2001-03-11 Egibarren
ENAri buruz
Alberto Iribarren • Iruñea
Lehengo batean, Gasteizko
Legebiltzarrean Euskal Nortasun Agiriari buruzko
eztabaida piztu zela jakin nuen egunkarien
bitartez. Gai hau oso interesgarria iruditzen
zait, ez ENA baten jabe naizelako soilik, nire
ustez, nazio eraikuntzan emandako pauso
garrantzitsuenetarikoa delako baizik.
Interesgarria iruditzen zait, gizartetik,
alderdikerietatik at, sorturiko ekimen bat izan
delako, baita abertzaletasunaren sentsibilitate
guztietara eta Euskal Herriaren lurralde orotara
heldu delako ere.
Euskaldun askok pentsatu dugu ENAri nolabaiteko
ofizialtasuna eman behar zitzaiola; horregatik,
gustura sinatu genuen Bai Euskal Herriari
ekimenaren sinadura bilketan, Udalbiltzari gure
nortasun agiri ofizialak eskatzeko. Ez naiz
gustura sentitu, ordea, Egibar jaunak ENA eskuan
zuela esandakoekin. Jaurlaritzak ENA banatu
beharko luke euskaldunen artean? Jaurlaritza
nafarren eta Iparraldekoen gobernua bihurtu al
da derrepente? Hiru probintzia horietan bizi ez
garen euskaldunok nora jo beharko genuke agiria
eskuratzeko?...
Egibarren hitzek agerian uzten dituzte alderdi
instituzionalen bizio autonomistak eta nazio
mailan pentsatzeko zailtasunak. Euskal Herrian,
alderdi abertzale guztien artean eraikitako
instituzio bakarraren egoera ere burura datorkit.
Ez zait batere gustatu Bai Euskal Herriari
ekimenak bere kanpainari emandako bukaera ere.
Nik sinatu nuena Udalbiltzarako zen. Baina nire
sinadura EHko hautetsiek sorturiko Udalbiltza
paraleloak jasoko omen du, Bai Euskal
Herriari-ren eskutik. Eta hautetsi horiek beste
nortasun agiri bat ateratzeko asmoa omen dute.
Honek guztiak abertzaletasunaren gaur egungo
egoera islatzen du. Alde batetik, abertzaletasun
instituzionalak, borroka armatuaren aitzakiaz,
abertzale bezala dagozkion ardurak alboratzen
ditu. Beste aldetik, ezker abertzalearen
arduradunek estrategia politiko-militar horretan
jarraitzeko apustua egin dutela dirudi,
estrategia hori nazio eraikuntzak gaur egun duen
oztopo nagusia bihurtu dela asimilatu ezinik.