixkanaka ikasi ohi da. Hala ere, hona hemen oroigarri gisa, portaera ekologikoa izan dezagun
kontuan hartu beharreko dekalogo bat, interes eta zentzu pitin batez arituz gero, mendietan barrena gure arrastoak utz ez
ditzagun lagunduko diguna.
- 1.Mendian, ez ezazu inolaz ere zaborrik utzi: poltsa batean jaso eta aurkitzen duzun lehendabiziko zakarrontzi edo
kontainerrera eraman ezazu, baita zaborra bizkar zorroan denbora luzez eraman behar baduzu ere. Janari hondakinak
biodegradagarriak diren arren, tontor baten gainean edo bide bazterrean abandonatzeak ingurua itsusten du. Konpondu ez den arazoa
da: hainbat eta hainbat aldiz errepikatu arren, jendeak oraindik ere mendian zaborra uzten jarraitzen du. Puntako adibidea gisa,
mendizaleon inguruan aski ezaguna den Everest mendiko zabor hondakinen arazoa da, non 8.000 metrotan baino gorago, espedizio
askok abandonatutako zabortegi handia dagoen.
Izadia © Carlos Mediavilla
|
- 2.Autoa edo motorra, herrian edo errepidearen ertzean ondo aparka ezazu; mendian soberan daude, giroa kutsatu eta
zarata ateratzen dutelako; gainera zu alferrontzi bihur zaitezen eta kilo batzuk gizentzen laguntzen dizute. Oinez ibiltzea,
ezagutzen den ariketa fisiko osasuntsuenetarikoa eta gomendagarrienetarikoa da eta kilometro batzuk ibiltzea ia denon eskura
dagoen iharduera da; horretarako ez da atleta fin bat izan behar, haurtzarotik zahartzarora praktika daiteke-eta. Kilometro
batzuk ibiltzen ausartzen ez denak, bere osasunaz gehiago kezkatu beharko luke eta Santiago Bidea oso osorik egiten duten 60
urtetik gorako gizon-emakumeak asko eta asko direla ere jakin beharko luke.
- 3.Ez ezazu ozenki hitz egin (behar-beharrezkoa ez baldin bada, bederen) ezta bolumen altuan musikarik jarri ere.
Isiltasuna entzun eta goza ezazu (gaur egun aurkitzen oso zaila baita) edo bestela, Izadiak eskaintzen duen musika dasta ezazu:
txorien kantua, haizearen eta behien zintzarrien hotsa ... eta gainontzeko guztioi entzuten ditzagun utz iezaguzu. Hala ere,
oraindik ere musikarik entzun nahi izanez gero, kasko batzuk erabil ditzakezu.
- 4.Bidean aurkitzen dituzun basa- zein etxe-abereak bakean utzi. Zakurrik edukiz gero, ondo irakatsita edo lotuta izan
ezazu, animaliak izu ez ditzan. Ahal duzun neurrian, saia zaitez fauna aldetik sentikorrak diren lekuak saihesten eta
zidorretarik ez irteten saia zaitez basoetan barrena batez ere bertako animaliak asko min ditzakezulako. Eskalatzen baduzu,
harrapariak edo bestelako hegaztiak habia egiten duten hormetatik at egin ezazu.
- 5.Hain hedatuta dagoen sua egiteko zaletasuna oso arriskutsua da mendirako, suak urtero urtero zuhaitzez beteriko
hektarea mordoa erretzen baitu. Ez ezazu surik piztu kontrolpean dauden lekuetan ez baldin bada, bederen eta beti eroritako
egurra erabili: zuhaitzen kimak edo adarrak ez itzazu moztu. Aterbeetan larrialdietarako gorderik dagoen egur pila ere ez erre;
zure egurra jaso eta aurkitakoa zen duzun baino gehiago utz ezazu.
- 6.Izadiarekiko errespetuak bertan egiten diren giza-iharduerak ere kontuan hartu behar ditu: ez itzazu zelaiak zapal
(segatu berriak ez badira behintzat), alanbre-hesiak-eta poliki igaro itzazu, langak irekita ez utzi (abereek ihes egin
baitezakete), erabiltzen dituzun txabola eta bordak zain itzazu eta zelai partikularretan ez kanpatu jabearen baimenik ez baduzu.
Izadia © Carlos Mediavilla
|
- 7.Une oro, mendian oharkabeki igaro behar duzu; Izadia ez molestatzen saiatu: ez ezazu aterbeetan edo harrietan
pintadarik margo, ezta estalaktitarik ken, eta ur-etorri urriko ibaietan edo lakuetan txanpu edo xaboiarekin ere ez zaitez baina ...
- 8.Mendiak ondare kultural handia gordetzen du, eta batzuetan bertaratzen diren bisitariek ezjakintasunez edo mesprezuz
aintzakotzat hartzen dute, esate baterako bertako tokien toponimo zaharrak (mapek maiz aldatzen dituztenak) edo bere biztanleen
hizkera eta ohiturak (askok eta askok trufatzeko gaitzat hautatzen dituztenak). Ondare etnografiko baliotsu hau errespeta eta
aintzakotzat har ezazu, gaur egun desagertzeko zorian baitago.
- 9.Arau hauek guztiak kontuan izanez, inguramen hezitzaile bihur zaitez: gizalegeki, eta maisukeriaz adierazi gabe,
Izadia eta bere giza-giro tradizionalarekiko adeitasunezko portaera ez daramatenen iharduera zuzen ezazu, nahigabekeria,
arduragabekeria nahiz basakeria hutsez egiten dutelarik ere.
- 10.Azkenik, bisitatu behar dituzun tokien inguramen arazoaz ohar zaitez, baita gainean dituzten mehatxu larrietaz ere.
Talde ekologistek egiten dituzten salaketak kontuan har itzazu. Alde hauetako biztanleen iritzia entzun, oro har arazo hauei
buruzko ikuspegi desberdina izaten dutelako euren biziera eta duten baliabideak ezagutu ondoren, ondorioak atera itzazu.
Mendizaleok, mendia ezagutu eta nolabait mendia erabili ohi dugulako, bere alde egin behar dugu eta horretarako guk geuk ere gure
iritzia emateko eskubidea dugu.
Orri honetan azaltzen dizugun dekalogoa ez da erabat jatorrizkoaren itzulpena, Fernando Obregón Goyarrolaren dekalogoa
Kantabria herrialdera egokitutakoa baitzen. Kasu honetan, ez soilik Kantabriara baizik eta edozein herrialdetarako aplikagarria
den dekalogoa aurkezten dizugu.