Azken bolada honetan polemika ederra piztu
da, edo batzuek piztu nahi dute, ENA elkarteak
ENA agiria egiteagatik jasotzen duen diru
kopuruaren inguruan.
1. ENA elkartea independientea da. Hau baita
bide bakarra Euskal Herritar orok, alderdikeriak
alde batera utzita, herri ekimen hau onartu eta
zabal dezan.
2. ENA elkartea zabalik dago edozeinentzat
eta publikoak dira bere egoitzen telefonoak eta
helbideak ere.
3. ENA elkarteak hiru urte daramatza lanean.
Hiru urte horietan tresneria erosi behar izan da
ENA agiriari segurtasunezko elementu egokiak
ezartzeko eta behar bezalako kalitateaz egin
ahal izateko.
4. ENA elkarteak lokal batzuen alokairuak
ordaindu behar izan ditu eta ordaintzen ditu.
5. ENA elkarteko kideen lan boluntarioaz gain,
2/3 pertsona ibili eta dabiltza lanean, dedikatu
gisa, 8 orduz egunean.
6. ENA elkartearentzat euskara da Euskal
Herriko hizkuntza nazionala. Euskal herritar
gisa non-nahi azaltzeko balio duen ENA agirian
Euskara da hizkuntza bakarra. Udalez gain,
euskalgintzan dabiltzaten euskara elkarteak dira
ENAren ordezkaritzak. Horiek diru kopuruaren
zati batekin geratzen dira euskararen
normalizazioaren bidean aritu ahal izateko.
7. ENA elkarteak hainbat ekimen jorratu ditu
ENA agiria eta euskal herritartasuna zabaltzeko.
Hots, Durangoko azoka, ENA eguna, hitzaldiak eta
abar.
8. ENA elkarteak, Euskal Izendegi Bateratua
argitaratzeaz gain, esfortzu handia egin du eta
egiten du toponimia eta kale izenak euskaratzen.
Oso diru kopuru txikia iruditzen zait
11.000.000 pezeta hiru urtetan egindako lan
handirako. Beraz, horrelako eztabaidak bultzatu
nahi dutenek argi eduki dezatela ENA elkartea
zintzotasunez jokatzen ari dela herritartasuna
eta eraikuntza nazionala oinarritzat hartuta.
Esaera zaharrak esaten duen bezala, norberan
telleture iñork ezten arrike eitten. ENA
agiriaren inguruan mesfidantza sortu nahi
dutenek galde diezaiotela euren buruari nori
interesatu ahal zaion horrelako zalantzak,
eztabaidak eta mesfidantzak sortzea. Kontuz!
Agian buruan dituzun horiek sortu eta sortzen
baitituzte horrelako esamesak. Aitor Gartzia
Lersundi • (ENA Elkarteko kidea) BILBO