http://www.geocities.com /enataldea 

     ENATALDEAREN WEB GUNEA  
    ENA BETI  LEHENA !

 ATALAK

 Enataldea
 ENA elkartea
 Nolakoa da  ENA ?

ESKAERA

 Eskaera orria jetsi
Udalherri laguntzaileak
 Elkarte laguntzaileak

BERRIAK

 Egunkarietako berriak
 Iritzi artikuluak
 ENA elkarteak bere lanari eutsiko dio.

BESTELAKOAK

 Mezuak bidali
 ENAren pegatina
 Loturak
 © ENATALDEA

(c)


 

IRITZI ARTiKULUA

ENA, naziogintzan urrats sendoa 2000-08-12

Patxi alaña eta Alfredo Gomez *•

[Euskal Nortasun Agiria elkarteko kideak]

Orain dela hiru urte ENA elkartea sortu genuen. Batetik, euskal nortasunaren inguruan hausnarketak, hitzaldiak, liburuak... lantzeko; eta, bestetik, euskal nortasuna adierazteko agiriak sortu eta zabaltzeko: nortasun agiria, familia liburua eta pasaportea. Oraingoz nortasun agiria egin da, eta ia 10.000 agiri banatu dira.

Orain dela hiru urte, abertzaletasunean oro har, ez zioten ia garrantzirik ematen gai honi. Izan ere, agiria zabaltzen hasi ginenean, jende askoren aldeko iritzia eta laguntza jaso bagenituen ere, banaka batzuek gure ekimena kritikatu zuten: ea euskal bertsioko DNI bat egin behar ote genuen, ea agiria eramatea ezinbestekoa izan beharko zen... Zorionez, ENA agiria eskuratu duen edozeinek baiezta dezakeenez, ENA edukitzeak bestelako esperientzia positiboa dakar: euskal herritar gisa edonon eta edozeinen aurrean azaltzea.

Orain dela hiru urte ez zegoen Udalbiltza, ez zegoen euskal agiria egingo zuen erakunderik.

 

Egindakoa, lortutakoa

Hiru urte pasatu dira, eta Agiriari buruz, hiru urte emankor hauetan, hainbat gauza esan beharra dago:

 

Erabilera. Alderdi hau da garrantzitsuena. Zifra zehatzak ez dira, baina, jendeak esandakoaren arabera, ENA leku eta egoera guztietan erabiltzen da: zenbait kontratu egitean (Gasa...), hoteletan, kanpinetan, botoa ematerakoan (200 bat lagunek bozkatu dute ENA erakutsita), udaletxeetako zerbitzuetan, aireportuetan, aurrezki kutxetan, merkataritza zentro handietan eta abarretan. Egunero 400 bat bider inguru erakusten da dokumentu hau.

Gainera, desobedientzia zibila ere bultzatzen du. Kasu askotan onartu nahi izan ez dutenean, jendeak desobedientzia jarrera hartu eta askotan, amaieran, onartu izan diete: adibidez, kreditu txartelaz ordaintzean, supermerkatuko erosketa guztiak bertan uzteko esan eta azkenean onartu izan dute ENA...

 

Eztabaida soziala. Baina ENAren lorpen garrantzitsuena gai hau zabaltzea eta eztabaidatzea izan da. Gero eta jende gehiagok ezagutzen du, eskatzen du, interesa du gai honetaz. Herritarrek ikusi dute DNI edo Carte Nationale d’Identité delakorik gabe, neurri handi batean bederen, bizi daitekeela, gestioak egin daitezkeela.

 

Errepresioa. ENA garrantzitsua da eta Madrilen ere horrela ikusi dute. Haien egunkari gehienetan gaia agertu da, oso modu negatiboan. Zenbait euskal herritarri, poliziak jarritako kontroletan, ENA ostu diete, edo haien aurrean apurtu. Pertsona bati, identifikatzeko ENA erabili zuelako, isun bat jarri diezaiokete. Fiskaltzan, goitik instrukzioak jaso dituzte gure erakundea aztertzeko.

 

ENA erakundearen atzean zer dagoen

Ideologikoki, mota askotako jendeak parte hartzen du ENAn. Irekia da, edonork har dezake parte. Parte hartzeko baldintza bakarra dago: euskalduna izatea; erakundeak euskaraz funtzionatzen duenez, berau ezagutu barik nekez izan liteke bertako partaidea.

Erakundean zuzenean laguntzen dutenez gain, hiru motatako bultzatzaileak daude: laguntzaileak, herrietako ordezkaritza laguntzaileak eta udalak. Erakunde, elkarte eta norbanako laguntzaile sare honi esker 10.000 agiri egin eta zabaltzea lortu da.

Agiriak egin ahal izateko lan militante handia egon da, eta gaur egun ere badago. Hasieratik behar izan ziren bi lokal (egiteko lekua eta lehenengo ordezkaritza) lehenengo bi urteetan musutruk lortu ziren. Ostean, bulego bat alokatu behar izan zen, leku gehiago behar zelako.

Lankideen lan baldintzak, zoritxarrez, elkarte askok dituztenen antzekoak dira. Hori dela eta, hiru urte hauetan aldaketa handiak egon dira, bost lankide lan hobeen bila joan direlako.

Ekonomiari dagokionez, gastu guztiak nekez estaltzen dira dauden diru sarrerekin. Orain arte ez bezala, agiria modu industrial batez egiteko proiektua dugu. Gainera, lokalaren alokairuak, liburuaren argitalpenak eta erosi behar izan den oinarrizko azpiegiturak eraginda, oraindik zenbaki gorrietan gaude.

Badakigu ENA proiektuak zenbait hutsune badituela; baina uste dugu, balantzea eginez gero, positibo aterako litzatekeela, naziogintzarako emandako urratsa oso garrantzitsua izaten ari delako.

 

ENA eta Udalbiltza

Udalbiltza sortu zenean, euskaldun guztiak bezala, ENAkideok ere poztu egin ginen. Izan ere, euskal herritarroi dagozkigun agiriak zabalduko dituen erakundea bagenuen.

Gainera, Udalbiltzak sortutako batzorde batek Nortasun Nazionala zuen izena, orain dela hiru urte sortu genuen elkartearen izen eta xede berbera.

ENA, erakunde gisa, proiektu horretan laguntzeko prest dago, gure irizpide eta orain arte metatutako lan eta esperientzia gehituz:

 

Kontuan hartzeko irizpideak:

—Agiriak. Udalbiltzak ez du bakarrik aztertu behar nortasun agiria egitea, jadanik 10.000 agiri kalean daudelako edo Bai Euskal Herriari ekimenak hori eskatu diolako. Edozein naziok behar dituen oinarrizko dokumentu guztiak aztertu beharko lituzke: herritartasun agiriaz gain, Familia Liburua eta Pasaportea.

—Erregistroa. Agiri hauek Euskal Herriko Erregistro Zibil Nagusiarekin batera garatu beharko lirateke. Erregistro honetan, Ipar eta Hego Euskal Herrian bizi direnez gain, atzerrira joandako euskal herritarrek eta haien ondorengoek egoteko eskubidea izango lukete. Baita gure naziora lan egitera etorri diren etorkinek ere, Espainiakoak zein Marokokoak izan.

—Euskara. Gure hizkuntzak proiektu honen ardatza izan behar du. Horregatik, orain arte ENA agiriek betetzen dituzten hizkuntza baldintza berak bete beharko lirateke gure ustez: a) Eskaera fitxa euskara hutsean izatea. Erdaldun askok oinarrizko berbak ezagutzen dituzte (izen-deiturak, herria...), eta piperrik ere ulertzen ez dutenek galdetu izan dute eta bete egin dituzte eskaera fitxak. b) Agirian dauden testu estandarrak euskara hutsean (jaioteguna, deitura...) agertzea. Ez genuke egoki ikusiko hiru hizkuntza erabiltzea. c) Deiturak. Erdarazko agirietan dituzten deituren grafia erabili baino lehen, Euskaltzaindiak emandako irizpideak proposatu herritarrei. Deitura guztien euskal forma oraindik eman ez badu ere (euskal 30.000 deituraren grafia normalizatzeko dago oraindik), agiria egin baino lehen, Euskaltzaindiaren irizpidea lortu. Lan hau aprobetxatu beharko litzateke sortu beharko den Euskal Erregistro Zibil Nagusian euskal deiturak euskal grafia egokiaz idazteko. d) Herri eta Kaleen izenak. Euskal Herriko kale eta herri askoren euskal izenak oraindik ez dira ofizialak. Baina ENAn euskarazkoak ofizialtzat hartzen dira beti.

 

Noizko euskal nortasun agiri ofiziala? Udalbiltzak oztopo asko gainditu beharko ditu agiri ofiziala egin arte. Izan ere, banderekin, irakaskuntzarekin... gertatzen den bezala, nortasun agiria ez da gauza sinbolikoa, nazio baten egituraketan oinarrizko zutabea baizik.

 

Bai Euskal Herriari

Orain dela gutxi Bai Euskal Herriari ekimena sortu da, Udalbiltzak nortasun agiria egin dezan eskatzeko. Horretarako, besteak beste, sinadurak biltzen ari dira.

Herritar askok ekimen biak bateragarriak ikusi ditu eta, sinatzeaz gain, ENA eskaerak ere bete dituzte. Udalbiltzak honoko agiri ofizial bat sortuko balu, bigarren agiri ofiziala izango litzateke —ez dugu ahaztu behar Hego Euskal Herrian errepublika garaian sorturiko Eusko Jaurlaritzak lehenengoa sortu zuela.

 

Eta orain ENArekin zer?

Euskal nortasun agiri ofiziala izango dena hurbilago dagoela badirudi ere, oraindik hilabeteak eta agian urte batzuk pasatuko dira. Epe hau laburtzeko, argi dago zer egin behar den: ahalik eta ENA gehien izatea, ahalik eta gehien erabiltzea, ahalik eta udal eta erakunde gehienek onespena ematea.

Abertzaleok ENA bultzatzen jarraitu behar dugu, orain arte bezala. Gure herriaren historian horixe ikasi dugu, gauzak ez direla eskatzen ibili behar: ikastolak, aldizkari eta egunkariak, intsumisioa, euskara udaletan... Gauzak esan eta egin izan dira, ezeren zain egon gabe. Eta behin zabaldu eta finkatu direnean, orduan sortu dira egoera egokiak horiek behin betiko finkatzeko.

Izenen, deituren, kaleen eta, orokorrean, herri osoaren hizkuntz normalizazioak balizko beste dokumentu bat kalean egon arte ezin du itxaron. Honekin guztiarekin jakinarazten diegu euskal herritar guztiei urrirako ENAren lehenengo Biltzar Nazionala egitea aurreikusten dugula. Herritarrak animatzen ditugu ENA eskuratu eta erakustera.

Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Ionan Berasaluze, Urtzi Ihitza eta Juan Luis Gutierrez

 

ENA BETI LEHENA !

 
Hosted by www.Geocities.ws

1