Hiru
istorio
Andonik
egina
Iñaki
ez zen marinel arrunta, ez zen arrantzalea jadanik, ezta ere merkanteetan bizi lasai
eta arrunta zeukaten marinelen arteko bat. Bere lana pixka bat arriskutsuagoa zen.
Gerra bat zen han zegoena, eta Euskal Herriko uretan frankistaren aurka
borrokatzen zen. “Goizeko Izarra” bou bat zen, arrantzarako eginiko bapora,
baina ezan dut, gerra bat zen han zegoena, eta bakailaoa arrantzatu beharrean, frankistek
portuetako sarreretan minak landatzeko erabiltzen zuten baporeak aurkitu behar
zuten, aurkitu eta ahal izanda gero, hondoratu. Horregatik, gabez ibili behar
ziren itsasoan, gabez itsasoratu eta egunean lo, egunez ez baitziren gure portuetara
hurreratzen frankistak.
Bere
etxalekua estua zen benetan, Iñakiren bizkar handia ez zen han eroso sartzen. Baina
garai haietan, horrelakoak izaten ziren bapore denetako etxalekuak, txikiak eta
estuak. Bapora nahiko berria zen, hiru urte besterik ez zeukan baina garai
haietan, arrantzako itsasontziak ez ziren batere erosoak. Eguerdiko hamabiak
ziren altxatu zenean, eta komedorera joan zen, gosaltzera.
Oraindik
goizetik zen, baina sukaldaria han zegoen, baita txoa eta makinista zaharra,
Victoriano. Ogia, txikoria eta ur asko eta kafe oso gutxi zeukan kafe bat eta
imajinazio asko, hura gosari galant bat moduan ikusteko, horrek ziren eguerdi
hartan mahai gainean zeukatenak. Jateko orduan ere, gerra denborak ziren haiek.
Jateko orduan batez ere. Gosaldu eta gero, baporeko lanak egiteko denbora
edukiko zuten Iñakik eta bere lankideek. Bapora garbitzeko ezan zieten Txema
kontramaisuak, eta horrekin hasi ziren.
Hozkailuan ez dago esnerik, baina whiskia
bai. Hori da beraz, gaurko gosaria. Bost gaileta, eta katilukada bat. Gailetak whiskitan
busti, eta barrura. Behintzat, gaurkoan ez du whiskia berotu, atzo egin zuen
bezala. Gosari galant hori hartu eta gero, eguneroko praka bakeroak jantzi, abarketa
zahar bi eta alkandora berria, bost urte bakarrik duena, Amak oparitua. Eta
kalera doa, bere patuaren bila.
Etorkizuneko gaztearen izena Mikel izango da, baina mundu
guztiarentzat Miko izango da. Ohetik ez du jaiki nahi izango, ez baitu ondo lo
egingo gau horretan eta nekatuta jaikiko da orduan ere. Etsaiaren gerra
kimikoagatik izango omen da, loa ere eskasa izatea. Batek daki ze demontre izango
den arnastuko dutena egun haietan...
Askenean, ohetik jaikiko da, nekez. Aurpegia garbituko
du, ispiluaren aurrean, eta bizarra moztu beharko duela esango dio bere
buruari, baina egun horretan ere ez du egingo. Sarjentuak ezer ez badio,
horrela jarraituko du. Gosaltzeko, betiko pilulak. Jadanik ez da barazkirik
egongo, ezta okelarik, esnerik ez horrelako ezer; hirugarren gerra mundial
honek, munduko ohitura denak aldatu eragingo du, ekologia deuseztatu ondoren. Ezin
izango da mendira ere joan, erradioaktibitatearen aurkako jantzi barik. Kalean
ere erabili omen izango da jantzi puta hura. Jatekoak, beti lurpeko lantegietan
eginiko pilulatan, inork ez du jakingo
zerekin eginak, eta bizirik irauteko beharrezkoak ziren bitaminak, mineralak
eta abar juxtu juxtu edukiko dutenak. Kirolak ere etxe barruan egin ahal izango
direnak bakarrik jarraituko dute existitzen. Eta noizean behin, bonbardaketak,
misilen bitartez eta oso urrunetik eginak. Mikoren lana, bonbardaketa horiek
sortzen duten suteak amatatzea izango da. Suhiltzailea izango da, beraz, baina
horiek ere militarrak omen izango dira garai gogor horietan.
Kuarteleko jantokira iritsiko da, eta bere hiru pilulak irentsiko
ditu. Gasteizeko suhiltzaileen kuartela Ajuria enearen ondoan egongo da, eta
bere leihoetatik egunen batean lehendakaria bizitzen zen etxearen hondakinak
ikusi ahal izango dira. Egun haietan ez da lehendakaririk egongo, ezta
estaturik, herrialderik, aberririk edo naziorik, mundu guztia izango da lurralde
bakar bat baina horrek ez du gerrekin amaituko; okerrago, gerrate denak gerrate
zibilak izango dira, gogorrenak, alegia. Egun haietakoa, hirugarren gerra mundiala,
iparraldea hegoaldearen aurka izango da, eta lau urte iraungo du.
Gosaldu eta gero, Miko telebista ikustera joango da, bere
lankideekin. Eta ez du nahi izango kalera irten, zeren horrek bonbardaketa
baten albistea ekarriko zuen berarekin. Hobe telebistako programa zahar eta kutreak
ikusi.
Iñakik, bere garbiketa lanak amaitu eta gero, kaletik
biratxo bat ematera joan zen. Mila bederatziehun eta hogeita hamazazpi urteko lehen
hilearen hamaseigarren eguna zela zekarren egutegian. Gabonak igaroak ziren,
gerra zibileko lehen gabonak, baina ez zen gabonetako treguarik egon. Santurtziko
kaleetan bizi ugari ikusten zen, gerra egon ala ez egon ezinezkoa zen bizi osoa
etxe barruan egin. Azokara sartu zen, jende artean ibiltzeko, beste barik. Han
zeuden, arrain saltzaileak, baserritarrak eta harakina, haien produktuak saldu
nahian. Ez zegoen askorik aukeratzeko, egia esan behar badugu; gerra dela eta,
arrantzaleak itsasoratzeko arrisku ugari pasa behar zuten, eta arrain gutxi
zegoen salgai, beraz. Baserritar gehienak, frontean zeuden, eta haien emakumeak
ziren ortuak lantzen zutenak, baina ez zen erraza gerra denboratan baserritik
herriraino joatea, eta harakinak... batek daki noiz hilko zuten asken txala,
harakinak han zeuden baina oilaskoa baino ez zeukaten salgai , eta hori ere
gutxi.
Arrats hartan, “Goizeko Izarra” baporeko gison gehienak,
familiaren etxera joanak ziren, baina Iñaki ez zegoen ezkonduta, neskalagunik
ere ez zeukan, eta bere guraso eta anai arrebak Lekeition zeuden, urrunegi
haraino joateko arratsalde baten. Beraz, lauretarako baporean zegoen berriro. Han
zeuden santurtziarrak edo portugaletetarrak ez ziren denak, Andoni Zinkunegi
kapitaina, bera bezala lekeitiarra zena, edo Feliciano marinela, bermeotarra
zena, adibidez. Musera egin zuten, lekeitiarrak bermeotarren aurka. Gerra bat
zegoen kanpoan, bai, baina jantoki hartan zegoena ere ez zen makala. Arratsaldeko
zazpiak ziren amaitu zutenean. Ezin jakin nork irabazi zuen, bermeotarrak eurak
izan zirena zioten eta lekeitiarrak, aldiz, kontrakoa. Baina hori ere ohitura
bat zen, dirurik jokoan ez zegoenean behintzat, eta garai hartan ez zegoen
dirurik jolasetarako.
Zortziak ziren asken tripulanteak heldu zirenean. Bapora
prestatu egin zuten, txikotak askatu eta Santurtziko moila atzean utzi zuten.
Estriborreko aldetik, “Iparreko Izarra” bapora zegoen, “Goizeko Izarra”ren
bikia. Elkarrekin itsasoratu ziren bapor biak.
Kruz Tomellosoko kaleetatik dabil, bakarrik. Jose lanean ari da, eta
arratsalderaino ez da harekin egongo, lana amaitu eta gero elkartzen baitira
egunero. Gero, gabeko hamarretan, Jose bere amaren etxera joaten da berriro,
oraindik ez dio esan mutilzalea dela eta ez daki noiz eta nola esango dion.
Artean, ezkutuka ibili behar, zerbait txarra egingo bazuten bezala. Haserre da Kruz,
harro dago bere homosexualtasunaz, ez du uste lotsatzekoa denik korrontearen
aurka maitatzea, eta badaki delinkuente bat ez dela, inori ez dio kalterik
egiten, inori ez dio axola zer egiten duen bere gorpuarekin, bere adimenarekin,
bere arimarekin.
Kruzen amak oso ondo daki bere semea homosexuala dela. Onartzen du, nahiz
eta bere hezkuntzak ez erraztu gauzak; eskola erlijiosoetan ikasi zuen amak,
eta bere gisona izandakoa, Kruzen aita, alegia, apaizgaia izandakoa zen.
Zorionez, bai Kruzentzat baita ere amarentzat, morroi zakar eta bortitz hura
hilik zegoen Kruz armairutik irten zenean. Zorionez diogu, zeren gupidagabe
jipoitzen zuen gaztetatik eta ez dugu uste bere semea atzelaria zela onartuko
zuenik. Ez, ezinezkoa da morroi hark ulertzea ez dela degeneratu bat, ezta
bizioso bat, maitatzeko modu desberdina bakarrik dela. Baina hori ulertzeko,
maitasuna zer den ulertu behar da, eta aitak ez zekien.
Tomellosoko kaleak beterik daude, larunbata da eta ikasleak ez daukate
eskolarik. Bere tabernara doa Kruz, jateko dirua ematen dion ardandegira. Ez da
bertan asko egoten, oso ondo daramate negozioa han lanean dauzkan neskato biak,
gainera oso zintzoak dira bai Daniela baita Sara ere, eta Kruzek badaki kaxan
ez dela dirurik falta izango. Lanik egin gabe bizi dela esan ahal da, beraz.
Baina noizean behin, tabernatik pasatu behar da, gauzak nola doazen jakiteko, arazoren
bat badago konponbidea aurkitzeko...
Taberna barrura doa, ia beterik dago, eta barra barrura sartzen da. Hiru
pintxo jaten du, Danielak eginikoak. Goxoak benetan. Hori izango da eguerdiko
jatekoa. Dena ondo doa, ez dago arazorik, lasai egon, Kruz, badakizu hemen dena
doala ondo beti, bai, arratsaldeko zazpietan dator Sara, gaurkoan bera dago
gabez. Betiko kontuak. Barraren kanpoko aldera doa, bertan kafe bat edatera.
Etorkizuneko mutila, Miko alegia, lasai eta pozik jango
du eguerdiko bietan bere zazpi pilulak, bere lankideekin. Nahiz eta pilulak
jateko bost minutu baino gehiago inork behar izan ez, denak edukiko dute
mahaian jesartzeko ohitura, ohitura zaharra izango da, jatekoak benetakoak
zireneko ohitura.
Normalean, jan eta gero, denak egongo dira solasean,
familiaz hitz egiten, edo nesketaz, edo musikaz... Gerra ia inoiz ez dute
aipatzen, jakingo dute hor egongo dela eta ezin izango dutela ezer egin hori
aldatzeko. Hobeto, beraz, nesketaz hitz egin. Mikoren neskalaguna, Amaia,
erizaina izango da, bera baino urte bi gazteagoa, eta gasteiztarra bera ere. Maitemindua
egongo da, benetan, militar gaztea.
Baina egun horretan, ez daukate denborarik edukiko hitz
asko egiteko, edo lorik egiteko jan eta gero; Gasteizeko uri zaharrean, misil
bi jausiko dira, eta deia entzun ondoren, denak jantzi beharko dute
erradioaktibitatearen aurkako jantzi gorria, eta horren gainetik, sutearen
aurka borrokatzeko trajea. Bero asko emango du hainbeste arropa eraman izateak,
baina beharrezkoa izango da, bizirik irten nahi izan ezkero behintzat. Jantzi
eta gero, Miko ibilgailuan izango da, gidariaren alboan jesarrita, sarjentua
baino lehenago helduko da. Lurra behean utziko dute, eta uri zaharrera joango
dira, hegan, hiriko teilatuak ibilgailuaren betik izango dira, hiru edo lau
metrotara. Ahalik eta arinen joango dira, eta lau minutu bakarrik igaroko dira
deia entzun eta sutera heltzera bitartean. Agian berandu izango da, ala ere.
Iñaki “Goizeko Izarra”ren aurreko aldean zegoen, entzun
zuten Bilboko Abran mina batzuk ikusi zutela eta horregatik, Andoni kapitainak kontu
handiz ibili behar zutela esan zien, eta gizon bi jarri zuen bouaren
aurrealdean. Iñaki zen haietariko bat, eta berarekin zegoen Mikel artilleroa
ere. Baina gau iluna zegoen, eta ez zen gehiegi ikusten, ur beltzak baino ez. Sartaldera
jo zuten, Santander aldera jo behar zuten. “Iparreko Izarra” ezin zuten ikusi,
jadanik.
Hamazazpi gizon bakarrik ziren guztira, “Goizeko Izarra”
Euskaldunek zeukaten bou armatuen
artean, txikiena zen, bere bikia zen “Iparreko Izarra”rekin batera. Sukaldaria
afari pixka bat prestatzen ari zen, txoarekin batera, eta Bienvenido ganberazaina
mahaian platerak eta abar jartzen. Txema kontramaisua eta Jon marinela, atrakaturik
egokeran ibilitako sokak batuten eta gordetzen, denak oso lasai, agian lasaiegi
gerran egoteko.
Eztandak amaitu zuen konfiantza eta lasaitasunarekin. Mikel
artilleroa hegan irten zen, momentuan bertan hilik. Iñaki gorturik zegoen,
eztandaren danbadak tinpanoak apurtu baitzion. “Amaren argazkia busti egingo
da” hori zen pentsatu ahal zuen bakarra, eta berehala ikusi zuen Andoni
Kapitaina, ezin zuen entzun haren garrasiak baina bazekien zer zioen, mina bat
izan da, batelera denok, bapora hondora doa. Eta egia zen. Alboraturik zegoen
jadanik, eta asko. Feliciano uretan zegoen, baita Txema ere, eta Victoriano
zubipean zegoen flotagailuetariko bat hartu zuen uretara jauzi haurretik, ez
baitzekien igeri egiten. Sua zegoen goroztean, bapora hondoratu egingo zen
momentu batetik bestera, baina Iñakik bere amaren argazkian bakarrik pentsatu
ahal zuen, etxalekuan zegoena, bera bila joan behar zen, eta hala egin zuen.
Bere gelan zegoen bigarren eztanda entzun eta boua irauli zenean.
Kruzek bere kafea edaten du, lasai oro, eta bere laguna den Antonioren
tabernara doa, bisitatxo bat egitera eta kopatxo bat edatera. Jan eta gero,
ondo dator halako bat, whisky edo antzeko zerbait. Barran jesartzen da, Antonio
ez dago, bere anaia da barraren beste aldean dagoena. Beraz, ez dauka momentu
horretan norekin hitz egin, eta barrako egunkaria hartzen du, zerbait
egitearren kopatxoa edaten duen artean. Ez dago ezer berririk, Palestinarren
sarraskia aurrera doa, genozidioa ez da amaitu eta ez da amaituko oraingoz;
Iraken, beste bahiketa bat, eta orain astebete bahitutako biri lepoa moztu
diete; Estatu Batuar armadak lau irakiar hil ditu, eta oraindik inork ez daki
non demontre ote dauden hondamen masibozko arma famatuak... ezer ez berririk.
Tabernara sartu diren mutil biak ezagutzen du. Aurrerantzean mehatxuak
entzun zituen haien ahotik. Oso gazteak dira gorputzez, baina haien burmuinak
inkisizioaren garaian geratu zien, inoiz burmuinik eduki dutela suposatuz. Lehena
hurreratzen da, ze moduz zaude, atzelari, gozo al dago kafe hori, bugre, etorri
kanpora, popalari, eta ikusiko duzu zer den gizon bat, marikoi. Tabernaria,
Antonioren anaia, barruan dago, sukaldean, eta ez du ikusi kolpeka eta
arrastaka, kalera daramatela mutil bien artean, eta kanpoan beste bi gehiago
daudela. Kruzek ez dauka defenditzeko aukerarik, lau dira haiek eta bera
bakarra. Berehala, lurrean dago, eta jipoi galanta da gainean daukana, ostiko
eta guzti. Baina min gehiago egiten diona, ez da jipoia, ez dira kolpeak,
umilazioa da. Eta berbak, irainak, barreak. “Hau ezkon ez zaitezen da”, diote.
Miko ibilgailutik jaitsiko da, eta aurrean edukiko duen
sutea sekula ikusitako handiena izango dela bururatuko zaio. Baina gaztaroaren
ausardia edukiko du, eta aurrera egingo du, sute barruan egongo diren zibilak
ateratzeko ahalegina behintzat egingo du. Bere alboan, sarjentua, biak oso
gazteak. Sarjentua izango da lehena etxe hartan sartzerako orduan, eta Miko
bigarrena, bere atzetik. Beste denak ez dira ausartuko pausu gehiago ematen,
etxeko jendea hiltzat emanez.
Kea da, sute denetan, txarrena. Ez du uzten arnasten, ez
du uzten ikusten... Jende gehiena, suteetan, ez da suaren ondorioz hiltzen,
kearen ondorioz baizik. Egun hartako sutean ere hala izango da, eta nahiz
erradioaktibitatearen aurkako trajeak arnasteko ere lagunduko duen, Mikok ez du
deus ere ikusiko. Ez du jakingo non dauden zibilak, sarjentua bere aurrean
egongo da, metro erdira, edo agian gutxiago oraindik, baina bera ikusteko ere
badira lanak. Lurretik ibiliko dira biak, bai bera baita sarjentua, kea gorantz
doa eta lurretik joanda hobeto ikusten da, ke gutxiago dago eta. Ura botako
dute beste suhiltzaileek kanpotik haiei lagundu nahian, baina inork ezingo die
lagundu zibilak aurkitzen. Eta oraindik gutxiago lagundu ahal izango diete
beste misil bat jausten denean etxe berdinean, Miko eta sarjentua barruan
daudela. Etxea behera jausten da, haien gainera.
Iñaki bouaren beko aldean zegoen. Haize pixka bat zegoen,
bere gelan. Bere gainean zegoena, gelako lurra zen, beraz bapora iraulia
zegoen. Oraindik ezin zuen ezer entzun, bakarrik burrunba bat bere buru
barruan, ezer ez gehiago. Ezin zuen jakin kanpokoak ez zeudela bera baino askoz
hobeto, gabez, ilargi barik, baporik ez urrean, kostaldea oso urrun... Baten
batek, lortu zuen “Goizeko Izarra” irauliaren gainera igotzea, baina ez zen konponbide
ona, ondoratzen zihoan, ondoratua zegoen jadanik. Denek igerian, igeri egiten
zekien denek behintzat, ez zekitenek itota zeuden ordurako. Beste denak,
hotzaren ondorioz hil ziren. Eta Iñaki, bouaren barruan oraindik. Bere ondoan, ur
azalean, bere amaren argazkia. Emakume zahar bat ikusten zen han, bere semerik
gazteena nola ito zen jakikeran, negar egingo zuen andre zahar bat.
Hotz zen Iñaki. Ura oso hotz zegoen, mila bederatziehun
eta hogeita hamazazpi urteko urtarrilak hamazazpi hartako lehen orduetan. Gelako
haize urriak gero eta oxigeno gutxiago zeukan, eta Iñaki zorabiatzen hasi zen. Ura
bere masailean zegoen, eta bere buruak sabaia, ordu erdi lehenago lurra izan
zena, ukitzen zuen. Oraindik bizirik zegoen, baina bazekien ez zeukala
irtenbiderik. Minutu gutxi beranduago, dena amaitu zen berarentzat.
Kruzek nahi duen bakarra bere bizia bizi da. Ez dio inori minik egiten, baina
horrek ere etsaiak zor erazten du. Jipoia ematen ari dioten gazteak, adibidez. Ukabilkadak,
baita ostikoak ere, lurrean dagoela, eta agian gazteenak jipoilari denen
artean, begi urdin eta sakonak dauzkan ilegorri ederrak, beisboleko bate bat
atera du autotik. Kruzek ez dauka denborarik beldurra sumatzeko, bere bizia da arriskuan
dagoena, eta aldarri egiten du. Alferrik da, taberna ondoan dagoen kalezulora
sartu diote denen artean, inork ez du entzuten eta jipoiak aurrera jarraitzen
du.
Ile luzea dauka erasotzaile batek, eta bera da labana ateratzen duen
lehena. Berehala, lau eskutan lau laban ikusten dira. “ez zara ezkonduko,
atzelari, ezin izango duzu” dio gazteenak. Lehen labankada, ipurdian hartu du
Kruzek, min handia egin dio baina horrek ez du hilko.
Atzetik datozen hogeiak, aldiz, bai.
Miko etxearen hondakinen artean egongo da. Ezin izango da
mugitu, eta jakingo du handik bizirik irtetea, gutxienez mirari moduan ikusi
beharko duela, horrela gertatuz gero. Sarjentua ezin izango du ikusi, baina bai
entzun haren aldarriak. Lagundu, mesedez, hankak harrapaturik dauzkat, ezin
naiz mugitu. Miko bera ere garrasika hasiko da, baina erantzunik ez da entzungo
kanpoko aldetik. Kanpoan dauden suhiltzaileak oso lanpeturik ibiliko dira, asken
bonbek sortutako suteak hiltzen.
Gainean daukan pisua gehiegizkoa izango da, arnastea ere
ez da erraza izango. Gero eta gaitzago
egingo zaio Mikori garrasi egitea, eta askenean isilik gelditzea aukeratuko du,
eta indarrak gordetzea. Sarjentua ere isilik geratuko da, eta Mikok ezkertu
egingo du isilunea, pentsatzeko, eta lasaitzeko. Bere neskalaguna izango da
buruan edukiko duena, hemendik irteten naizenean erietxean egon beharko naiz,
eta han egiten du lan berak, nire neska izango da zainduko nauena ondo jarri
arte...
Baina buruketa horrek ez dute kontuan edukiko hurrengo
bonbardaketa toki berdinean izango dela, eta Miko ezin izango dela handik
bizirik irten.
Egilearen ohar txiki bat
Hiru istorio hauen artean, lehenengo biak ez dira
asmaketa hutsak, zoritxarrez. “Goizeko Izarra” izeneko boua mina baten ondorioz
hondoratu zen, asken gerra zibilean. Bilboko portutik irten zen, mila
bederatziehun eta hogeita hamazazpigarren urteko urtarrilak hamaseian, eta
Abran bertan joan zen ondora. Ez zen inor bizirik irten, eta gorpu bakar bat
agertu zen, Aizkorriko hondartzan. Hildako marinelen benetako izenak erabili
dut ipuinean, euskaratuz, baina inork ez daki nola izan ziren haiek bizi izan
zuten asken minutuak, hori bai izan dela asmaketa hutsa.
Kruzen istorioa ere ez da guztiz asmaketa bat. Tomelloso
herrian, Ciudad Realen, suertatutako gertaera baten oinarritua da. Kruz izeneko
homosexual bat jipoituta izan zen, lau mutil izan ziren erasotzaileak, eta haiek
erabilitako oihuen artean “ezkondu ez zaitezen” zegoen. Gertaera hau, estatuko espainoleko
gobernuak homosexualen arteko ezkontza onartu eta egun gutxira izan zen.
Zorionez, benetako Kruz bizirik irten zen, sudurra eta masail-alboko hezurra
apurtu zioten baina kontatu ahal izango du.
Hirugarren istorioa bai, guztiz asmatutakoa da, eta nahi
izango nuen sinetsi inoiz inor gehiago ez dela hilko inongo gerran, baina badakit
hori ez dela horrela izango eta, zoritzarrez, Miko asko eta asko izango direla
oraindik.