http://www.geocities.com /enataldea 

     ENATALDEAREN WEB GUNEA  
    ENA BETI  LEHENA !

 ATALAK

 Enataldea
 ENA elkartea
 Nolakoa da  ENA ?

ESKAERA

 Eskaera orria jetsi
Udalherri laguntzaileak
 Elkarte laguntzaileak

BERRIAK

 Egunkarietako berriak
 Iritzi artikuluak
 ENA elkarteak bere lanari eutsiko dio.

BESTELAKOAK

 Mezuak bidali
 ENAren pegatina
 Loturak
 © ENATALDEA

(c)


EGUNKARIETAKO BERRIAK

 

2001-04-22  ENA. Udalbiltzaren eskaintza aztertu zuen atzo ENA Elkarteak Durangon

ENA duten 2.700 lagunen datuak Baltasar Garzon epailearen esku daude iazko urritik

Ińaki Uriarte / BILBO

Euskal Nortasun Agiria duten 2.700 lagun ingururen datu pertsonalak Baltasar Garzon epaile espainiarraren esku daude. Iazko urriaren 5ean Zumalabe Fundazioa eta Autodeterminazioaren Biltzarrak erakundeen kontra agindu zuen sarekada eta atxiloketen harira, beste polizia operazio bat egin zuten Bilbon, Erripa kalean hain jus-tu.

Entzutegi Nazionaleko epailearen agindua zeramaten lau polizia Lemuria elkartearen bulegora sartu eta bertan zegoen pertsonari ENAren datu basea eman ziezaien eskatu zioten. Datuak ez ematekotan Madrilera eramango zutela jakinarazi ostean, diskete batean zeuden 2.700 pertsona ingururen datuak eroan zituzten poliziek. Egun hartako operazioa Baltasar Garzon epaileak berak koordinatu zuen.

Hartutako datuak ENA Elkarteak ordurako bideratuak zituen agirien parte bati dagozkio. 2000ko urrian datatutako agerkarian ENA Elkarteak azaldu zuen agiri kopurua 11.000ra hurbiltzen ari zela. 5.000 inguru bizkaitarrak ziren, beste horrenbeste gipuzkoarrak, 500 bat nafarrak eta gainontzekoak beste herrialdeetakoak.

Gaur egun ENA egin dutenak 18.500 pertsona inguru dira. 13 udal eta 14 elkartek bideratzen dute ENA egiteko eskaria.

Jokabideari dagokionez, nortasuna egiaztatzeko izen-abizenak ematea nahikoa ez den kasuetan ENA erakustea aholkatzen du elkarteak. Hortik aurrera norberak hartzen du bere jokabidea. Elkarteak ez du eskatu Espainiako nortasun agiria ez erabiltzeko eta ez du desobedientzia zibilerako kanpainarik antolatzeko asmorik.

Operazio poliziala egiteko autoan, ostera, Garzon epaileak «Espainiako Nortasun Agiri legezkoak baztertu eta ENArengatik aldatzeko kanpainaz arduratu» izana egotzi zion ABK erakundeari.

Udalbiltzaren proposamena aztertu zuten atzo

ENA elkarteak batzarra egin zuen atzo Durangon. Elkartea bultzatzen duten udal eta elkarteetako 43 ordezkari izan ziren bileran.

Udal mailan, Bermeo, Lekeitio, Alonsotegi eta Dimako zinegotziek hartu zuten parte, besteak beste. Azken udal horrek gaur onartuko du Udalbiltzari nortasun agiria bidera dezan eskatzea.

Atzoko bileraren funtsa Udalbiltzak ENA elkarteari egindako proposamena aztertzea izan zen. Alde bietako iturriek azaldutakoaren arabera, Udalbiltzak agiria egiteko prozedura bere esku uzteko eskatu dio ENA elkarteari. Horren ordez, Udalbiltzak onartuko luke ENA elkartea izan dela aitzindaria nortasun agiria plazaratzeko orduan.

Atzo ostera, ikuspegi ezberdinak egon ziren batzarrean, Udalbiltzaren beraren egoerak eragindakoak batik bat. Zenbaitzuek ez zuten onartu, batik bat, EHko hautetsiek bultzatutako ekimena. Beste sektoreak bat egin zuen proposamenarekin.

Adostasunik ezean, erabakia hilabete eta erdi barru egingo den batzarrerako utzi zuten.

2001-04-22

Balkoia

Martxelo Otamendi

Zertarako daukagu Barne Saila?

Baliteke M13aren hurbiltasunagatik izatea, baliteke egoera politiko zail eta zurrunbilotsuarengatik izatea, baina badira ulertzen zailak ez ezik ezeinezkoak diren egoerak. Zumalabe Fundazioaren aurka Espainiako justiziak jo zuenetik modan jarri da euskal karneta. Dela urteak daramatzan ENA, dela Udalbiltza sustatzen hasi dena. Zenbait inplikatu oraindik ere kartzelan daudelako ez bada, txisteak egiteko modukoa litzateke batean eta bestean bi agiri horiekin sumatzen den nahasketa.

Baina EAEko Barne Sailak eman digu aspaldion alor horretan jaso dugun albisterik etsigarriena. Aste honetan jakin dugu maiatzaren 13ko hauteskundeetan ENArekin boza ematen utziko duten mahaiburuei Gasteizko Barne Sailak isuna edo zigorra jarriko diela. Ez nolanahikoa gainera. Kartzela zigorra, 7 eta 15 asteburu bitartekoa, edo 300.000 pezeta arteko isuna (12.000 libera).

Jesus Cardenalek, Espainiako Fiskal Nagusiak, harrotu zuen eztabaida Aste Santuan euskal karnetarekin, eta inork horretara publikoki behartu ez badu ere, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak eman dio segida. Berdin dute, nonbait, aurreko egunotan buruzagi abertzaleek, EAJkoek eta EAkoek, ENA erabiltzearen zilegitasunaren alde esandako hitzek. Gauza bat da alderdia, eta bestea administrazioa. Alderdiak nahi duena esaten du, eta administrazioak, aitzitik, Espainiatik (legeek, epaileek...) agintzen diotena bete.

ENAren aldeko ahotsen gainetik

EAJko parlamentari Joseba Egibarrek, denbora asko ez dela, ENA eskuetan zuela egin zuen Eusko Legebiltzarrean hitzaldi bat. ENAren erabileraren defentsa sendoa egin zuen, agiri hori gaitzesten zuen parlamentari baten aurka.

Antzeko jarrera sutsua erakutsi zuen Gorka Knörr EAko idazkari nagusiak prentsaurreko batean Cardenalen esanak gaitzesteko. Argi adierazi zuen lau haizeetara: «Cardenal jaunak aurrean edukiko nau ENAren erabilera zigortu nahi badu». Arazoa, ordea, egunotan ikusi dugunez, ez da Knörrek Cardenal edukiko duela aurrean, baizik eta Barne Saila bera. Eta horretan alde handia dago. Cardenal zigor bibliko baten antzekoa da; Barne Saila, ordea, abertzaleen kudeaketaren ondorio da.

Ezin da ulertu Barne Sailaren jokabide hori mahaiburuak zigortzeko. Inork bere esku-hartzea eskatu gabe eskaini du bere burua. Legea betearaztera behartuta dagoela argudiatuko dute Barne Sailaren jarrera «ulertzea» beste biderik ez daukaten abertzaleek. Zergatik egin behar du beti Barne Sailak Madrilekiko segimendu hori? Bateraezinak dira subiranotasunaren aldarrikapena eta «derrigorrez obeditu» beharra. Eta bietako bat aukeratzen hasteko garaia bada.

Barne Sailak M13an hartuko duen jarrera jakinarazteko eran egon liteke ulertzeko behar den giltzarria. Zergatik, buruzagi abertzaleek agertu jokabideari muzin eginez, horren era nabarmenean adierazi zer egingo duen M13an mahaiburuekin? Noren aurrean antzeztu beharra zegoen subirotasun ikur xume hori, ENA agiria, zapuzteko borondate trinkoa? Bistan da Gasteizko Gobernua osatzeko EAJk hobesten duen koaliziokide desiratuak, PSE-EEk, baiezkoa eman aurretik horrelako errenuntzio asko ikusi nahi dituela. Atzetik datozkeen errenuntzio horietako lehena ote da Barne Sailaren jarrera? Denborak, eta aurki izan beharko du, argituko du hipotesi horrek oinarririk baduen.

Analista askoren arabera, EAJ-EA koalizioak EHren boto tipologia bat bereganatzeko ahalegina egingo du M13ko kanpainan. Barne Sailak, baina, aliatu hobeak topatu beharko ditu horretarako.

 

 

2001-05-01
Agiri gatazka bozkatzeko garaian        

Botoa emateko identifikatu. Espainiako Nortasun Agiria, gida-baimena eta pasaportea bakarrik jo dituzte baliagarri

Axun Erzibengoa/Donostia

Maiatzaren 13an Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan boza eman nahi duten herritarrei inoiz baino argiago jakinarazi diete identifikatzeko onargarri izango diren agiriak zein diren: Espainiako Nortasun Agiri Nazionala, gida-baimena edo pasaportea. Ez dira EAEko lehen hauteskundeak, eta aurrekoetan herritar ugarik bozkatu dute beste modu batera identifikatuta: ahoz, Osakidetzako txartelarekin edo Euskal Nortasun Agiria (ENA) erabiliz.

Orain arte ez du aparteko arazorik sortu jokamolde horrek, baina Partidu Popularrak, ENAren erabilpena saihestu asmoz, helegitea jarri zuen, eta EAEko Hauteskunde Batzordeak, Hauteskunde Legean oinarrituta, kaleratu zuen ebazpena: «Espainiako Nortasun Agiria, gida-baimena eta pasaportea dira botoa eman ahal izateko identifikazio gisa onartuko diren agiri bakarrak». Legea ere ez da berria, baina haren interpretazio malgua egin izan da beste batzuetan. Hauteskunde Batzordeak kaleratutako erabakiaren ondotik, EAEko Herrizaingo Sailak hauteslekuetan egongo diren ordezkariei jakinarazi die araua betetzen ez badute isuna jarriko dietela.

Lehentasuna, botoa ematea


Gauzak horrela, gaiaren inguruan zenbait gogoeta eta kritika izan dira. Egunkariak horietako batzuk jaso ditu: Joseba Permach EHk hautagaiak dio ENA aspalditik existitzen dela, eta hauteskundeak ere ugariak izan direla Euskal Herrian, «baina orain, inoiz ez bezala, naziotasunaren inguruko eztabaida piztu dute Espainiako komunikabideek eta PP eta PSOEren inguruko gune ofizialek. Izan ere, beraiek badakite une honetan Udalbiltzak iragarri duela Naziotasun Aitormena kaleratzera doala, eta azken finean dinamika berri bati ekingo diola herri honek. Etor daitekeen hori baldintzatu nahi izan dute. Zoritxarrez, badakigu zein agirirekin bozkatu beharko dugun, eta horrela egingo dugu, estatuari aurre egiteko modurik eraginkorrena burujabetzaren aldeko botoa ematea dela uste dugulako».

Gorka Knörr EAJ-EAko hautagaiak dio, berriz EAk beti euskal nortasunaren aldeko kanpaina egin izan duela, baina une politikoa ikusita, gauzak beste modura planteatu behar direla dio: «Lehentasuna da abertzale demokratikoen aldeko botoak ahalik eta gehienak izatea. Independentziaren edo burujabetzaren aldeko borroka hori bere garaian planteatu behar da. Nik ENArekin bozkatu izan dut; oraingoan, gidatzeko baimenarekin-edo saiatuko naiz, DNIrekin ez bozkatzearren».

Identifikatzeko sistema hori Europan hainbat tokitan gaindituta dago. Euskal Herrian bertan hainbat herritarrek halakorik gabe boza emateko aukera dute. Ipar Euskal Herrian, hain zuzen, ez da behar Frantziako Nortasun Agiria bozkatzeko, hauteskunde gutuna delakoa nahikoa da. Gutun hori bakoitzari etxera igortzen diote hauteskundeen aurretik (Hegoaldean hauteskunde erroldatik igortzen dituzten errolda txartelen antzekoa da), eta horixe aurkeztea nahikoa da bozkatzeko.

 
ENA BETI LEHENA !

 

 

 

 
 
Hosted by www.Geocities.ws

1