ZINEMA- Aurre-produkzioa

Gidoa


Ikus-entzunezko obrak zerbait kontatzeko beharretik sortzen dira. Hasierako ideiak sorburu anitz izan ditzake: eguneroko bizitza, obra literario bat, gertakizun historikoa, autorearen irudimena...
Dudarik gabe, kuriositate handiena pizten duen gidoi mota fikziozko filmetako gidoia da, ondoren aztertuko duguna. Gidoi hau lantzeko beharrezkoak ditugu hurrengo faseak:



Sinopsia. Ideia orrialde baten zirriborro bihurtzen da.

Eskaleta. Filmaren tratamendu xehatua da, jadanik sekuentziatan


(Argumentuko eszena multzoa da)

 banatuta dagoena. Filmak izango duen erritmoa zehazten du.

Gidoi literarioa. Pertsonaien elkarrizketak eta ekintzak eratzen ditu. Sekuentziatan banatuta dago, eta non gertatuko diren zehazten dute; barruko eta kanpoko sekuentzia den, edo eguna ala gaua den, adibidez.


Hemendik aurrera, xehetasun-maila gidoilari bakoitzaren eskuetan egongo da: batzuek eszenaren elementu guztiak zehazten dituzte, besteek ordea zuzendariaren eskuetan uzten dute hori.
Gidoi literarioaren ohizko hedadura 100 foliokoa da (orrialde bakoitza minutu bat dela esan ohi da), hala ere, hori, filme motaren, akzio-eszenan edo elkarrizketen araberakoa da.

Filmatzea prestatzen

Behin produktoreak onartuta, gidoia zuzendariari ematen zaio, honek horren araberako gidoi teknikoa eratzen duelarik. Bertan, zuzendariak gidoi literarioa xehatzen du, sekuentzia bakoitza nola filmatu nahi duen esanez: plano mota eta tamaina, efektu bereziak, beharrezko beste zenbait elementu…
Story board baten bidez (filmaren planoz-planoko marrazkia), gidoi teknikoa irudietan irudikatzen da. Filmatzeko orduan trabak jartzen dituzten sekuentziekin erabiltzen da. Azkenaldian animatics direlakoen bidez osatzen a.
Gidoi teknikotik hasita, zuzendari-laguntzaileak filmatze-plana egiten du, hau da, egunero filmatuko denaren egutegia eta zenbat egun beharko diren zehaztu. Horrela, produkzio-gastuak planifika daitezke.

 

Zuzendariaren ustetan beharrezkoak badira, fase honetan dekoratuak eraikiko dira. Garestiak badira ere, dekoratuekin filmatzeak lana errazten du. Alternatiba (eszenatoki naturalak) merkeagoa da, baina konplexuagoa ere bai. Italiar neorrealismoa edo dogma zinearen moduko zenbait korronte zinematografikok benetako eszenatokietan filmatu ohi dute, gutxieneko taldea erabiliz.
Casting baten bidez aktoreak aukeratzen dira. Une horretan talde ezberdinen buruak ere aukeratzen dira: argazki-burua, arte eta produkzio-buruak, makillatzaile eta figuringile-buruak... Haiek guztiekin lan egiten du zuzendariak, filmatzerako orduan guztia prest egon dadin.

Hiztegia

Filmatzea

Taldea

Sail bakoitzean buru bat dago. Honek zuzendariarekin hitz egiten du eta bere sailean egiten den lanaren azken arduraduna da. Arduradun nagusiak hauek dira:

Zuzendaria. Sail guztiak koordinatzen ditu. Plano bakoitza prestatu eta filmatze-plana egiten duen laguntzailea dauka, honek aldi berean beste laguntzaile dituelarik. Bere taldean racord delakoaz arduratzen den script bat dago.

Produkzio-burua. Aurrekontuaz arduratzen da eta produktorea ordezkatzen du. Produkzio eta filmatze-planoek aurrera egin dezaten saiatzen da (atzerapenek dirua balio dute), eta baita baliabide teknikoak eta giza baliabideak zuzendariak eskatu bezala joan daitezen.

Argazki-burua: filmaren itxuraz arduratzen da, argiak zuzendariak filma ikusi bezala konta dezan ahalbidetzen du. Horregatik zuzendariari estuki lotuta lan egiten du. Berarekin batera bigarren operadorea dago (kamara maneiatzen duena), laguntzaile bat (fokua eramaten duena) eta beste hainbat laguntzaile.ek bere esanetara lan egiten dute.

Arte-burua. Eszenatokiak diseinatu eta gainbegiratzen ditu, eta filmean agertzen den guztiari giroa ematen dio. Horretarako laguntzaile-talde bat izan ohi du (giroaz arduratzen direnak eta atrezzistak).

Figuringile edo jantzien arduraduna. Laguntzaile eta jostun baten laguntzaz arropa eta aktoreek jantziko dituzten apaingarriak egiten ditu.

Makillaje eta ile-apainketa. Aktoreen antzezpena sinesgarria gertatzea bi sail hauen esku dago.

Soinu-burua. Soinuak irudiak aberastu egiten ditu edo haiek heldu ezin daitezkeen punturaino ailegatu. Mikrofono arduradunek eta perkusio arduradunek lagunduta, soinu-buruak aktoreen elkarrizketak grabatzen ditu.

Hiztegia

Plano motak

Zuzendariak gidoiaren istorioa irudietan islatzen du, kamara non jarriko duen erabaki behar du, baita plano bakoitzak zein balio (tamaina) izango duen ere. Hauek dira nagusienak:

Plano orokorra(PO). Pertsonaiaren gorputz osoa ikusten dugu. Enkoadratzearen arabera plano orokor motza, luzea edo plano orokor handia izango dugu. Pertsonaia baten hutsalkeria edo bere bakardadea adierazteko erabil daiteke.

Plano amerikarra (PA). Pertsonaia belaunetaraino agertzen da. Pertsonaiak garatzen duen akzioan oinarritzen da.

Plano ertaina (PE). Gerrirainoko planoa. Pertsonaia inguruko elementuekin harremanetan jartzea ahalbidetzen du. Telebistan eta elkarrizketa eszenatan sarritan erabiltzen da.

Lehen planoa (LP). Pertsonaiaren burua enkoadratzen du. Emozioak, begiradak edo erreakzioak erakusten ditu. Mugimendu gutxi dauka eta akzioa mantsotu dezake. Lehen planoak (LP) aurpegiaren elementu batean ipintzen du arreta; xehetasun planoak, berriz, objektu edo akzio batean.

Kameraren angelatasunaren araberako lau plano mota daude:

Normala. Kamara aktoreen altueran jartzen da.

Amildua. Haien gainetik jartzen da.

Kontra amildua. Kamarak, aktoreen behetik jarrita, gorantz filmatzen ditu. Botere edo mehatxuzko itxura ematen die.

Aberraziozkoa. Kamara mugitu edo alderatu egiten da, ezegonkortasuna eta ametsezko sentsazioa emanik....

Kamara bere ardatz horizontalarekiko mugi daiteke (panoramikoak) edo dolly edo garabi baten gainean bide batzuetatik mugitu (travelling). Azken urteetan steady cam delakoaren erabilera nagusitu da; honek eduki subjektiboa ematen die planoei.

Muntaia

Filmatu ondoren muntaiaren bidez lotu behar dira eszenak, jatorrizko istorioa konta dezaten. Fase oso garrantzitsua da, eta nolabait gidoia berridaztea da: plano batek zentzu ezberdina izango du, aurretik eta atzetik duenaren araberakoa.
Zine klasikoaren irizpidean muntaia "ikusezina" izan behar zuen, istorioei berez hitz egiten utzi. Gaur egun, berriz, ohizkoak dira planoen arteko jauzi eta aldaketak.

 

Zenbait filmetan muntaia protagonista bakarra da. Orson Welles aktore eta zuzendariaren Citizen Kane (1942) filmea flash back handia da; bertan kazetari batek hainbat pertsonaiaren oroitzapenak jasotzen ditu. Berriagoa dugu Quentin Tarantino zuzendariaren Pulp Fiction (1994) zeinean, akzioa aurrera egin bitartean, istorio ezberdinak batu eta aldatzen diren.
Planoak teknika ezberdinen bidez batu daitezke:

Mozketa. B planoak A planoari jarraitzen dio.

Kateatuta. A gradualki desagertzen da eta B agertzen da pixkanaka.

Elkartuta. A desagertuz doa pantaila beltza utziz. B beltzetik ateratzen da.

Gortinatxoaren bidez. B ekartzen duen nolabaiteko efektu baten bidez desagertzen da A.

Antzina mobiola izeneko makina baten bidez egiten zen muntaia. Gaur egun, AVID edo Final Cut modukoen digital edizio moduak erabiltzen dira.

Efektu digitalak

Informatikari esker aurrerapen handiak egin dira eremu honetan, bereziki hiru ataletan:

Pertsonaiekin batera elkarrekin aritzen diren atzealde eta mundu birtualak sortzea. Horretarako, aktoreek pano-ak erabiliaz (urdinaz edo berdez margotutako panelak) filmatzen dute, Chroma Key izeneko teknikaren bidez efektuak erantsiaz. George Lucasek efektu hauen erabilera bultzatu zuen, lehenik Stars Wars filmean eta ondoren, zuzentzen duen ILM (Industrial Light and Magic) enpresaren bidez.

Errealitatea ikusleek konturatu gabe manipulatzea: koloreak manipulatu, filmatze-akatsak ezabatu, eszenatokian ez zeuden elementuak erantsi…

Pertsonaia birtualak sortzea. Gero eta ohizkoagoa da. Adibidez, Gollum pertsonaia The Two Towers filman, edo Final Fantasy filmako "aktoreak".

Soinua

Soinua grabatu eta gero, elkarrizketa-editoreak garbitzen ditu eta efektu-arduradunak filmean entzuten diren zaratak grabatzen ditu. Batzutan elkarrizketak partzialki edo erabat bikoizten dira, arrazoi teknikoak direla eta, edo zuzendariak aukeratu duelako. Ezin gara musikariaz ahaztu; honek, zuzendariaren asmoa kontuan hartuz, irudi muntaia batetik soinu-banda egiten du.
Material guztia prest dagoenean, nahasketa gelan soinu bakoitza dagokion lekuan eta planoan (bolumena) sartzen da.

Iturria. Hiru.com

Hosted by www.Geocities.ws

1