http://www.geocities.com /enataldea 

     ENATALDEAREN WEB GUNEA  
    ENA BETI  LEHENA !

 ATALAK

 Enataldea
 ENA elkartea
 Nolakoa da  ENA ?

ESKAERA

 Eskaera orria jetsi
Udalherri laguntzaileak
 Elkarte laguntzaileak

BERRIAK

 Egunkarietako berriak
 Iritzi artikuluak
 ENA elkarteak bere lanari eutsiko dio.

BESTELAKOAK

 Mezuak bidali
 ENAren pegatina
 Loturak
 © ENATALDEA

(c)


IRITZI ARTiKULUAK

Aupa ENA taldekideak

Eskerrik asko zuen ekimenaren bidez gure izaera erakusteko aukera eskaintzeagatik. Agiria erabili dudanean nire buruarekin ados sentitu naiz. Hala ere, epaile eta fiskalen ahaleginaz gain, ezker abertzalearen aldetik ENA desagertarazteko proposamen bat jaso duzuela jakin dut "Euskaldunon Egunkaria"ren bidez eta zuen artean eztabaida piztu dela argi ikusten zen.

Haserretu ondoren, zer edo zer egin beharra sentitu nuen. Lehenengoz, "Egunkaria"ra iritzi artikulu bat bidali dut. Maiatzaren 23an, asteazkena,  argitaratu zuten. Gero pentsatu nuen zuei eta Udalbiltzakoei mezu bana       bidaltzea. Eta Udalbiltzako batzordekide batzuei, ENAri bizitzen utz diezaioten mezua luzatuko diet.

Mezu honetan zuen ekimenarekin aurrera jarraitzeko eskatu nahi dizuet. Ez etsi! . Hona hemen nire iritzia(artikulua):

     EUSKAL KARNETARI BIZITZEN UTZI !

Euskal karneta (ENA) ekimena bultzatzen duten euskaldunei esker aukera daukagu Espainiako guneetan ere gure euskal izaera harro-harro erakusteko, beste era batean okupazioari aurre eginez. Azken urtean, postetxean, epaitegian, komisaldegiko kalabozoetan edota Basauriko espetxean (hemen funtzionarioek lehenengoz ikusi zuten), gure karneta baino ez dut erakutsi, hasierako beldurrari gailenduz. Besterik ezean, funtzionarioak onartzera  behartuta egon dira. Euskal karnetaren erabileraz hainbat pertsona poz-pozik entitzen gara, eta are gehiago norberak unean jokabide bat ala beste bat aukera dezakeelako.

Baina hain eragin handiko ekimena, Espainiako agintariek akabatu nahi dutena, orain Udalbiltzak bultzatutako beste agiri batekin ordezkatu behar  dugu. Udalbiltzaren lehen pausuetako bat Naziotasun Aitormena izan da,   euskal karneta aipatu barik. ENA iadanik atera dugun hogei mila bat euskaldunoi zor zaigun begirunearen gainetik, beste gauza bat pentsatu dute.  Jorratu beharreko naziotasun eta desobedientziaren larre zabalean ernatzen  ari den euskal karnetaren zuhaitz ederra, antza, moztu beharra dago, errepide zabal eta funtzional bat egiteko, EHk batez ere udaletxeetan duen botereguneaz baliatuz.

Aspaldidanik sentitu dut orain bezala, desobedientzia eta organizazioakezinbestez elkarrekiko kontraesanean daudela. Alderdiak, Lizarra-Garaziko garaian ongi ikusi zen moduan, ez dira herri ekimenak edo desobedientzia bultzatzeko tresnarik egokienak, bai, ordea, hauetaz aldarrikapen antzuak egiteko. Gurean ere, erakundeetako funtzionarioak, instituzio ezberdinetan edo mundu juridikoan buru-belarri murgilduta dabiltzanak gehiegi dira,  intsumisioa behar den indarraz bultzatu ahal izateko.

Eta hau guztia esatera ausartzen banaiz, bizi izandakoa oinarritzat hartzen dut. Mundu osoan, gure herrian, besteena eta norberarena loturik doazelako. zan ere, UPV goitizena duen Nafarroa Mendebaldeko unibertsitate publikoan,  uskal unibertsitatearen aldeko borrokan pertsonek erabakiak hartu dituzten  gehienetan, behin eta berriro oinarrizko jarrerak errepikatu dira. Orain dela ia hamar urte, irakasle kaleratuok kontratu administratiboa  behingoz ez sinatzea erabaki genuenean, LABen eta irakasle asoziatuen asanbladaren gehiengoaren kontra jokatzen ari ginela entzun genuen, unibertsital insituzioetatik ere bai. Fundamentalistak eta txiitak omen ginen, eta funtzionaritzarekiko intsumisioari eusteko gure erabaki pertsonalak, berriz, kaltegarriak. Egia esan, izendatze haiek insultotzat baino, ez merezitako ohoretzat hartzen nituen.

Urte batzuk beranduago gose greba luze bati ekin nionean, pankartako gehiengoak honako argudio hau erabili zuen: unea da ezker abertzalearekin bat egiteko, eta alboratu behar dira gose greba bezalako ekintza indibidualak. Grebaren 30. egunean atxilotu nindutenean ere, LABek gose greba bertan behera uztea eskatu zidan, guztiok elkarrekin borrokatu behar genuelako aitzakiaz.Egun berean pijamaz epailearen aurrera eraman ondoren, beste erabaki bat hartu nuen: Espainiako epaitegiei ere intsumisioa egin behar nien. Baina praktikan ipintzeko orduan, gehiengoak ez zuen begi onezikusten.  Tentsioa piz zezakeen edozein jarrera, edozein ekintza, lekuz kanpo ei zegoen. Areago ETAk tregua aldarrikatu zuen unean. Negoziaziorako eremua jorratu behar genuen, gestio politikoari lehentasuna emanez. Intsumisioari eutsiz gero,  beste burkide guztiei kalte egiten nien. 

Denbora joan da eta agindutako negoziazioa ez da inolaz ere iritsi, bai, ordea, Leioako kanpusean gaur egun dugun salbuespen-egoera bortitza indarrean. Unearen arabera aktoreak aldatzen badira ere,  antzeztutako jarrerak berdinak dira. Asanblada edo biltzarra, kolektiboa edo ezker abertzalea, kopurua, elkarrekin, ... eta, batez ere, gehiengoa, hitz magikoak ditugu hartu beharreko erabakiak zapuzteko eta obedientziara deitzeko. Hain zuzen ere, fiskalak eta epaileak ere    bidea estutzen ari direnean, ENA taldeko kideek aurrez aurre izango dituzten hitz berberak.

Hemendik aurrera zelan jokatu behar ote dugu euskal karneta geurea dela jotzen dugunok? Beste agiri anbiguoago batekin ordezkatuz gero, funtzionario, epaile, ertzain edo gartzelariei        euskal karnetak baliorik ez duela  azaldu beharko al diegu? ENA likidatzea  pentsatu ondoren, fiskal eta epaileei lasaitzea eskatuko diegu?  Ezker abertzalearen indar ukaezinarekin bat egitearren, bere desagerpena onartuko dugu? Udalbiltzaren aginduari jarraitu ezean, euskal karneta erakustea ekintza indibidultzat hartuko ote da?

Urte hauetan guztietan zerbait ikasi badut hauxe izan da: euskaldun batek printzipioak eukitzea ona dela Euskal Herriarentzat. Aldiz, organizazioei kasu handiegia egiteak azkenerako beti dakarrela interes partikular batzuren mesedetan aritzea. Euskal Herriak beharrezkoak ditu gizaki printzipiodunak. Kopuru eta erakunde baten babesa aitzakiatzat dutenek beharrezko erabakiak hartzea ebitatu ohi dutelako. Arazo honetan ere nazioa eraikitzeko bide bi: erakunde eta udal instituzioen indarra bilatu asmoz orain arte egindakoari bizkarra eman ala, aitzitik, printzipiodun pertsonak garela erakutsi sentitzen dugunari eutsiz.

Udalbiltza hau ibiltzen hasi berria da ezker abertzalearen eraginpean. Eta oraindik ibiltzen ikasi behar duela nabarmen erakutsi du honetan. Apaltasuna ez da erakundeen ezaugarrietako bat. Are gutxiago kanpokoen ekimenei begira.  Naziotasun Aitormenaren ekimena bertan behera uztea ez dizuet eskatuko Udalbiltzakoei (gaizki egongo ez balitz ere). Baina ENAren erabiltzaile naizen aldetik, eskaera hau egiten dizuet: Euskal karnetari bizitzen utzi !  

Ekimen hau ere onar ezazue, ez bere hiletak egiteko, ENA taldekideek urratutako bide berriari ere eusteko baizik.Egia esan, euskal karneta estimatzen dut, ENA taldekideek ezer esan barik era batean edo bestean jokatzeko aukera eskaini digutelako. Pertsonalki, niretzat desobedientziarako tresna ezinhobea da. Erabiltzaileak hain bereziak izanik, euskal karnetak desobedientziaren indarra biderkatzeko ahalmena dauka. Aitormenarekin nekez lortuko da hau.  Hirurehun mila bat pertsonak egiten badute, beste indar erakustaldi bat baino ez da izango, hauteskundeetan edo manifestazio handietan bezala. Baina bere gaitasun   sortzailea askoz murritzagoa izango da, azken finean alderdi baten mugak eta hesiak dituelako. ENAk, ordea, muga hauek gainditu dituela argi erakutsi du azken garaian. Beren ekimenari eustea erabaki duten ENA taldekideei nire laguntza eskaini nahi diet publikoki. Batzuetan beldurra sentitu arren, gure jendearen aurrean, funtzionarioen aurrean, euskal karneta erabiltzen jarraituko dudala hitz ematen dut.

                                                            

                     Enrique Lopez, ENAren erabiltzailea

 

 

 

ENA BETI LEHENA !

 

 

 

Hosted by www.Geocities.ws

1