BERBATEGIE Bizkaiko Arratia eskualdeko hizkeraren hitz, esaera eta
toponimia izenen "arka" edo bilgunea izan nahi du.
Ohitura eta bizimodu berri, erabilpen eza eta denboraren joanak eraginda,
eskualdeko hizkeraren aberastasunaren zati bat baztertuta edo galtzeko
arriskuan zegoela ikusita, altxor hori biltzen hasi ginen, asmo hauekaz:
1. Eskualde hizkeran galtzear dauden berbak berreskuratzea
2. Hauetarik erabilgarriak eta gaurkotasundunak promozionatzea.
3. Etxeko euskarari falta zaion gorespena ematea.
4. Hiztegi fondo bat sortu kontsultagarri izan dadin.
Geure Berbategie-aren abiapuntua mendebaleko euskalkian argitaratuta dauden
berba zerrendak (Meldebalde Elkartea, HABE, Ulibarri Euskaltegia, etab.),zerrenda
bakarrera ekartzea izan zen.
Bigarren aldi batean ikasle eta irakasleek zerrendotan falta izan diren berbak topatzeari
ekin genion geure auzune, etxe eta herrietan eta berehala konturatu ginen hainbat eta
hainbat, ohiko hiztegietan (ez eta R.M. Azkuenean ere) ez zirela agertzen. Horrez gain
frogatuta dago idazten ez den hitza ez da erabiltzen eta erabiltzen ez dena hil egiten da.
Proiektu honekin 2000/01 ikasturtean hasi ginen eta aurtengoa bigarren edizioa
izango da.
Proiektu zabal eta irekia da, denboran eta espazioan. Denboran epe luzeago batera
begira dagoelako beti, ikasturte bakoitzean urte horretan aurkitutako hitzak gaineratzen
zaizkiolako. Era honetan urtero parte hartzaileak biderkatu egiten dira eta etxeko
euskara duintzeko ariketa ezin hobea dugu.
Espazioan, proiektuak eskolako mugak baino harago ere joan gura duelako.