
1999-06-14

ENA
eskuan, botoa hautestontzian
Nortasun
agiri ofiziala barik, Euskal Nortasun Agiria
erakutsiz eman zuten botoa hainbat hauteslek
ZIRRARA
sortzen du hautestontzira hurbildu eta botoa
emateak. Zirrara hori normala baino biziagoa
izan zen atzo botoa emateko orduan ohiko
nortasun agiri ofiziala erakutsi beharrean
Euskal Nortasun Agiria erakutsi zuten
hautesleentzat. Euskal Nortasun Elkarteak egiten
duen agiri horren jabe zirela jakinik, haietako
batzuengana jo zuen Egunkaria-k, arren hori
erakutsiz botoa ematen saiatzeko esan, eta
nolako harrera egin zieten azaltzeko eskatu.
Goiztiarrenak,
Bermeoko alkate Juan Karlos Goienetxea eta
Koalizio Nazionalista+Herrien Europa taldeko
hautagai Gorka Knörr izan ziren. Goizeko
09:30etan joan ziren biak bozkatzera. Lehenak
Bermeon egin zuen. Bigarrenak, Gasteizen,
Mendizorrotzan. Arazorik gabe bete zuten biek
zeregina. «Ni kezkaturik nindoan», azaldu zuen
Gorka Knörrek, «baina normal-normal eman dut
botoa, ez dakit ez diren konturatu edo zer
gertatu den». Antzera mintzo zen Goienetxea
ere. «Ez dit inork ezertxo ere esan», zioen,
«ez dakit bestearen antzekoa delako edo
zergatik...». Baina ez zuen arazorik izan berak
ere. Hori dela eta, ENAri erabilera handiagoa
emateko asmoa azaldu zuen. «Izan ere, nire
argazkia hor dago, izena ere bai, iruditzen zait
beste edozein agirik bezala balio duela».
Ipar
Euskal Herrian ere bai
Baionan
eman zuen botoa Joseba Andoni Arrizabalagak,
huraxe baitu bizileku. Eguerdian joan zen botoa
ematera, ENA esku artean zuela. Arazorik gabe
bozkatu zuen berak ere. «Ondo dagoela esan
didate. Mahaian hiru gizon zeuden eta agiri
harekin nahikoa dela esan dute», azaldu zuen
jarraian, gustura. «Izan ere, egin ditut nire
bizitzan gauza polit batzuk...». Horien artean
sartu zuen Joseba Andoni Arrizabalagak atzoko
balentria. Ez da adierazpen makala,
abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna ipar
hartuta hamaika tankeratako ekintzak egina baita
80 urteko ondarrutar hau.
ena
eskuetan zuela, eguerdian joan zen botoa ematera
Joxean Lizarribar enpresaria ere. «Ez dira
konturatu ere egin», azaldu zuen hark ere.
Donostian eman zuen botoa, Zuzenbide fakultatean
ipinitako mahai batean.
Arratsaldeko
15:30etan, berriz, Tolosako udaletxean,
Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari Martxelo
Otamendik eman zuen botoa aipatu agiriarekin. «Ez
dut arazorik izan», azaldu zuen hark ere. ENA
erakutsi orduko botoa hautestontzian sartzeko
modua izan baitzuten atzo, eragozpenik gabe.
Arantxa
Iraola
Donostia
1999-03-12
Euskal
Nortasun Agiria
Euskal
Nortasun Agiria (ENA) bultzatzeko ekimena jarri
da martxan Euskal Herrian. Euskal nortasuna
bultzatzea dute helburu dokumentu berri horren
bidez. Lehen lege arazoekin topo egin dute:
agiri hori aurkeztuz erregistratu nahi izan dute
elkartea Eusko Jaurlaritzan, baina ukatu egin
diete. Udalekin hasi dituzte lehen harremanak;
atzo Bermeoko alkatearekin bildu ziren ekimena
aurkezteko.
1999-03-12 
Juan
Karlos Goienetxe
•
Bermeoko Alkatea • «Osoko
bilkuran aztertuko dugu»
EKIMENA
zabaltzeko asmoz, ENAren sustatzaileek bilera
egin zuten atzo Bermeoko alkate Juan Karlos
Goienetxerekin. Bileraren ostean gogoeta hauek
egin zituen Bermeoko agintariak, afera hau
Udaleko Osoko Bilkuran aztertuko dutela esanez.
Zer deritzozu ENA zabaltzeko ekimenari?
Gure ustez, zerbait ona da, eta guk
Bermeon hori hedatu ahal izateko aurrerapausoak
emango ditugu. Euskara Batzordearen bidez
bultzatu nahi dugu ekimen hau, eta uste dut
hilabete honetako osoko bilkuran hau jada
onartuko dela.
Hala izanez gero, Bermeoko Udalean egin
beharreko gestioetan ENA erakustearekin nahikoa
izango litzateke?
Bai, baldin eta legeak NA nahitaezkoa
dela ez baldin badio. NA erakustea ezinbestekoa
ez denean guk ENA onartuko dugu. Hori da,
behintzat, gure asmoa.
Eta ENAdunen kopurua handitzeko urratsak
ere egingo zenituzkete, ez- ta?
Bai, hori da gure ideia, Euskal
Nortasunaren Elkartearekin hitzarmen bat egin
nahi dugu, ENA lortzeko gestioak hemen bertan
egin ahal izateko.
1999-03-12

Euskal
izaeraren seinale
Euskal
Nortasuna Elkarteak, hala eskatzen duten guztiei,
euskal izaeraren berri ematen duen nortasun
agiria egiten die Oraindik ez du balio ofizialik,
baina erabilpena sustatzeko bidea urratzen ari
dira, esaterako, Bermeoko Udalarekin.
Euskal
Nortasuna Elkartea orain dela urtebete pasatxo
sortu zen. Bertako kideek euskal nortasuna
sustatzea dute helburu, eta, asmo horrekin,
Euskal Nortasun Agiria (ENA) bultzatzen ari dira.
Txartel txikitxo bat da, Espainiako legearen
aginduz guztiok dugunaren antzekoa. Agiri horrek
euskal aberriaren berri ematen du, ordea, eta
osoki euskaraz idatzita dago.
Ekimen honen bultzatzaileek ez dute lan
erraza jarri abian. Esaterako, elkartea
legeztatzeko jada eragozpen ugari dituzte.
Euskal Nortasun Agiriaren sortzaileak eta
defendatzaileak izaki, agiri hori aurkeztuz
erregistratu nahi dute elkartea Eusko
Jaurlaritzan, baina ofizialtasunaren muga
zorrotzekin egin dute topo. «Jaurlaritzako
abokatu erdaldun baten arabera, gure agiriak ez
dira ofizialak», dio elkarteko idazkari Urtzi
Ihitza Sainzek.
Aurki bilera egin nahi dute abokatu horrekin,
elkartearen legeztatzea premia-premiazkoa baita
beraientzat. Gainontzean nekez egin dezakete
aurrera, baina Euskal Nortasun Agirien eskaera
gora eta gora ari da, eta geroz eta egituraketa
taxuzkoagoa behar dute horiei guztiei modu
egokian erantzun ahal izateko.
Ekimen honen sustatzaileek argudio ugari
dituzte Espainiako nortasun agiriaren aurka. «Agiri
hori legez kanpokoa da alde askotatik», dio
Urtzi Ihintza Sainzek. «Batetik, aurreko
erregimen politiko batekoa da», dio kexati, «bestetik,
erdaraz bakarrik dator. Legearen arabera,
gutxienez bi hizkuntzatan etorri beharko luke,
baina ez da hala». Horregatik, Euskal Nortasun
Agiria dokumentu berriaren sustatzaile sutsuak
di- ra. Oraindik elkarte legalizatu gabea badira
ere, jada agiri ugari egin dituzte. «Urtebetean
303 agiri egin ditugu, eta beste 200 egiten ari
gara. Beraz, bi hilabete barru honelako 500
agiri egongo dira martxan». Orain artean banatu
dituzten agiriak Euskal Herri osoan zabalduta
daude, jada zazpi probintzietako jendeak eskatu
baitizkie.
Itxuraz,
NAren antzekoa
Espainiako
herritartasunaren berri ematen duen agiriaren
antzekoa da ENA. Kolore hori-gorrien ordez,
zuri-berde-gorriak ditu ho- nek. «Zazpiak bat
armarria ere ba- dauka», dio Urtzi Ihitza
Sainzek. «Atzean, berriz, munduko mapa bat
ageri da, eta hor puntutxo ba- tekin bereizten
da non egon daitekeen Euskal Herria». Agiri ho-
riek banatu au- rretik plastikoz estaltzen
dituzte, eta lehen begiratu batean Espainiakoen
antza dutela diote. Alde nabarmen bat badute,
hala ere: hizkuntza. ENA euskara hutsean
idatzita dago. «Aurrealdean lehenengo bi
abizenak eta izena agertzen dira. Atzeko aldean,
berriz, jabea non jaioa den, bizilekua,
jaioteguna eta jaioterria. Ondoren, hizki txikiz
noiz emana izan den jartzen du, eta hamar urteko
iraungipena duela zehazten du».
Agirien jabeak txartel horiek erabiltzen hasi
dira dagoeneko. «Gure lagun batzuek, esaterako,
azken hauteskundeetan agiri horiexekin eman dute
botoa», dio Urtzi Ihitza Sainzek. Bakanak dira
kasu horiek oraindik, ordea, ofizialtasunik eza
muga baitute agiri horiek.
Muga hori gainditzeko asmoz, zenbait alderdi
politiko eta erakunderekin harremanetan
hastekoak dira ekimen honen sustatzaileak. Atzo,
esaterako, Bermeoko Udalean bilera egin zuten
alkatearekin. Bide horretan aurrera egin nahi
dutela argi diote Euskal Nortasuna Elkartean. «Izan
ere, guk ez dugu inolako gatazkarik sortu nahi,
baina bada honelako agiri bati berezko balioa
eman eta aurrera egiteko garaia». Mesedegarri
suertatu zaie, gainera, une politikoa. «Ez
propio guk hala bilatu dugulako, baina hala
gertatu da».
Mila pezeta ordaindu behar dira Euskal
Nortasun Agiria eskuratzeko. Ez da batere
prozesu konplexua hori eskuratzea. Eskaera-orri
berezi bat bete ostean, ekimen horren
antolatzaileek ezer gutxi eskatzen dute: argazki
bat eta beste dokumenturen baten agiria,
nolabait ere agiri berria eskuratuko duten
andre-gizonen izaera egiaztatzeko.
Agiri hori duten guztien erregistroa Euskal
Nortasuna Elkarteko kideek gordetzen dute. «Gure
asmoa ez da inor fitxatzea, eta orain dela urte
batzuk KASek atera zuen agirian ere eztabaida
horixe zen... Guk planteatzen duguna oso erraza
da: beste agiria daukagun neurri berean hau ere
edukitzea, nolabait ere gure nortasuna hobeto
adierazten duena». Bilbon, Erripa kaleko 6.ean
dute egoitza. Etorkizunean hiriburu guztietan
egoitzak zabaldu nahi dituzte, gainera, «ez
baitugu dena hiriburu bakarrean zentralizatu
nahi».
Kataluniako
eredua, bide-erakusle
Euskal
Nortasuna Elkarteak hurbileko herrialde bat du
bide-erakusle: Katalunia. Izan ere, bertan jada
era honetako hainbat ekimen guztiz
arrakastatsuak izan dira. «Bertan badute
nortasun agiri eredu bat, eta hogei urteotan
80.000 ale banatu dituzte», dio Urtzi Ihitza
Sainzek. Hura oso agiri polita dela dio, baina,
balio ofizialik noski, bat ere ez. Baina jende
askok du agiria, eta hori oso garrantzitsutzat
dute. Ez da, gainera, Katalunian ikusi duten
eredu bakarra. «Duela bi urte Partit per la
Independecia alderdiak beste eredu bat atera
zuen kalera, modernoagoa. Estatuko karnetaren
zenbaki bera du, eta jada 2.000 ale zabaldu
dituzte. NAren oso antzekoa izaki, jendea hasi
da dagoeneko aurrezki kutxetan eta beste hainbat
tokitan erabiltzen».
Euskal Nortasuna Elkartean ez dute Katalunian
urratutako bide hori jarraitu. Egin dituzten
nortasun agiri berriek ez dute estatuko
agiriaren zenbaki be-ra. «Gu batetik ha-si gara.
Gure jendeak ez zuen nahi estatuko zenbaki
beraren bidez berriz fitxatuta egotea.
Horregatik, batetik hasi ginen, eta orain jada
303 gara».
Nortasun agiriaz gain, etorkizunean, euskal
familia liburua ere egin nahi dute, eta dena
bide onetik joanez gero euskal pasaportea ere
egingo dutela dio itxaropentsu Urtzi Ihitza
Sainzek. Ez dute presaka eta itolarrian
jarduteko inolako asmorik, ordea: «Gauzak
astiro egin behar dira».
Nortasun agiria zabaltze hutsean ez dute utzi
nahi beraien lana. Euskal nortasunaren aferaren
inguruan hausnarketa bultzatu nahi dute. «Euskal
nortasuna ulertu nahi dugu zentzu guztietan.
Horretarako lantxo batean euskaltasuna zertan
datzan, euskalduntasuna, euskal nortasuna bera,
abertzaletasuna, herritartasuna, nazionalitatea...
horien guztien inguruan apur bat sakontzen
saiatu gara. Herri honetan gauza asko nahasi
egiten baitira», dio elkarteko idazkariak ahots
kritikoz.
Ildo berean, etorkizun hurbileko helburu
garrantzitsutzat dute gai horiek guztiak
lantzeko hitzaldiak atontzea ere. Ez baitute
nahi euskal nortasuna soil-soilean paper eta
plastikozko txartel bat izatea. Seinale hutsetik
haratago joan nahi dute.
Arantxa Iraola
DONOSTIA

ATZERA