Ikasketak aukeratzeko orduan, garbi
izan zenuen Kazetaritza ikasi nahi zenuela?
Bai. Orduan ez nekien zer zen kazetari izatea, baina idaztearekin zerikusia
zeukan zerbait egin nahi nuen. Horregatik, batxilergoa bukatzen ari
ginela, nire ikaskide askok ez zekiten zer egin, baina nik oso garbi
neukan. “Kazetaritza”, erantzuten nuen beti, eta ez naiz
damutu.
Zein da egungo kazetaritzaren gaitzik larriena?
Kazetariak oso eroso bihurtu garela, neurri handi batean interneten
eraginez. Albiste mordoa iristen dira internet bidez, eta baduzu aukera
elkarrizketak ere internetez egiteko. Galdu egin da garai bateko kazetari
sen hura: notizia non, hara joan, jendearekin behar den denbora egon,
elkarrizketak aurrez aurre egin,… Gaur egun elkarrizketa asko
egiten da idatziz, internetez. Niretzat hori iruzurra da, ez da benetako
elkarrizketa; elkarrizketatuak oso zintzoa izan behar du bat-bateko
erantzunak emateko eta, zintzoa izanda ere, kazetariak ez du galderak
inprobisatzeko aukerarik izaten.
Hala ere, lanbideak ez zaitu erabat dezepzionatu.
Nik ez dut kaleko kazetaritza askorik egiten, ez naiz albistearen atzetik
ibiltzen –beno, gaur egun ez dakit inor ibiltzen den–. Telebista
eta gidoigintza deskubritu nituenetik, bide hori aukeratu nuen, agian
fikzioa errealitatea baino gehiago gustatzen zaidalako, baina ez dakit
hori kazetaritza den. Kazetari lanetik, elkarrizketak ditut gogokoen,
elkarrizketak eta lasai egin daitezkeen erreportajeak.
ETBn gidoigile zara. Merezi dugun telebista al daukagu euskaldunok?
Betikoa da. Audientziak, ikusle kopuruak, erabakitzen du saio batek
aurrera egingo duen ala ez, baina ez dago jakiterik zer zegoen lehendabizi,
ikuslea ala programazioa. Nik onartzen dut telebista oso alineantea
dela, eta onartzen dut ETBk gutxi arriskatzen duela. Askotan beste telebista
batzuen saioak kopiatzen dira, baina egia da, era berean, errazagoa
dela telebista kanpotik kritikatzea barruan zaudela zerbait sortzea
baino. Sormena, ideiak onak egon badaude, baina dena ez dago norberaren
esku. Baliabideak, babesa behar da, eta alde horretatik ezin dira ETBk
edo Tele5k dituzten baliabideak konparatu.
Prentsaurrekoetan emakume kazetariak gara nagusi. Ardura karguetan,
berriz, ia ez dago emakumerik. Zergatik?
Arrazoi askorengatik. Batetik, oso denbora gutxi daramagu lan merkatuan.
Nire ama ez, baina nire lagun gehienen amak etxekoandreak dira. Boterea
gizonezkoen esku dago. Pixkanaka ari gara urratsak ematen, baina oraindik
berdintasunetik urruti gaude. Badago beste kontu bat ere: ez dakit heziketaren
ondorio izango ote den, baina emakumeoi beldurra ematen digu jendaurreko
ardurak hartzea. Ardurak berak ez, etxean-eta ohituta gaudelako denetaz
arduratzen, baina publikotasunak bai. Eta, gainera, etxeko esparrua
oraindik gure denez, ez da horren erraza lanarekin bateratzea. Gizonezkoek
zer esan handia daukate horretan; kontua ez da laguntzea, gauzak erdibana
egitea baizik.